Eibarko Udala
irakurketa gidak Udal Liburutegia

Teknologia eta osasun mentala: familientzako irakurketa-gida berria

2026/10/20
Gida eta txokoen irudia

Gida eta liburuak liburutegian eskuragarri daude, Liburutegiko Haur eta Helduen espazioetan, urriaren 19tik azaroaren 8ra.

Nola eragiten dute pantailek gure seme-alaben ongizatean? Nola lagundu diezaiekegu teknologia modu egoki eta arduratsuan erabiltzen? Galdera horiei buruz hausnartzeko eta informazio gehiago eskuratzeko, Eibarko Udal Liburutegiak eta Altxa Burua Eibar taldeak Teknologia eta osasun mentala irakurketa-gida prestatu dute elkarlanean.

Gidak teknologia digitalen erabilerari, pantailen eraginari eta haur eta nerabeen osasun mentalari buruz sakontzeko aukera eskaintzen du, eta batez ere gurasoei eta hezkuntzaren arloan interesa duten pertsonei zuzenduta dago.

Gidak hainbat baliabide biltzen ditu: gaiari buruzko liburuak, haur eta gazteentzako irakurketak, ikus-entzunezko lanak eta baliabide digitalak. Horien bidez, teknologiarekiko dugun harremana aztertu, arriskuei buruzko kontzientzia hartu eta familia-ingurunean erabilera egokia sustatzeko ideiak aurki daitezke.

Altxa Burua Eibar 2024an sortutako guraso-taldea da, teknologiaren erabilera egokia sustatzeko helburuarekin. Besteak beste, Internetera sarbidea duten gailuak erabiltzen hasteko adina atzeratzea, eskolak telefono mugikorrik gabeko gune izatea, hezkuntzaren digitalizazio osasuntsu eta ebidentzietan oinarritua bultzatzea eta helduak zein haurrak erabilera egokian trebatzea ditu helburu.

Gida hau gaian sakondu nahi duten familientzat eta herritarrentzat baliabide erabilgarria izatea espero dugu. Irakurketaren eta informazioaren bidez, hausnarketarako eta elkarrizketarako espazioak sortu nahi ditugu, haur eta nerabeen ongizatea erdigunean jarriz.

Gida eta liburuak liburutegian eskuragarri daude, Liburutegiko Haur eta Helduen espazioetan eta webgunean. Zatoz eta ezagutu teknologia eta osasun mentalari buruzko irakurketa-proposamenak.