Eibarko Udala
egoibarra

Mercedes Kareaga Bekaren (MKB) II. edizioa kaleratu du Eibarko Udalak

2024/10/01
Mercedes Kareaga Bekaren (MKB) II. edizioa kaleratu du Eibarko Udalak
Lanak aurkezteko epea urriaren 1etik azaroaren 30era egongo da zabalik.

Bigarren aldiz, Eibarko Udalak EHU/UPVren laguntzarekin Mercedes Kareaga Beka kaleratu du, herriarentzat interes berezia duten ikerketa-proiektuak sustatu eta zabaltzeko asmoz.

Oraingo honetan aukeratu den ikergaia hau izan da: Instrukzio Publikoa Eibarren (1880-1936). Herriko maistrak. Gai honekin tokiko historian hutsune bat betetzea eta herriko maistren lana bistaratzea espero da.

Beka 9.000 eurokoa izango da eta lanak euskaraz aurkeztu beharko dira. Proiektuak gehienez 15 orrialde izango ditu, zeinetan, gaia eta ikerketa garatzeko modua zehaztu beharko baita, honako hauek azalduz: lanaren ikerketa-esparrua; aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera; ikertzailearen edo taldearen esperientzia; helburuak, materialak, baliabideak eta lan-metodologia; lana garatzeko kronograma; aurreikusitako emaitzak eta horien interesa eta beste finantzaketa-iturri batzuk, halakorik balego.

Bekak 20 hilabeteko iraupena izango du. Tarte horretan, onuradunak lau txosten aurkeztu beharko ditu eta Eibarko Udalak eta EHU/UPVk osatutako batzorde mistoak egingo du lanaren jarraipena.

Oinarri guztiak ikusi eta eskaerak egiteko jarraibideak esteka honetan daude eskuragarri.


Mercedes Kareaga beka 2024