Udalbatzak aho batez onartu zuen "Eibarko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana 2023-2027"

2024/02/19

Eibarko Udalak VII. plangintzaldiari dagokion plana diseinatu du, aurreko planaren ebaluazioa egin ondoren eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren gidalerroei jarraituta.

Eibarko Udalbatzak urtarrilaren 29an egindako bileran aho batez onartu zuen Eibarko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan berria, 2027. urtera arte indarrean izango duena.

Udalek bi plan izaten dituzte hizkuntza-normalizazioaren arloan, herrian euskara sustatzeko plana, eta udal-administrazioan garatzen den hizkuntza-politika jasotzen duena. Barne-erabilerara begirako plana da oraingoan onartu dena.

Planaren helburu nagusiak dira herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea udalarekin dituzten harremanetan, euskara ere zerbitzu- eta lan-hizkuntza izatea, eta herritarren artean eta Eibarko elkarte, enpresa eta erakundeetan euskararen erabilera sustatzea eta erraztea.

KEMEN metodologia

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak proposatutako KEMEN metodologia erabili da plana diseinatzeko. Metodologia horren arabera, Kudeaketa eta Erabilera ardatzetan banatuta dauden 48 adierazleren inguruko helburuak eta neurriak zehazten dira.

Kudeaketa arloan euskara-plana nola gestionatzen den jasotzen da: plana bultzatzeko zein egitura duen Udalak, departamentu bakoitzak plana bere egin eta bultzatzen duen, planaren jarraipena nola egiten den, langileei plana nola komunikatzen zaien, langileek zer-nolako parte-hartzea duten, enpresak kontratatzean hizkuntza-irizpiderik jartzen zaien eta abar. Erabilera arloan, aldiz, Udalak zein hizkuntzatan funtzionatzen duen, bai ahoz eta bai idatziz, udal-barruan zein kanpokoekin duen harremanetan. Eta baita, idatziak zein hizkuntzatan sortzen diren.

Erabilera da plangintzaldi honetako erronka nagusia, eta horretara bideratuko dira aurreikusi diren helburu eta ekintzetako asko. Kudeaketari dagokionez, berebiziko garrantzia hartuko du agintari eta arduradunek jokatzen duten rolak, haiek gidatu eta lideratu beharko baitute plana, beti ere, Euskara Zerbitzuko teknikarien laguntzarekin.

Plangintzaldiaren abiapuntuko egoera zein den ikusteko hasierako diagnostikoa egin da. Horretarako, 2022 amaieran Bikain ziurtagiria lortzeko ebaluazioan, non Eibarko Udalak Goi mailako egiaztagiria lortu baitzuen, kanpo ebaluatzaileek egindako txostena eta Jaurlaritzak diseinatutako bi galdetegi erabili dira. Galdetegi bat langileek bete dute, eta bestea Euskara Zerbitzuak, ebidentziak eta teknikariek emandako datuak jasota.  Horrez gain, Euskararen Normalizaziorako Batzorde Aholkularian eta Euskararen Lan-mahaian egindako ekarpenak eta hausnarketak ere kontuan izan dira.

Onartutako Plana www.eibar.eus udal webgunean dago ikusgai. Zehazki, atal honetan kontsultatu daiteke: https://www.eibar.eus/eu/kultura/euskara/euskara-erabili/administrazioa/udal-barne-erabilera-plana?set_language=eu