400 bat pertsonak parte hartu dute auzo-bileretan eta hirurehun proposamen inguru egin dituzte

2017/11/27

Kaleen garbitasuna, auzoetarako irisgarritasuna, trafiko arazoak eta aparkatzeko lekua, bide-segurtasuna edo zaratak dira auzotarrek planteatutako kontuetako batzuk.

Aurten, beste behin ere, bilerak egin dira Udal arduradunen eta Eibarko auzo eta gune bakoitzeko bizilagunen artean; azaroaren 7tik 22ra bitartean egindako batzarretan hirurehun bat proposamen, iradokizun edo kexa aurkeztu dira eta laurehun bat lagunek hartu dute parte. Udal arduradunek balorazio positiboa egin dute, bai bizilagunen parte hartzeari buruz, bai egindako proposamenei buruz, aurten iaz baino gehiago izan baitira. Hain zuzen ere, proposamen horiek izango dira Udalarentzat neurriak hartzeko orientabide eta erreferentzia. 

Azken urteotan gertatu den bezala, bileretan sortzen diren gai batzuk eta bizilagunak gehien kezkatzen dituenak errepikatu egiten dira herriko auzo guztietan. Horixe da, adibidez, kaleen garbitasunaren gaia; kontu horretan sartzen dira kaleen garbiketa, hondakinen bilketa, arbolak inaustea eta sasiak garbitzea, eta, bereziki, txakur-kakak eta zabor-poltsak bide publikoan jaso gabe lagatzea. Kontu horietako asko, oso lotuta daude herritar askoren gizalege edo heziketa faltarekin. Halaber, auzo gehienetan trafikoarekin eta aparkalekuekin lotutako kontuak aipatu dira, bai eta bide-segurtasuna hobetzeko neurriak hartu beharraren egokitasuna ere.

Auzoak banan-banan hartuta, behealdeko zonaldeko bileran, non Karmen, Txonta, Iparragirre eta Barrena sartzen diren, besteak beste, honako gai hauek planteatu ziren: mantentze-lanak hobetzea, bide-segurtasuna areagotzea edo irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartu beharra. Legarren, kaleen garbiketa eta mantentze-lanak, irisgarritasuna hobetzea edo kalean argiteria areagotzea aipatu ziren.

Erdigunean, bizilagun gehienek, azken urteetan bezala, zarata maila jaistea eskatzen dute, bai tabernek eragindakoa, bai, bereziki, lehen orduetan garbiketa-makinek eragindakoa. Eta trena igarotzeak eragiten duen zarata ere aipatzen dute.

Erdi-behealdeko guneari dagokionez, non Jardiñeta, Matxaria, Estaziño eta Arragueta kaleak dauden, beste proposamen batzuen artean, gehienak gai hauen ingurukoak izan ziren: Jardiñeta auzoaren irisgarritasuna hobetzeko proiektua (auzotarrek auzorako igogailu publikoaren proiektuari buruz galdetu zuten), aparkatzeko arazoa, Errebaleko obrak, edo hondakinen gaikako bilketarekin lotutako alderdi batzuk hobetzeko beharra.

Amañan, kezka nagusiak trafiko-arazoak eta oinezkoentzako irisgarritasuna edo gune batzuetako garbitasuna izan dira; auzotarrek ere galdetu zuten ea zer gertatu zen sareko ura zikina ateratzeko une puntual batean. Halaber, beren kezka adierazi zuten auzoaren erdialdeko lokal batean material piroteknikoa biltzeko eta saltzeko establezimendu bat iraki nahi zutela eta. Ipuruako bileran, hauexek jorratu ziren: garbitasuna, sasiak inaustea, edo leku batzuk txukuntzea, bide-segurtasuna hobetu beharra oinezkoentzako pasabideetan, edo grafitien garbiketa edo txakur-kakak.

Azkenik, Urkiko zonaldean, gai hauek planteatu ziren: kale batzuk garbitu beharra, Eibarko Txikitotik Txantxa Zelairako eskaileretako zikinkeria, trafiko-arazoak, kotxe-ilarak, bigarren lerroak eta ibilgailuak pasatzeko leku estuak. Espaloiak eta irispide mekanikoak hobetzea ere proposatu zuten, eta Bidebarrieta aldetik auzorako irisgarritasunaren hobekuntzari buruz ere galdetu zuten.

Bilera horietan egindako proposamen, kexa edo iradokizunak aztertu egingo dituzte orain udal gobernuak eta udal teknikoek, eta bideragarriak eta beharrezkoak direla ikusiz gero, datozen urteetarako planifikazioan sartuko dira. Bestalde, bileretan, Miguel de los Toyos alkateak gogorarazi zuen, laster, aurrekontu parte-hartzaileen prozesu bat jarriko dela martxan auzoka, zeinaren bidez herritarrek aukera izango duten parte hartzeko haien auzoko jarduketetarako udal aurrekontuen zati baten xedeari buruz.

Prozesu horrekin, eibartarrek zuzenean erabakiko dute nola inbertitu 2018ko udal aurrekontuen 800.000 euro; diru kopuru hori modu ekitatiboan banatuko da, auzo bakoitzaren biztanleak kontuan hartuta, udalerriko zortzi biztanleria-guneen artean.