Udalak 2023ko San Juan jaietako programa aurkeztu du, aurten bere historiako aurrekonturik handiena duena

2023ko San Juan jaietako programa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2023ko San Juan jaietako programa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2023/05/31

380.000 euroko aurrekontuarekin, egitarauan uztartuta geratu dira ekitaldi tradizionalenak ikuskizun eta emanaldi berritzaileekin, Udalak azken horien aldeko apustu berezia egin duelarik. Sanjuanak iragartzeko kartela ere eman da ezagutzera, “Tradición” leloa daramana.

2023ko Eibarko San Juan jaiek —ekainean zehar egingo dira, ekitaldi gehienak hilaren 23tik 25era bitartean bilduz— dagoeneko badute beren programa, aurten ere herriko festa hauetako jarduera tradizionalenak beste ekitaldi berritzaile batzuekin konbinatzen dituena.

2023ko sanjuanetako programazioa prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur jarduneko alkateak, Jon Iraolak, eta jarduneko Kultura eta Jaietako zinegotziak, Patxi Lejardik. Programatutako jarduerak zehaztu dituzte, besteak beste, musika-kontzertuak, kultur eta tradiziozko jarduerak, antzerkia, kirol-jarduerak, haurrentzako eta gazteentzako ikuskizunak eta jaiak.

“Tradizioak eta apustu berritzaileek osatzen dute programa, eta, beste behin ere, Eibarko elkarte eta kolektiboen parte-hartzeari eta inplikazioari zor diogu; izan ere, talde horiek egindako lanari esker, askotariko jarduerak egin ahal izan dira, jende orori zuzenduak”, adierazi du Jon Iraolak. Alde horretatik, Kultura Sailak hainbat bilera egin ditu azken hilabeteetan herriko talde eta kolektiboekin, zeinek beren proposamenak egin dituzten Udalak prestatu duen jai-egitaraua osatzeko.

Aurtengo programa prestatzen lagundu duten elkarte, talde eta kluben artean, besteak beste, hauek dauzkagu: Eibarko Txirrindularitza Elkartea, Eibarko Klub Deportiboa, Eta Kitto, Kezka Dantza Taldea, Gimnasia Erritmikoko Kluba, Jaixak Herrixak Herrixandako eta Odisea taldea.

Era berean, jarduneko alkateak zera nabarmendu du: “Udalak esfortzu ekonomiko handia egin du herritarrei programazio bete-betea eta askotarikoa eskaintzeko”; eta horrek 380.000 euro inguruko aurrekontua dakar; azken urteotan aurrekontua 300.000 euro ingurukoa zenean.

Patxi Lejardi Kultura zinegotziak egitarauaren edukiaren berri eman du. Aste honetan bertan hasiko da programazioa Nele Dantzaren ikuskizunarekin Coliseoan, eguenean, barikuan eta zapatuan eskainiko dena. Ekainaren 8an eta 9an, Biraka Dantzaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Hilaren 9an, Dantzari Eguna, San Juan Igeriketa Saria eta boxeoa izango dira.

Ekainaren 10ean, zapatua, Break Dance eta New Style txapelketa, III. Txistu Eguna eta Eibar Kantuan jaialdia izango dira; azkena, kantaldia, Astelena pilotalekuan. Ondorengo egunetan, hilaren 11n kontzertua eskainiko du Cielito Taldeak, Noa Dantzaren ikuskizuna izango da hilaren 14an, gimnasia erritmikoko erakustaldia 15ean eta squash txapelketa, gau poetikoa eta balet-ikuskizuna ekainaren 16an.

Bariku horretan bertan, ekainaren 16an, aurtengo jaietan izango diren kontzertu garrantzitsuetako lehena izango da, euskal heavy-gau bat, Eibarko Su Ta Gar taldearen eskutik, 21:30ean, Untzaga plazan, non Ehun Kilo taldea telonero gisa arituko den.

Eta hurrengo egunean, hilak 17, zapatua, jaietako kontzertu nagusia iritsiko da Eibarrera: Fangoria taldearen emanaldia izango da, Alaska buru duela, Untzagan, 23:00etatik aurrera. Emanaldiaren ondoren, musika elektronikoko saioa izango da Unai Santos eta Yahaira disko-jartzaileekin.

Egun horretan bertan, hilaren 17an, hainbat kirol-jarduera izango dira, baita jokoak simulatzeko tailer bat ere Odisea elkartearekin; domekan, berriz, gazteen txirrindularitza-proba bat eta billar-txapelketa bat. Eta hilaren 22an, osteguna, haur-parkea izango da puzgarriekin, haurrentzako antzerkia Tutik Klown konpainiarekin eta antzerki-emanaldia Markeliñe konpainiaren eskutik.

San Juan bezperan, ekainaren 23an (barikua) iritsiko da jaietako lehen egun nagusia: Lizarrako dultzaineroei egiten zaien ongietorria, koadrilen eta kalejiren elkarretaratzea, jaien pregoia eta txupinazoa.

Aurtengo omenduak hauek dira: SDko emakumezkoen taldea, Hodei Ezpeleta, Lorea Urkia, José ‘El Tigre’ Pérez eta Aitor Montero. Udalbatzarekin batera egingo dute dultzaineroen kalejira.

Halaber, hilaren 23an tradizio handiko beste ekitaldi batzuk egingo dira, hala nola San Juan sua, Nele Dantzaren emanaldia, queimada, helduen danborrada, eta gaueko dantzaldia Lisker taldearen eskutik.

San Juan egunerako (zapatua, hilak 24) hauxe daukagu: haurrentzako parkea, Musika Bandaren kontzertua, koadrilentzako makroginkana, kaleko antzerkia, haurren danborrada, erromeria Jainaga eta Narbaizarekin, soka-dantza Kezkarekin, suzko-erroberak eta dantzaldia New Alaska orkestrarekin.

Eta hilaren 25ean, San Juan egunean, kalejira, haur-parkea, San Juan Marmitako Lehiaketa, kalejira Bergarako erraldoien konpartsaren eskutik, kalejira Africa Bay Yay taldearekin, dantza-ikuskizuna, kale-antzerkia Gorakadarekin, kontzertua Africa Bibangekin eta suzko-erroberak.

Egitaraua ekainaren 27, 28 eta 29an amaituko da, eta sanpedroak ospatzeko jaiak egun horietan izango dira. Karmen kaleko parkean izango dira haurrentzako jolasak, txokolate-jatea, Oliver magoaren emanaldia edo Trío Medianocheren emanaldia.

Jaietako kartela

Gaur emandako prentsaurrekoan, ‘Sanjuanak Eibarren 2023’ Kartel Lehiaketako kartel-irabazleen berri eman da. Lehiaketaren sariak hilaren 23an banatuko dira, Dultzaineroen kalejiraren ondoren.

Jaiak iragartzeko kartelak ‘Tradición’ leloa du eta Alfredo León Mañú da egilea. Bestalde, 11 eta 14 urte bitarteko kategorian, lehen saria 13 urte dituen Lennon Franco Martínezek jaso du,  ‘Peto Peto’ lelopeko kartelarekin; eta 10 urte bitarteko parte-hartzaileen kategorian, 9 urteko Maialen Casero Álvarez da irabazlea, ‘Festak Topera' leloko lanarekin.

Lehiaketan 75 pertsonak hartu dute parte; horietatik 39, helduak dira; 18 gazte, 11 eta 14 urte bitartekoak; eta beste 18, 10 urtetik beherakoak. Epaimahaia Iratxe Unanue, Natalie Garrido eta Leire Kareagak osatu dute.

Erlazionatutako edukia: