Auzo-bilerak izango dira, aurten ere, bizilagunek beren proposamen edo eskaerak egin ditzaten

Auzo-bilerak izango dira, aurten ere, bizilagunek beren proposamen edo eskaerak egin ditzaten

2018an Beheko Tokian egindako auzo-bilera.

2019/11/11

Batzarrak ekialdeko gunean hasiko dira, hilaren 12an; azaro osoan zehar, zazpi bilera egingo dira auzoetan.

Herritarren proposamen edo erreklamazioak ezagutzeko Eibarko Udaleko arduradunen eta herriko auzoetako bizilagunen artean egingo diren bilerak azaroan hasiko dira. Guztira zazpi batzar egingo dira hilaren 12 eta 28 bitartean, eta, beste behin ere, balioko dute auzotarrek Udalari beren proposamenak egiteko.

Bileren zikloa behealdeko bizilagunekin hasiko da datorren azaroaren 12an, asteartea, 19:00etan Beheko Tokiko Jubilatuen Egoitzan; batzar guztiak ordu horretan izango dira guztiak, erdigunekoa izan ezik, 19:30ean izango baita.  Hurrengo egunean, asteazkenean, azaroak 13, Legarreren txanda izango da eta batzarra San Andres Egoitzan egingo da.  Hilaren 19an, osteguna, Ipurua aldean egingo da auzotarren topaketa bertako Jubilatuen Egoitzan.

Laugarren bilera Coliseo antzokian izango da, azaroaren 20an, eta erdi-behealdeko biztanleentzat izango da. Azaroaren 21ean, osteguna, Amañako parrokian izango da bilera auzo horretako biztanleentzat. Azaroaren 27an erdialdeko herritarrentzako batzarra egingo da (19:30ean) Untzagako jubilatuen etxean, eta azkenik, azaroaren 28an, osteguna, zikloa amaituko da Urki parrokiako lokaletan auzo horretako bizilagunentzat egingo den bilerarekin.

Bileren dinamika azken urteotan erabili dena izango da. Udal ordezkaritza bat joango da, jende guztiarentzat irekiak diren bilera horietan parte hartzeko. Udal ordezkariak hauek izango dira: Alkatea bera, leku bakoitzeko auzozaina, udaltzainburua eta Zerbitzu, Obra eta Hirigintza arloetako zinegotziak eta teknikariak, horiek baitira herritarrek planteatutako arazoetan gehien aipatzen diren sailak.  Mahaian, azken urteotan bezala, Ertzaintzako gertuko agente bat ere egongo da.

Parte-hartze prozesu honetan jasotzen diren proposamenak aztertu eta jorratu egingo dira, eta ahal den neurrian, udal sailen lanetan txertatuko dira. Herritarren parte hartzea sustatzeko udal planaren testuinguruan, Udalak, halaber, "aurrekontu parte-hartzaileak" izenekoak jarri zituen martxan; horien bitartez bizilagunek proiektu eta inbertsio dezente aukeratu dituzte, Eibarren datorren urtean egingo direnak.

etiketak: Eibar, auzo-bilerak