Udalak hogeita hamar bat jarduera kultural antolatu ditu urte amaiera arte

‘Lukabi lainotsua’ ikuskizunaren irudia.

‘Lukabi lainotsua’ ikuskizunaren irudia.

2022/09/21

Askotariko jarduerak egingo dira era guztietako publikoentzat, hala nola antzezlanak edo dantza- edo zirku-ikuskizunak. Jarduerak hainbat espaziotan egingo dira: Coliseo antzokian, Errebalen, Portalean edo Urkizuko parkean.

Eibarko Udalak kultur jardueren programa zabala antolatu du urtea amaitzeko geratzen den tarterako; jarduerak era guztietako publikoei zuzenduta daude, eta ikuskizun horietarako dauden espazioetan egingo dira. 

Egitaraua gaur aurkeztu dute Errebal Plazan egin duten prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta José Luis González Kultura Saileko teknikariak.

Hala, alkateak zera nabarmendu du: "Udalak, Kultura Sailaren bitartez, ahalegina egiten jarraitzen du herritarrei hainbat modalitate eta diziplinatako programazioa eskaintzeko, eta, batez ere, adin guztietako publikoak kontuan hartzeko. Ez da nolanahiko erronka astebururo kultur aukera desberdinak eskaintzea eta, gainera, kalitatezkoak izatea, eta uste dut urteko azken hiruhilekorako aurkezten ditugun jarduerak oso maila onekoak direla”.

Eta, ildo horretatik zera gaineratu du: “kultura hiriko eremu guztietan protagonista izatea nahi dugu, eta espazioaren eta azpiegituren aldetik egokiak diren gune guztietara iristea.”

Programatu diren hogeita hamar jardueretan denetik dago, antzerkia, dantza, zirkua edo musika. Antzerkiari dagokionez, zortzi antzezlan eskainiko dira, haietako lau euskaraz eta beste lau gaztelaniaz; bost helduentzat izango dira eta hiru umeentzat.

Ostiral honetan (irailak 23) hasiko da programazioa, Coliseoan ATX Teatro konpainiaren eskutik etorriko den 'Lubaki lainotsua' ikuskizunarekin; euskaraz izango da emanaldia. Urriaren 22an ‘El aguafiestas’ antzezlana iritsiko da Coliseora, Pentación konpainiarekin; aktoreen artean daude Josema Yuste, Santiago Urrialde edo Maribel Lara.  20:30ean izango da.

Urriaren 28an Ibuprofeno konpainia izango da Coliseon (10:30) ‘Smoke on the water’ lana eskainiko duena. Azaroaren 1ean, Coliseon, Artedrama Konpainiaren eskutik 'Hondamendia' lana antzeztuko da. Hurrengo lana azaroaren 18an izango da Coliseon (20:30) ‘Alderray' obrarekin, Pantxo Untzuetaren eskutik; antzezlana euskaraz izango da.

‘Las cuatro estaciones ya no son lo que eran’ ikuskizuna, ChéyMoché konpainiarekin, abenduaren 3an antzeztuko da Coliseon. Eta urteko azken antzezlana abenduaren 29an izango da, ‘Munduari vuelta 80 egunetan’ lanarekin, Glu Glu taldearekin.

Azaroaren 19an, txotxongilo emanaldi bat etorriko da Eibarrera, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Lehiaketaren barruan.

Musika-programazioari dagokionez, sei kontzertu eskainiko dira urtea amaitu arte, horietako lau Coliseon eta bi Portalean. Irailaren 30ean bertso-saio musikatua egingo da Txaltxazelaiko auditorioan (22: 00etan) Maialen Akizu, Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin eta Gari Otamendi eta Ixak Arruti musikariekin.

Andres Egiguren Orkestrak kontzertua eskainiko du Coliseon (19:00etan) azaroaren 5ean, eta Bixente Martinez gitarra-jole eibartarrak bere lehenengo bakarkako lana aurkeztuko du azaroaren 25ean, ‘Txoria buruan eta ibili munduan’ izeneko diskoa; kontzertua Coliseon izango da 19:00etan. Abenduaren 23an Medianoche hirukote eibartarrak bere hirugarren diskoa aurkeztuko du Coliseoan (20:30ean), bere doinu latinoamerikar, bolero, bals eta rantxerekin.

Portaleko Klubaren egitarauaren barruan, urriaren 16an The Ramirezen Combo taldeak ikuskizun musikala eskainiko du Coliseoan; eta azaroaren 13an Portalean The Dirt Road Band taldeak reggae-rock-blues ikuskizuna eskainiko du (19:00).

Cielito Musika Bandak sei emanaldi emango ditu urtea amaitu aurretik. Larunbat honetan, irailaren 23an, kontzertua emango du arratsaldean (20:00) Toribio Etxebarria kalean; urriaren 9an eta 23an, azaroaren 20an eta abenduaren 18an, Coliseon arituko dira; eta azaroaren 18an Santa Ceciliako serenata izango da protagonista.

Eta Usartza Txistulari Bandaren lau emanaldi izango dira: Irailaren 29an Aginagako jaietan; urriaren 16an kalejira; eta azaroaren 22an eta abenduaren 24an, bi kontzertu.

Dantzari dagokionez, bi ikuskizun izango dira.  Lehena larunbat honetan izango da (irailak 24), 20:00etan, Coliseon, ‘DeMente’ ikuskizuna, Galiziako Fran Sierra dantza talde tradizionalaren eskutik. Eta urriaren 12an, Coliseon, (20:30) Dantzaz Konpainia arituko da ‘Quorum’ lanarekin.

Zirkua ikusteko aukera ere izango da, eta hiru emanaldi antolatu dira publiko guztientzat. Urriaren 1ean, Errebalen, 19:00etan, Circ Bover konpainiaren ‘Avol’ ikuskizuna eskainiko da. Urriaren 15ean, Zirkozaurre konpainia ikusi ahal izango da 'Cobr3' lanarekin, Errebalen (19:00); Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak egongo dira Coliseon, urriaren 29an. 

Eta urriaren 7an, Lekim Animazioa Konpainia Urkizun egongo dira (17:00), 'Klarionaren tallera' lanarekin; interbentzio bat izango da klarionekin, Eibarren Gerra Zibilean izan ziren bonbardaketen 85. urteurrenaren inguruan.  Egun berean, bonbardaketa horiek eta Gerra Zibilean Eibarren egon zen frontea gogoratzeko hitzaldi bat antolatu da Eibarren, Nieves Concostrina kazetariaren eskutik, honako izenarekin: ‘De las tragedias que provocó el golpe de estado al Guernica de Picasso’

Urriaren 8an, Errebal Plazan, Odisea elkartearen 10. urteurrena dela-eta jarduera bat antolatu da (ludoteka, torneoak eta jolasak); eta urriaren 15ean, raperoen ikuskizun bat ere esakiniko da ‘Oilar borroka’ izenekoa.

Programazio honen aurkezpenean, José Luis González Kulturako teknikariak azken asteetan Errebalgo plazan ikus-entzunezko ekipoak hobetzeko egindako lanen berri eman du. Lan horiek amaituta daude jada, eta “Ahalbidetuko dute espazio honetako musika-emanaldiek ikusleari argiztapen eta aprobetxamendu hobea eskaintzea.  Era berean, elementu horiek balioko dute soinua aztertzeko eta hobetzeko neurriak inplementatzeko.”

Eta, azkenik, udal arduradunek jakinarazi dute datozen hilabeteetan ere zine komertzialaren programazioak jarraituko duela Coliseon, eta, bestalde, 3Dko filmak eskaintzeko zine proiektore berri bat erosi dutela jakinarazi dute.

20220921ekoprentsaurrekoarenirudia_web.png
Irudian, José Luis González, kultur teknikaria, Jon Iraola alkatea eta Patxi Lejardi, Kultura eta Euskera zinegotzia.