Liburu eta Disko Azoka egingo da urriaren 7tik 16ra bitartean Untzaga plazan

Liburu eta Disko Azoka aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

Liburu eta Disko Azoka aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2022/10/07

Helburua irakurketa sustatzea da. Azokan hainbat salmenta-postu jarriko dituzte, eta azken argitalpenak eskainiko dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz. Azoka irekita egongo da 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era astelehenetik ostiralera, eta 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era larunbat eta igandeetan.

Liburu eta Disko Azoka izango da aurten ere, gaur ostirala, hilak 7, hasi eta datorren urriaren 16ra arte. Untzagako plazan jarritako etxolak 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era egongo dira zabalik, astelehenetik ostiralera, eta 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era, asteburuetan.

Aurten jarritako postu edo stand ezberdinek azken argitalpen berriak erakutsiko dituzte, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere. Helburu nagusia da herritarren artean irakurzaletasuna sustatzea. 

Besteak beste, Erein, Imagica Ediciones eta El Gallo de Oro argitaletxeak izango dira. Eta, banatzaileak aparte, liburu-dendak eta udalaren stand-a egongo dira.

Bestalde, aurreko urteetan bezala, hainbat idazle izango dira bertan, besteak beste, Javier Sagastiberri, Miren E. Palacios eta Elordi García.

Besteak beste, honako liburu hauek aurki daitezke azokan: euskaraz, "Nola izan garen gauza" (Iban Zaldua), "Ez erran inori" (Maddi Ane txoperena) eta "Amez" (Goiatz Labandibar) ;eta gaztelaniaz, "Muerte en el Carlton" (Javier Sagastiberri), "La mirada de la tortuga" (Jon Arretxe) eta "Los Sota" (Eugenio Ibarzabal).

Liburutegiko datuak

Bestalde, Juan San Martin Liburutegitik jakinarazi dutenez, 2022ean gehien mailegatu diren euskarazko liburuak hauek izan dira: Dendaostekoak (Uxue Alberdi); Aitaren etxea (Karmele Jaio); Izurdeen aurreko bizitza (Kirmen Uribe); eta Miñan (Amets Arzallus); Solteroen dantzalekuak (Joxean Agirre). Gaztelaniazko maileguei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira:  La bestia: Madrid 1834 (Carmen Mola); La comunidad (Helene Flood); La novia gitana (Carmen Mola); El secreto de la boticaria (Sarah Penner); eta Niebla en el alma (Ragnar Jónasson).

Era berean, udal liburutegitik gogorarazi dute irakurketa talde ezberdinak daudela -helduen eta adin txikikoen artean- irakurketa sustatzeko helburu nagusiarekin. Helduen artean bi talde daude: Harixa emoten (euskarazko irakurle taldea), gaztelaniazko irakurketa kluba eta ingelesa ikasteko bilerak edota tailerrak Meetings at the Library izenburupean; azken horretan plaza libreak daude. Aurten, berritasun gisa, "Zurrumurruen aurkako I. Irakurketa laborategia: arrazistak gara? Irakur dezagun" ekimena antolatu da eta oraindik izena eman daiteke. Gainera, komiki-tailerrak ere badaude, eta urriaren 31 baino lehen eman beharko da izena.
Adin txikikoak, berriz, honako talde hauetan sartzen dira: Azalerako ipuinak (4 talde, 1 eta 3 urte bitarteko haurrekin), Liburuen poltsa (2 talde, 4 eta 7 urte bitarteko haurrekin) eta Paperezko hegoak (bi talde, 8 eta 12 urte bitartekoekin).