Erdi Aroko lehen azoka egingo da Eibarren urriaren 30etik azaroaren 1era
Eibarko Galizia-As Burgas etxeak eta Timbapirata Events-ek hiru eguneko azoka antolatu dute Untzagan, musikarekin, tailerrekin, pertsonaia fantastikoekin, suzko ikuskizunekin eta queimada herrikoi batekin.
Eibarrek lehen aldiz ospatuko du aurten Erdi Aroko Azoka Xakobeoa. Proposamen berri hau urriaren 30etik (ostirala) azaroaren 1era (igandea) egingo da, eta publiko guztientzako hiru eguneko jarduerak eskainiko ditu. Galizia-As Burgas etxea eta Timbapirata Events dira antolatzaileak. Azokak uztartu egiten ditu Erdi Aroko azoka baten giroa eta Galiziako kultura tradizionala, musika eta kale-animazioa, eta auzotarrei eta bisitariei bestelako esperientzia eskaintzea du helburu.
Hiru egunetan zehar, tailerrak, erakusketak eta jardueren programazio zabal bat izango du azokak. Untzagara bertaratzen direnek pertsonaia fantastikoak, musikari ibiltariak, ipuin-kontalariak eta antzerki-proposamenak topatuko dituzte, azokaren inguruari giro berezia emango diotenak. Aurreikusitako jardueren artean, armagin ibiltariak, infanteriako zaldunak eta mertzenarioak ikusiko dira; horrez gain, Amalurraren istorioak eta Gzarkuk gizon-orkestra misteriotsua, Sebastopoleko organo-jolea edo pertsonaia fantastikoak.
Jon Iraola alkateak horrelako ekimenek herriaren ehun sozial eta kulturalerako duten garrantzia azpimarratu du: «Eibar hiri bizia izaten jarraitzea nahi dugu, kaleaz gozatzeko aukera emango diguten proposamenekin. Erdi Aroko lehen Azoka Xakobeo hau aukera egokia da jarduerak familian partekatzeko, beste tradizio batzuk ezagutzeko eta gure hirian giroa sortzeko».
Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak erakunde antolatzaileen lana eta programazioaren aniztasuna nabarmendu ditu. «Eibarko Galizia-As Burgas Etxearen eta Timbapirata Events-en lankidetzari esker, proposamen berri bat jarri dugu martxan. Hiru egunetan zehar adin ezberdinetarako ekintzak egongo dira, tailerrak, ipuin-kontalariak, zuzeneko musika eta kaleko ikuskizunak, besteak beste. Herritarrak gerturatzea, parte hartzea eta lehen edizio honetaz gozatzea nahi dugu».
Musika, Galiziako tradizioa eta suzko ikuskizunak
Azoka urriaren 30ean, ostiralean, abiatuko da, 11:00etan, merkatuaren irekierarekin. Ordu erdi geroago, erakusketak ireki eta, 12:00etatik aurrera, erakusketa-tailerrak hasiko dira. Arratsaldean Celtika, Grus Grus eta Artimaña taldeen emanaldiak izango dira; horrez gain, ipuin-kontalariak, musika ibiltaria eta merkatuan zehar ibiliko diren pertsonaiak egongo dira. Eguna amaitzeko, «El susurro de las llamas» su-ikuskizuna eskainiko dute Grus Grus eta Artimañak, eta herri queimada handi bat, Celtikak lagunduta, 22:00etan.
Larunbata, urriaren 31, egun nagusietako bat izango da. 10:00etan, Eibarko Galiziako Etxeko Os Galaicos erromesen desfilea izango da, eta, bertan, azokako kideek eta animazio-talde desberdinek hartuko dute parte. 11:00etan inaugurazio-pregoia izango da, Galiziako Etxearen eta Amalurraren eskutik, azoka, tailerrak, erakusketak eta ludoteka irekitzearekin batera.
Larunbatean zehar, musika-emanaldiak, ipuin-kontalariak eta Erdi Aroan girotutako eszenak izango dira, besteak beste, Baom eta Cuca elfa, armagin ibiltaria eta Celtikaren eta Ramalleiraren parte-hartzeekin. Galiziako kulturak protagonismoa izango du berriz ere arratsaldean, Galiziako Etxeko musika eta dantza-emanaldi ibiltariekin. Eguna amaitzeko, 21:15ean, «El susurro de las llamas» suzko ikuskizuna izango da, eta, ondoren, 22:00etan, queimada herrikoia.
Igandean, azaroaren 1ean, azokak 11:00etan irekiko ditu ateak. Os Galaicos taldearen musikak eta dantzek protagonismoa partekatuko dute ipuin kontalariekin, Celtikaren emanaldiekin eta hainbat pertsonairekin. Arratsaldean beste musika- eta antzerki-proposamen batzuk egongo dira, 20:15erako aurreikusita dagoen amaierako su-ikuskizunaren aurretik. Merkatua 21:00etan itxiko da.
Erdi Aroko lehen Azoka honekin, Eibarrek proposamen berri bat gehituko dio udazkeneko kultur programazioari. Ekimenak —Eibarko Galizia-As Burgas etxeak eta Timbapirata Events-ek antolatua— musika, tradizioa, familia-jarduerak eta aire zabaleko ikuskizunak eskainiko ditu hiru egunez; Galiziako kulturak eta Erdi Aroko imajinarioa presentzia nabarmena izango dute.
Horrela, azokak aukera emango du hiriaz beste ikuspegi batetik gozatzeko, hainbat kultur adierazpidetara hurbiltzeko eta asteburu bateko jarduerak familiakoekin eta lagunekin partekatzeko.

