Liburutegiaren 2020ko urteko txostena, COVID-19aren garaian

2021/03/03

Udal Liburutegiaren 2020ko balantzeak hainbat datu positibo eman ditu, pandemiak eragindako egoera gorabehera.

Iaz, etxean konfinatuta egon behar izan genuenean, liburuei esker gure lau hormetatik irten eta irudimenari hegaldatzen utzi ahal izan genion, bizi genuen egoeraz pixka bat ahazteko.

Eibarko Juan San Martin Liburutegiak, liburutegi guztiek bezala, bere espazio fisikoa itxi behar izan zuen hiru hilabete luzez, 85 egunez zehazki. Baina garai hartan ez ginen erabat itxita egon, Liburutegiko langileek beren etxeetatik irakurtzea erraztu baitzieten irakurtzen jarraitzeko interesa eta nahia adierazten ziguten pertsona guztiei, erabiltzaile birtualak oraingoan.

Horrela, 200 alta baino gehiago egin genituen eLiburutegia liburuen mailegu digitalerako zerbitzua erabili ahal izateko. Eta emaitzek erakutsi digute plataformaren erabilera % 99 handitu dela, 2.505 liburu deskargatu baitituzte gure bazkideek. Gainera, Euskadiko Liburutegien Sarean 37.729 film ikusi dira, 2019an baino % 292 gehiago. Film horiek, besteak beste, etxean egoteko tarte luze horietan lagundu digute.

Gure kopuruen inguruko albiste on horrek gutxiago iluntzen du Covid-19ak Liburutegiaren urteko estatistikan izan duen eragina; izan ere, hiru hilabeteko aparteko itxiera hori, gaur egun oraindik indarrean dagoen edukiera murrizketa eta liburuek erabilera batetik bestera igaro behar duten berrogeialdia kontuan hartuta ere, 2020ko balantzeak hainbat datu positibo eman ditu.

2020. urtean, bazkide kopuruak gora egiten jarraitu zuen 310 izen-emate berrirekin: 14.111 bazkidera iritsi ginen, hau da, Eibarko biztanleen % 50,60. Egunean 217 lagunek bisitatu zituzten gure aretoak, eta egunero 108 mailegu eman ziren, 2019an baino 22 gutxiago bakarrik.

Osasun-segurtasuneko protokoloek ahalbidetzen zizkiguten jarduerak antolatzen jarraitu genuen, eta guztira 2.131 pertsonen parte hartzea lortu genuen, 159 saiotan: irakurketa-klubak publiko guztientzat, hizkuntzak praktikatzeko bilerak, liburuen aurkezpenak, irakurketa sustatzeko lehiaketa birtualak, poesia-errezitaldiak eta tailerrak.

Udaleko beste arlo batzuekin eta ikastetxeekin lankidetzan egindako erakusketa didaktikoei dagokienez, bi egin ziren: bata genero-berdintasuna lantzeko, 200 pertsona inguruk parte hartuta, eta, bestea bullying-ari edo eskola-jazarpenari heltzeko, guztira 584 haurreko 32 eskola-talderekin.

Itxieraren ondoren, gure helburua izan zen ateak lehenbailehen irekitzea eta, pixkanaka, eman gabe utzi behar izan genituen zerbitzuak berriz ere eskaintzea: ordenagailuetarako sarbidea, bertan egiten den irakurketa, liburuen apalategietarako sarbidea, azken batean, "normaltasunera" itzultzea.

2020ko jardueraren laburpena bideo honetan ikus daiteke. Txosten osoa kontsultatu ahal izateko, sakatu hemen.