Eibarko Udala

Eibarko Udalak bat egin du aurten ere Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

2024/03/08
Martxoaren 8ko jardueren kartela.
Aurreko urteetan bezala, Udalbatzak adierazpen instituzional bat onartu du, eta bertan, besteak beste, genealogia feminista ikusarazteko eta emakumeekin historian izandako ahanzturak konpontzeko eskura dauden estrategia eta mekanismo guztiak sustatzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, Eibarko martxoaren 8ko lantaldearen programaren gai nagusia izango da aurten Zaintzak, ikuspegi feministatik.

Eibarko Udalak bat egin du, aurten ere, ostiral honetan, martxoak 8, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin eta egun hori ospatzeko egingo diren mobilizazio eta jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak. Horretarako, joan den otsailaren 26ko Udalbatzak aho batez onartu zuen adierazpen instituzional bat, eta konpromisoa hartzen du, besteak beste, "genealogia feminista ikusarazteko eta emakumeekin historian izandako ahanzturak konpontzeko eskura dauden estrategia eta mekanismo guztiak bultzatzeko".

Zentzu horretan, onartutako testuan jasotzen denez, "Udalok, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak garenez, aukera eta ardura dugu, toki-eremuan, emakumeen belaunaldien historia berreskuratzeko eta emakumeek eta borroka feministek udalerrien bizitzari eman dioten balioa aitortzeko, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita".

Beraz, Eibarko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, genealogia sortzeko, hurbileko erreferenteetatik hasi eta tokiko bizitzan eragina izan duten talde feministetaraino.
  • Une historiko bakoitzean, tradizio eta ingurune kultural guztietan, sistemarekiko erresistentzia eta erantzuna artikulatu duten mugimendu feministak aintzatesten laguntzea.
  • Ezagutzak eta esperientziak trukatzeko belaunaldien arteko topaketa- eta elkarrizketa-guneak babestea, ahalduntze feministarako eta adin eta baldintza desberdinetako emakumeen aliantzarako guneak izan daitezen.
  • Emakumeen ikusgarritasun soziala sustatzea ikuspegi intersekzionalaz, bereziki, adineko emakumeena, bere aniztasun osoan, eta  emakumeen zahartzaroari buruz , gizartean, nagusi den irudia eraldatuz, adinean eta estereotipoetan oinarrituta.
  • Adineko emakumeek esparru publikoan dituzten esperientzietan eta harreman- eta partaidetza-moduetan arreta berezia jarriko duten proiektuak bultzatzea, haien aniztasun osoan.
  • Errenta baxuenak dituzten adineko emakumeei, bereziki alargunei, ahalduntze ekonomikoa bermatuko dieten diru-sarreren eta pentsioen eskaera babestea, eskumena duten erakundeen aurrean, eta konpentsazio-neurriak aztertu  eta artikulatzea.
  • Adineko emakumeentzat, bereziki alargunentzat, dauden laguntza eta prestazio ekonomikoak ezagutaraztea.
  • Udal-eskumeneko laguntza- eta zaintza-zerbitzu publikoak indartzea beren herrietan, adineko emakumeei autonomia eta aktibismoa mantentzea ahalbidetzeko.
  • Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren eragina eta hura gauzatzeko moduak ikertzea eta horietan sakontzea, emakume horien errealitatera eta beharretara egokitutako erantzunak artikulatzeko.
  • BERDINSAREA sarearen bidez, EUDELen eta Emakunderen laguntzarekin, udalerriak emakumeen tokiko memoria berreskuratzeko abian jartzen ari diren ekimenak ezagutaraztea eta ikusaraztea.

2024ko martxoaren 8a: Zaintzak, denon bizitzak erdigunean

Bestalde, eta urtero legez, martxoaren 8ko lantaldeak, gai bat adostu du egitarauaren ardatz bezala, eta, aurtengoa, Zaintzak, ikuspegi feministatik izango da.

Zaintza-lanak honela defini daitezke: bizitza eta osasuna mantentzeko egiten diren jarduerak, historikoki ikusezin bihurtuak, etxeko eremuetara baztertuak eta emakumeei esleituak.

Zaintzak izan dira, eta dira, pentsamendu eta ekintza feministen hainbat korrontetan aztertzeko eta eztabaidatzeko gai nagusietako bat, eta honako gai hauek hartzen ditu barnean: etxeko langileen eta zaintzen lan-baldintzak; lurraren zaintza, ikuspegi ekofeministatik; zaintza aukeraketa gisa, eta ez betebehar gisa; amatasuna ulertzeko modua; nork bere burua zaintzearen garrantzia, erantzunkidetasuna, hau da, zaintzen banaketa ekitatiboa eta zilegia gizarte-eragileen artean (estatua, merkatua, gizonak, komunitatea); zaintzen merkantilizazioa…

Gai horien aurrean, Feminismoek urteak daramatzate aldarrikatzen bizitza duinen iraunkortasuna erdigunean jarri behar dela eta zaurgarritasuna giza ezaugarritzat hartu behar dela, zaintzak interdependentziatik, elkar laguntzatik, elkartasunetik eta elkarrekikotasunetik ulertu behar direla eta zaintza oinarrizko balio soziala izan behar dela.

Egingo diren jardueren bidez, hausnartzera, elkar-ikastera eta zaintzarekin lotutako pentsamenduak, egoerak eta emozioak, besteak beste, partekatzera gonbidatzen ditu herritarrak Udal honek.