Udalak kultur ekitaldi-egitarau zabal bat antolatu du uztailerako eta abuzturako

Mugi Panderoa taldearen argazkia.

Mugi Panderoa taldearen argazkia.

2021/07/02

Alkateak ziurtatu du “jarraitzen dugula kulturaren alde apustu egiten”, udarako egitaraua aurkeztean: musika-ikuskizunak, antzerki-saioak, tailerrak, ikus-entzunezkoen emanaldiak edo aire libreko zine-saioak. Ekitaldi guztiak, ia gehienak aire librean, segurtasun-neurriak betez eta jende-pilaketak saihestuz egingo dira.

Eibarko Udaleko Kultura Sailak egitarau zabala eta askotarikoa prestatu du uda honetarako. Jarduerak uztaila eta abuztuan zehar egingo dira eta bertan antzerki-ekitaldiak, musika-ikuskizunak, haurrentzako tailerrak edo ikus-entzunezkoen emanaldiak izango dira, baita aire zabaleko zine saio klasikoak ere abuztuan zehar.

Diseinatutako programazioa gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziak. “Egungo egoerak eskatzen dituen segurtasun-neurriekin, eta jende-pilaketak saihesteko zuhur jokatuz, kulturaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, eibartarrei uda atseginagoa egingo dien eskaintza zabal batekin, kultura berreskuratuz eta berriro kalera eramanez”, ziurtatu du alkateak.

Musikak irekiko du udako programazioa bihar, uztailak 3, Inoren ero ni taldearekin batera Braulio hirukoteak eskainiko duen emanaldiarekin. Emanaldia Txaltxazelaiko agertokian izango da, 20:00etatik aurrera. Asteburuan kalejira egingo da, igandean, Usartza Txistulari Bandaren eskutik, Amaña auzoan, 11:00etatik aurrera. Hurrengo igandean, hilak 11, txistulariak izango dira berriz ere protagonista, eta kalejira egingo dute Ipurua eta San Kristobaletik.

Hurrengo asteburuan, Eibarko Koro Gaztearen emanaldia izango da ostiralean, hilak 9, 21:30ean, Txaltxazelain. Larunbatean, hilak 10, EITBko Gaztea Cover lehiaketaren irabazle Ainhoa Arroitajauregi eibartarrak kontzertu bat emango du 20:00etan, Txaltxazelain.

Uztailaren hirugarren asteburuan, ostiralean, hilak 16, Cielito Musika Bandak kontzertua emango du 20:00etan, Amañan. Larunbatean, hilak 17, Eibarko eta Elgoibarko gazteek osatutako Mugi Panderoa erromeria-taldeak kontzertu bat emango du Txaltxazelain, 20:00etan.

Astearte honetan, uztailak 6, klarion-tailer bat egingo da Egogainen, 17:00etatik 21:00etara. Lekim Animazioak elkarteak koordinatutako jarduera koloretako klarionekin marrazki bat egitea izango da, Alfa enpresaren omenez eta Eibarko fundazioaren 675. urteurreneko ospakizunekin bat eginez.

Antzerkiak ere izango du bere tokia egitarauan. Hika Antzerki taldeak, hilaren 10ean, 'Tonbola' obra antzeztuko da Amañan, 20:00etan. Agurtzane Intxaurragak umorez eta kontzientzia sozialez zuzendu du kaleko ikuskizun hau.

Hilabete honetan, halaber, Arrate Kultur Elkarteak San Andres elizako klaustroan antolatzen duen Ikus-entzunezkoen Asteari ekingo zaio berriro. Asteartean, hilaren 6an, 22:30ean, Izanik-en eskutik ‘Florines 14:30’ diaporama-saioa egingo da. Asteazkenean, hilak 7, 22:00etan, Julen Hernandez Esnaolak zuzendu eta Jaizkibel konpainiak ekoitzitako 'Aurrera egin badugu' dokumentala emango  da. Saioaren amaieran mahai-inguru bat egingo da. Eta ostegunean, hilak 8, 20:00etan, ‘Hankamotxak’ muntaketa eskainiko da, Post bertso-tramaren eskutik.

Halaber, uztailaren 16ra arte, zabalik dago 'Miguel Delibes eta Eibar' erakusketa Armagintzaren Museoan, asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara. Eta erakusketaren harira, uztailaren 13an, 19:00etan, 'Delibes eta Eibar' gaiarekin solasaldia-hitzaldia egingo da Portaleko areto nagusian. Bertan, Adolfo, Germanek eta Juan Delibes de Castrok hartuko dute parte, Juan Antonio Sarasqueta eta Jose Luis Usobiaga Miguelen lagun armaginekin batera. Sarrera doan izan arren, gehieneko edukiera 29 pertsona izango dira.

Berriz ere aire libreko zinema

Udako aire libreko zinema ere Eibarrera itzuli da, iaz pandemiaren murrizketen ondorioz ezin izan baitzen ospatu. Aurreko edizioetan ez bezala, oraingoan uztailean eta abuztuan izango dira emanaldiak, guztira zortzi saio eskainiko dira (uztaileko eta abuztuko ostegun guztiak) eta Untzaga Plazako eszenatokiaz gain, Karmen kaleko parkean izango dira emanaldietako bi. Saio guztiak 22:00etan izango dira.

Egitaraua uztailaren 7an irekiko da Karmen parkean 'Big Fish' filmaren emanaldiarekin. Uztailaren 14an, 'Akelarre' proiektatuko da Untzagan; uztailaren 21ean, Untzagan ere, 'Jumanji. Segundo nivel' filma ikusi ahal izango da; eta uztailaren 28an, Untzagan baita ere ‘Ane' ikusi ahal izango da.

Abuztuan beste lau saio egongo dira. Hilaren 5ean, Untzagan, 'Parásitos' eskainiko da; hilaren 12an, Karmen kaleko parkean, 'Tess eta Ni' proiektatuko da; abuztuaren 19an, Untzagan, 'Padre no hay más uno'ren txanda izango da; eta programazioari amaiera emateko, Untzagan, hilaren 26an, 'Erlauntza' emango da.

Uda honetarako programatutako kultura-jarduera guztietan pandemiaren aurkako higiene- eta segurtasun-neurriak betetzen direla bermatuko da. Hain zuzen, ia jarduera guztiak aire librean egingo dira. Hala ere, hainbat neurri errespetatu beharko dira, hala nola maskara erabiltzea, ikuskizunetan eserita egotea edo segurtasun-tartea gordetzea.

Irailetik aurrera E-Kultura argitaratuko da berriz ere aldizkari-formatuan

Bestalde, Kultura Sailak iragarri du datorren irailerako 'E-Kultura' kultur agenda berreskuratuko duela, paperezko formatuan. Agenda hori urtero argitaratzen da duela urte batzuetatik, eta pandemia dela eta, 2020ko apirilaz geroztik argitaratzeari utzi  zitzaion.

4.000 ale argitaratuko dira eta ohiko lekuetan eta harpidetutako 900 pertsona baino gehiagori banatuko zaizkie. Gida kulturala 2020ko martxoan utzi zitzaion argitaratzeari, COVID 19a dela-eta abian jarritako neurriak betez.

Agenda ezin izan da Eibarko herritarrengana aldizkari-formatuan iritsi denbora horretan, baina antolatutako jarduera kultural eta ludikoei buruzko informazioa uneoro ezagutu ahal izan da Udalaren webgunearen bidez, eta, bertan, antolatutako ekitaldiei buruzko informazio osoa eman da.

Ildo horretan, eta irailetik aurrera agenda kulturala berreskuratzearekin bat, Udalak Eibarko elkarte, erakunde eta kolektiboei dei egiten die Kultura Sailari E-Kultur gidan sartzeko egoki irizten dioten informazio guztia emateko konpromisoa berriz hartzeko.