San Andres azokak 64 ekoizle bilduko ditu aurten

2018/11/20

Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako produktuen erakusketa, lehiaketa eta salmenta egingo da urtero legez. Azokan salgai ipiniko dira ondorengo produktuak: barazkiak, frutak, eztia, gazta, txakolia, ogia eta lorak.

2018ko San Andres Azoka azaroaren 30ean, ostirala, ospatuko da Eibarren eta guztira 64 ekoizle bilduko dira; 32 bizkaitar, 21 gipuzkoar, 9 arabar eta Nafarroako beste 2. Aurtengo azoka Txaltxa Zelai eta Untzaga artean banatuta egongo da. Bertan, Eibarko hiru baserri izango dira: Loixola baserria, barazkiekin eta Iturrikoa eta Sosola, ogiarekin.

Azokan salgai jarriko diren produktuen zerrenda eta jatorria honako hau da: barazkiak (16); frutak (2); ogia (22); gazta (17); eztia (5); eta lorak (2). Sariak honako hauek izango dira: 1. saria, 180 euro (barazkiak, frutak, eztia, ardi gazta eta ogia) eta 2. saria 120 euro produktu berdinentzat. Aipatutako sariez gain, aurkezpen onenarentzat bi sari egongo dira: lehenengoa, 150 eurokoa eta bigarrena, 90 eurokoa. Eibarko baserrien artean, onenari 90 euroko saria emango zaio. Amaitzeko, parte hartzaileen artean epaimahaiak 80 euroko aipamenak bana ditzake.

Abeltzaintza erakusketa

San Andres azokan salgai jarriko diren produktuez gain, urtero legez, abereen erakusketa ere izango da; aurten Fermín Calbeton eta Barria Plaza kaleen artean kokatuko da. Eskualdeko 10 baserrik ekarriko dituzte aurten animaliak. Hala, erakusketa horretan ikusi ahal izango diren animaliak honako hauek dira: behiak, idiak, zaldiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak, hegaztiak eta untziak. Gainera, erakusketan parte hartuko duten baserriak honako hauek izango dira: Sumendixa Goikua, Loixola, Agarre, Amazabalegi, Mandiola Gainekua, Aritxulueta, Zumaran, Iturrua, Orbe, Mendigoitxi eta Arimendi.

Kartel irabazleak

Bestalde, Sanandresak 2018 kartel lehiaketaren epaimahaiak erabaki zuen saria ematea Alfredo León nafarraren “Zaldi eta tipula” lana izenekoari. 11 eta 14 urte artean, Martina Garateren "Berdura dantza" lanak lortu du saria eta 10 urte arte Maddi Etxanizen “Azoka” izeneko kartelak. Edizio honetan 61 kartel izan dira, 16 helduen kategorian, 21 kartel, 11 eta 14 urte bitarteko kategorian eta 24 kartel, 10 urte arteko kategorian. 

 

2018ko San Andres eguneko egitaraua

San Andres eguneko egitaraua ondorengoa da:

  • 09:30.-XL. San Andres nekazal azokaren epai-mahaiaren lanen hasiera.                 
  • 09:30.-Ganadu erakusketa.                 
  • 12:00.- Bikoteka aizkolarien txapelketa: gazte txapelketan 2 bikote eta helduen txapelketan 3 bikote.                
  • 12:00.- German Meabebasterretxea eta Mikel Mendizabal bertsolarien eta Jainaga eta Narbaiza trikitilarien emanaldia eta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolaren trikitilarien kalejira.  
  • 12:30.- Plazara Dantzara Erromeria Kezka Dantza Taldearen eskutik, Jainaga eta Narbaiza  trikitilariekin.
  • 13:00, San Andres azoka, pintxo txapelketa eta kartelen sari banaketa.
  • 19:00.- Plazara dantzara erromeria, Garikoitz Otamendi musikaria eta Patxi Monteroren dinamizazioarekin.