Eibarko Udala % 90etik gora ari da betetzen gardentasun-legeek ezarritako betebeharrak

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2020/07/28

2019an, egungo gardentasun-legeek publizitate aktiboari buruz ezarritako 59 betebeharretatik 51 bete zituen berriro Udalak, eta Euskadiko laugarren udal gardenena izatea lortu zuen, bai eta estatuko hamabigarrena izatea ere, Dyntra plataformaren arabera. Bestalde, informazio publikorako hiru eskaera jaso ziren guztira: horietako bat sarbide osoarekin izapidetu zen, eta beste biak sarbide partzialarekin eta beste udal-arlo eta erakunde batera bideratu ziren.

Eibarko Udalak beste behin ere bete zituen, 2019an, gardentasunaren arloan indarrean dagoen lege-esparruak publizitate aktiboari buruz ezartzen dizkion betebehar gehienak. Gardentasunaren eta informazio publikorako sarbidearen betetze-mailari buruz egindako azken txostenean ondorioztatzen denez, Udalak gardentasun araudiak ezarritako 59 betebeharretatik 51 bete zituen aurreko urtean, hau da, % 90,97. 2018an, datu berberak lortu ziren.

Betebehar horiek betetzeko kontuan hartu beharreko araudia honako hau da: 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa, eta 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa (VI. Atala. Gobernu Irekia. Gardentasuna, Datu Irekiak eta Herritarren Partaidetza).

Udal web orriak –www.eibar.eus– eta, zehazki, Udal Gardentasunaren Atariak, www.eibar.eus/eu/gobiernua-zabalik atalean jasota dagoena, informazio zehatza eta erabilgarria eskaintzen dute egungo legeetan jasotzen diren 51 gaiei buruz, eta aldizkako eguneraketak egiten dira. Hala ere, adierazi behar da atal horietako batzuek hobetzeko marjina dutela informazioa argia eta erraza izateari dagokionez, edo elementu grafikoak eta/edo bisualak erabiltzeari dagokionez.

Publizitate aktiboaren betebeharrak

Publizitate aktiboko betebeharrei dagokienez, gardentasunaren edukiak argitaratzearen batez besteko betetze-maila honako hau da: informazio instituzionala, antolaketakoa eta planifikaziokoa, legeek ezartzen dituzten 15 betebehar (% 100); garrantzi juridiko-araudiaren gaineko informazioa, 8 betebeharretatik, 6 (% 75); informazio ekonomiko-finantzarioa, aurrekontukoa, estatistikoa eta kudeaketa publikokoa, 16 betebeharretatik, 11 (% 68,75); tokiko politika publikoei eta zerbitzu-zorroari buruzko informazioa, 4tik, 3 (% 75); toki-erakundeen zerbitzura dauden langileei buruzko informazioa, araudiak ezartzen dituen 5 betebeharrak ( % 100); interes orokorreko informazioa, legeek ezarritako 2 betebeharrak (% 100); datu irekiei buruzko informazioa, 1 (% 100); informazioaren berrerabilpenari buruzko datuak, 4tik, 4 (% 100); Gardentasunerako Atariari eta kanal anitzeko sistemari buruzko informazioa, legeek ezarritako 4 betebehar (% 100).

Izapidetutako informazio publikoko hiru eskaera

Publizitate pasiboari dagokionez, 2019an, Eibarko Udalak informazio publikoa eskuratzeko hiru eskaera jaso zituen; horietako bi, bide elektronikoz, eta bakarra posta arruntez. Eskaera bat sarbide osoarekin izapidetu zen, nahiz eta epez kanpo erantzun, eta beste biak sarbide partziala izan zuten, eta zegokien udal-arlo eta erakundera bideratu ziren; kasu batean arauzko epea bete zen, eta bestean ez.

Interesatuetako batek informazioa eskatu zuen Eibarko Kirol Elkarteari Ipuruako estadioa emateko erabakiari buruz. Bigarrenak udal-txakurtegiaren erregistro-liburua eta higiene- eta osasun-kontrolak eskatzen zituen, bai eta Administrazioak txakur potentzialki arriskutsuei, animaliak edukitzeko eta babesteko udal-ordenantza ez betetzeagatik egindako arau-hausteei eta ezarritako zehapenei dagokienez jarduteko modua ere. Azkenik, beste herritar batek Errebaleko obren inguruko Gantten diagrama eguneratu bat eskatu zuen.

Eibar, laugarren udal gardenena Euskadin eta hamaikagarrena Estatu mailan, Dyntraren arabera

Bestalde, Dyntra plataformak 2018ko urrian argitaratutako txosten baten arabera, Eibar Euskadiko laugarren udal gardenena izan zen orduan, % 81,76ko puntuazioarekin. Gaur egun, 2020ko uztailean, Eibarko Udalak 4. postuan jarraitzen du Euskadiko udal gardenenen artean, % 85,8ko puntuazioarekin, eta Dyntrak argitaratutako 162 adierazletik 139 betetzen ditu. Estatu mailan, Eibar 11. postuan dago ebaluatutako 490 udalerrien artean.

Dyntra elkarlaneko plataforma bat da, eta bere helburua da gobernu, administrazio publiko, alderdi politiko, hautetsien eta eragile sozialen informazio publikoa modu dinamiko, eraginkor, garden eta irekian neurtzea.

Gardentasun Atariari buruzko datu estatistikoak

Eibarko Udalaren Gardentasun Atariak, www.eibar.eus/eu/gobernua-zabalik atalaren bidez, 5.300 bisita baino gehiago erregistratu zituen gaztelaniaz 2019an, eta 1.600 baino gehiago euskaraz.

Gaztelaniazko bertsioan gehien ikusi ziren atalak honako hauek izan ziren: Goi-karguak eta arduradunak; Antolamendua, plangintza eta ondarea; eta Udal-gardentasuneko lantaldea. Euskararen atalean, berriz, gehien bisitatu ziren atalak honako hauek izan ziren: Antolamendua, plangintza eta ondarea; Gardentasun-adierazleak; eta Goi-karguak eta arduradunak.