Eibarko Udalak % 90 baino gehiago betetzen ditu gardentasun legeek ezarritako betebeharrak

Eibarko Udalak % 90 baino gehiago betetzen ditu gardentasun legeek ezarritako betebeharrak

Gardentasunerako Ataria.

2019/06/21

2018an, Udalak publizitate aktiboko 59 betebeharretatik 51 betetzen zituen, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeko bideari eta Gobernu Onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak ezarriak. Informazio publikoaren eskaerei dagokienez, guztira 6 izapidetu ziren; horietako 5, sarbide osokoak, eta bakarra, arauzko epeaz kanpo erantzun zen.

Eibarko Udalak indarrean dagoen gardentasunari buruzko lege-esparruak ezarritako publizitate aktiboko betebeharrak betetzen ditu, neurri handi batean. Gardentasunaren eta informazio publikorako sarbidearen betetze-mailari buruz egindako azken txostenean adierazten denez, Udalak gaur egungo gardentasun-legeek ezarritako 59 betebeharretatik 51 betetzen zituen 2018an, hau da, % 90,97.

Gainerako toki-entitateetan bezala, honako hau da gure udalak kontuan hartu beharreko araudia: 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeko bideari eta Gobernu Onari buruzkoa eta 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa (VI. Atala. Gobernu Irekia. Gardentasuna, Datu Irekiak eta Herritarren Partaidetza).

Udal web orriak –www.eibar.eus– eta, zehazki, Udal Gardentasunaren Atariak, www.eibar.eus/eu/gobernua-zabalik web orrian jasota dagoena, egungo gardentasuneko legeetan jasotako atalei buruzko datuak eta informazioa eskaintzen dute, eta aldizkako eguneraketak egiten dira. Hala ere, atal horietako askok hobekuntza-marjina bat dute informazioaren argitasunari eta sinpletasunari dagokionez, baita elementu grafikoak edota ikusizko elementuak erakusteko moduari dagokionean ere.

Publizitate aktiboaren betebeharrak

Publizitate aktiboko betebeharrei dagokienez, gardentasunaren edukiak argitaratzearen batez besteko betetze-maila honako hau da: informazio instituzionala, antolaketakoa eta planifikaziokoa, legeek ezartzen dituzten 15 betebehar (% 100); garrantzi juridiko-araudiaren gaineko informazioa, 8 betebeharretatik, 6 (% 75); informazio ekonomiko-finantzarioa, aurrekontukoa, estatistikoa eta kudeaketa publikokoa, 16 betebeharretatik, 11 (% 68,75); tokiko politika publikoei eta zerbitzu-zorroari buruzko informazioa, 4tik, 3 (% 75); toki-erakundeen zerbitzura dauden langileei buruzko informazioa, araudiak ezartzen dituen 5 betebeharrak ( % 100); interes orokorreko informazioa, legeek ezarritako 2 betebeharrak (% 100); datu irekiei buruzko informazioa, 1 (% 100); informazioaren berrerabilpenari buruzko datuak, 4tik, 4 (% 100); Gardentasunerako Atariari eta kanal anitzeko sistemari buruzko informazioa, legeek ezarritako 4 betebehar (% 100).

Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak

Gainera, 2018an, Eibarko Udalak informazio publikoa eskuratzeko 6 eskaera jaso zituen; horietako bost sarbide osokoak izan ziren, eta bakarra arauzko epetik kanpo erantzun zen. Azken hori, hain zuzen, lan-txandetan udal agenteen erabilgarritasunari eta gertakari baten aurreko erreakzio-denborari buruzko eskaera bat zen. Jasotako 6 eskaeretatik, hiru Gipuzkoa Irekia plataformaren bidez (eibar.gipuzkoairekia.eus) izan ziren; bata, www.eibar.eus udal webgunearen bidez, eta beste bi, posta bidez.   

Euskadiko laugarren udalerri gardenena, Dyntraren arabera

Bestalde, Dyntra plataformak 2018ko urrian argitaratutako txosten baten arabera, Eibar Euskadiko laugarren udalerri gardenena bezala kokatu zen, % 81,76ko puntuazioarekin. Gaur egun, 2019ko ekainean, Eibarko Udalak 4. postuan jarraitzen du Euskadiko udalen artean, % 84,57rekin, eta Dyntrako 162 adierazletik 137 betetzen ditu. Estatu mailan, Eibar 16. postuan dago, 468 herrien artean.

Dyntraren helburua da Gobernu, administrazio publiko, talde politiko, hautetsien eta gainontzeko eragile sozialen informazio publikoa era dinamiko, eraginkor, garden eta irekian neurtu ahal izatea.

Gardentasun Atariari buruzko datu estatistikoak

Eibarko Udalaren Gardentasun Atariak, www.eibar.eus/eu/gobernua-zabalik web orriaren bidez, 8.200 bisita baino gehiago izan zituen erderaz, 2018an, eta 6.000 baino gehiago, euskaraz.

Gazteleraz gehien ikusitako atalak ondorengoak izan ziren: Antolaketa, Plangintza eta Ondarea; Goi kargudunak eta arduradunak; eta informazio ekonomiko-finantzarioa. Euskaraz, berriz, gehien ikusitako atalak izan ziren Goi kargudunak eta arduradunak, Antolaketa, Plangintza eta Ondarea, eta informazio ekonomiko-finantzarioa.