400 pertsona inguruk hartu dute parte zazpi auzo-bileretan eta 300 proposamen egin dizkiote Udalari

400 pertsona inguruk hartu dute parte zazpi auzo-bileretan eta 300 proposamen egin dizkiote Udalari

Beheto-Tokian egindako bilera, aurten.

2018/12/14

Hondakinen bilketa, trafiko-arazoak eta aparkalekuak, edo kaleko zaratak dira gehien salatutako kontuetako batzuk. Alkatearen hitzetan, “era honetako bilerak beti dira probetxugarri eta berretsi egiten dituzte lehendik hasitako jarduketa-ildoak, hala nola Eibarko kaleen garbitasuna hobetzeko lanak."

Udalak Eibarko auzoetan egindako zazpi bileretan aurten laurehun bizilagunek hartu dute parte, eta hirurehun bat proposamen, iradokizun edo kexa planteatu dituzte auzoetako hainbat gai hobetzeko. Udal arduradunek modu positiboan baloratu dituzte herritarrekiko urteroko bilerak, eta hemendik aurrera aurkeztutako proposamenak ebazten joan beharko dira, horretarako neurriak hartuta.

Hauexek izan dira aurten, aurreko urteetan bezala, herritarrentzat kezkagarrien izan diren gaietako batzuk: hondakinen bilketa eta kaleetako garbitasuna, sasiak garbitu eta arbolak kimatzea, txakur-kakak, trafikoa eta aparkalekuak hobetzeko proposamenak, irisgarritasuna, zarata (bereziki erdigunean), kale-altzarien konponketa eta mantenimendua, eta lorezaintza.

Eibarko behealdean (Karmen, Txonta, Iparragirre, Barrena eta Azitain), modu espezifikoan planteatu ziren gaietako batzuk hauexek izan ziren: Saratsuegirako irisgarritasuna, Iparragirreko igogailuaren funtzionamendua edo haur-parkeen hobekuntza. Legarreko kasuan, hondakinen bilketaren funtzionamenduari edo kaleetako garbitasunari buruzko kexak errepikatzeaz gain, bereziki esanguratsua da trafikoaren eta aparkalekuen gaiaz duten kezka; auzorako irisbideak hobetzea eskatzen dute eskailera mekanikoen bidez edo “boteiloiaren” kontrako neurriak hartzea.

Ipurua aldean, kaleetako garbitasuna, hondakinen bilketa edo irisgarritasunaz gain, auzotarrek beren kexa adierazi dute futbol-zelaiaren eraberritze-obren ondorioz sortutako trafiko zein zikinkeria arazoengatik, bai eta autopistaren trafikotik eratorritako zaratengatik ere; estalitako tokiak eskatzen dituzte umeentzat eta Argatxako lorategiak eta kaleetako argiteria hobetzea.

Erdi-ekialdeko guneko biztanleek informazioa eskatu dute Errebalgo obren egoeraren gainean; eskatzen dute Gabonetako argi gehiago jartzea Arraguetan eta kexu dira Jardiñetan aparkatzeko arazoengatik, bai eta Sakun inguruan dagoen zikinkeriagatik ere; eskatzen dute kale batzuetan argi gehiago jartzea.

Amañako bizilagunek igogailu publiko gehiago jartzea eskatzen dute irisgarritasuna hobetzeko; aldaketa batzuk proposatzen dituzte trafikoan eta kexu dira edukiontziek sortzen dituzten arazoengatik edo saihesbideko trafikoak eragindako zaratengatik. Gainera, beste kontu batzuen artean, eskatzen dute kaleetako garbitasuna hobetzea, barandak aldatzea eta haur-parke gehiago jartzea.

Urkin espaloi batzuk konpontzea eta ezpondak garbitzea eskatzen dute. Eta, erdigunean, kexu gehienak trenak eta ostalaritza-establezimenduek sortutako zaratarengatik dira.

Bilera hauetan egindako proposamen, kexa edo iradokizunak gobernu-taldeak eta udal teknikariek aztertuko dituzte eta, bideragarri eta beharrezko ikusiz gero, hurrengo hilabeteetarako plangintza sartu eta esku-hartzen hasiko dira laster.

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, “Bilera hauek beti dira probetxugarriak eta berretsi egiten dituzten lehendik hasitako lan-ildoak, hala nola Eibarko kaleetako garbitasunaren hobekuntza. Gainera, bilera hauetan planteatutako kontu batzuetan lanean ari dira jada, eta, dauden giza eta ekonomia baliabideek ahalbidetzen duten neurrian, erantzuna emango zaie.”