XX. mende hasiera, emakumeak, immigrazioa, apopiloak eta gaixotasunak. Etxeko eremutik osasun publikora.
1900. urtean 6.583 biztanle zituen Eibarrek, eta 1910ean 10.220. Bailara estua izanik, herriak industriagune askoren gaitzak jasan zituen: zarata, kea, usain txarrak eta ur- eta argindar-hornidurarik eza. Giro horren erdian bizi ziren immigranteak; % 41,7 emakumeak ziren. Haietatik, gazteenak neskame hasten ziren lanean, eta beste batzuk etxekoandreak ziren. Azpimarratzekoa da emakumeen immigrazioaren garrantzia familia barruan jokatzen zuten paperagatik, bai eskulan gisa bai immigrazio-sareetan zuen funtzioan.
1900-1910 arteko industrializazio-prozesuan emakumea ez zen soldatapeko langile gisa txertatu; emakumeak arropa-garbitzaile, jostun eta neskametzan aritu ziren, batez ere, eta apopilotzan jendea hartzea baliabide lagungarria zen familiaren ekonomiarako.
Lehen apopilo-hartzaile edo emakume-patroi haiek etxeko lanak eta seme-alaben zaintza immigratzaile ezkongabeari soluzio eroso bat ematearekin bateratzen zuten; herrira lanera zetozen gazte haiek etxeetan leku bat zuten lo egiteko, janaria prest eta arropak garbi.
“Casi todas albergan demasiado número de habitantes en relación con el número de departamentos y de su capacidad local, de modo que existe una verdadera superpoblación de habitantes y habitaciones, como la densidad de la población lo demuestra, alcanzando la cifra de 333 hbts. por hectárea”. Halaxe zioen Eibarko beharginen etxeen baldintza higienikoei buruz Osasunaren Herriko Batzarrak 1912. urtean egindako Txostenak. Baldintza haietan, arnas-aparatuko gaitzak eta epidemiak oso erraz hedatzen ziren.
Ciriaco Aguirre Alberdi medikuak (1873-1933) 1903an ohartarazi zuen herriko arazorik larriena biriketako tuberkulosia zela, eta beste mediku batekin batera, Niceto Muguruza Larriña (1882-1920), eginahalak egin zituen gaitza errotik ezabatzeko.
Muguruzak herriko elikatze- eta higiene-ohiturak aztertu eta neurri batzuk proposatu zituen lana eta osasuna bateratzeko, besteak beste, kontsumo-kooperatibak sortzea eskatuz: “ …la alimentación del obrero de esta villa no deja nada que desear…”. Ildo beretik, José Madinabeitia medikuak, 1909an inauguratutako Jardín-Galería de Convalecientes izeneko osasun-establezimenduko kideak, herri-sukaldeak antolatzea eskatu zuen—gremioak batzen ziren sasoi bateko usadioa, ezohiko aldietan egiten zena—. Baina Madinabeitiaren ekimenak bazuen beste helburu bat ere: “…emancipar a la mujer de la esclavitud del fogón, en un pueblo donde las comidas —el cocido tradicional— le robaba prácticamente todas las horas del día, obligada a cuidar constantemente el puchero, que no se ponía al fuego más tarde de las siete de la mañana”.
Lehen hamarkadetan, herriko osasuna kontrolatzeko neurri publikoak hartzen joan ziren: bainu publikoak, labaderoak ordezteko ur-sarearen lehen hoditeriak, Merkatu Plazaren eraikin berri bat (1909) non Udal Laborategiko arduradunek esnearen laginak hartzen zituzten aztertzeko…
Ciriaco Aguirrek tuberkulosiak jotako gaixoentzako pabiloi bat eraikitzea proposatu zuen, eta xede horrekin herri-batzar bat eratu zen, zeinean emakume batzuek parte hartu zuten: Antonina Ordoñana, Juana Villar, Juan Irusta eta Petra Elejalde. 1920an gertatu zen hori, eta ongintzan emakumearen figura ohikoa bazen ere, pauso garrantzitsua izan zen batzar batean emakumeak sartzea.
Eibarrek jakin izan zuen mende-aldaketak eragindako gizarte-aldaketetara moldatzen, eta emakumeak eraldaketa haien protagonista ikusezinak izan ziren.
Petra Elejalde, erdian. Atzean, bere senarra, Crispin Azpitarte. Argazki-emailea: Maite Eguren Mendicute.