Bilerak egingo dira berriz ere Eibarko auzoetan, bizilagunek beren proposamenak egin ditzaten

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2021/11/09

Beste behin aurrez aurre egingo dira bilerak herritarren eta udal arduradunen artean, iaz pandemiaren murrizketen ondorioz ezin izan baitzen halakorik egin. Azaroan zazpi bilera egingo dira herriko auzo desberdinetan.

Hil honetan hasiko dira herritarren proposamen edo erreklamazioak ezagutzeko Eibarko Udaleko arduradunen eta herriko auzoetako bizilagunen artean egingo diren bilerak. Guztira zazpi bilera egingo dira hilaren 9tik 23ra bitartean; topaketek balio izango dute auzoetako bizilagunek beren proposamenak azal diezazkioten Udalari.

Aurten modu presentzialean egingo dira berriz ere batzarrak, iaz ezin izan baitziren egin pandemiaren ondorioz leku itxietako murrizketak ezarri zirelako.  Hala ere, Udalak komunikatzeko hainbat bitarteko jarri zituen alternatiba gisa, auzotarrek beren ekarpenak egiteko udal arduradunei.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “oso garrantzitsua da herritarrek aukera izatea topaketa hauetan beren kezkak modu zuzenean helarazteko. Nahiz eta urtean zehar gurekin harremanetan jartzeko modua izan, bilera hauek egokiera ematen dute bertara joan nahi duten bizilagunen ahotsa entzuteko, eta, hala, gure jarduketen agendan egin daitezkeen lanak sartzeko, betiere teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira". Eta hauxe gaineratu du: “osasun-egoera hobetzen ari den honetan, garbi geneukan bilerak atzera ere aurrez aurre egin beharra zegoela".

Lehenengo bilera gaur hasiko da, azaroak 9, Beheko Tokia Jubilatuen Etxean, Eibarko ekialdeko herritarrekin. Ostegunean, hilak 10, egingo da Legarreko auzoari dagokion bilera udaletxeko Batzar Aretoan.  Hirugarrena, hurrengo egunean izango da, azaroak 11, Ipuruako Jubilatuen Etxean.

Coliseo antzokian izango da erdigune-beheko auzotarren bilera, hilaren 16an.  Hilaren 17an Amañako auzokoen txanda izango da, parrokiako lokaletan.  Erdiguneko batzarra Untzagako Jubilatuen Etxean egingo da hilaren 18an.  Eta azken bilera Urkiko bizilagunentzakoa izango da, hilaren 23an, auzoko parrokiako lokaletan.  

Bilera guztiak adierazitako tokietan izango dira, 19:00etatik aurrera, eta dinamika aurreko urteetakoaren berdina izango da.  Udal ordezkaritza bat joango da auzo bakoitzera, jende guztiarentzat irekiak diren bileretan parte hartzeko.

Udal ordezkariak hauek izango dira: alkatea bera, leku bakoitzeko auzozaina, udaltzainburua eta Zerbitzu, Obra eta Hirigintza arloetako zinegotziak eta teknikariak, horiek baitira herritarrek planteatutako arazoetan gehien aipatzen diren sailak.  Mahaian Ertzaintzako agente bat ere egongo da.

Parte-hartze prozesu honetan jasotzen diren proposamenak aztertu egingo dira, eta, ahal den neurrian, udal sailen lanetan txertatu.