Liburu eta diska azoka hartuko du Untzaga plazak, urriaren 21era arte

Liburu eta diska azoka hartuko du Untzaga plazak, urriaren 21era arte

Liburu eta diska azoka aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2018/10/11

Helburu nagusia da irakurketa sustatzea. Hamasei salmenta-postu ipiniko dira. Bertan, azken argitalpenak eskainiko dituzte, euskaraz zein gazteleraz, baita aukerako liburuak ere. Liburu Azoka 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik lanegunetan eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era asteburuetan.

Liburu eta diska azokaren edizio berria hartuko du Untzaga plazak, gaurtik hasita eta datorren urriaren 21era arte. Azoka 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik lanegunetan eta ordu erdi gehiago luzatuko da asteburuetan, hau da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Hamasei salmenta-postu inguru ipiniko dira aurten eta azken argitalpenak eskainiko dira, euskaraz eta gazteleraz, baita aukerako liburuak ere. Helburua da irakurketa sustatzea herritarren artean. Gainera, "100 urte euskara zaintzen" izeneko erakusketa egongo da ikusgai herritar ororentzat.

Ohikoa denez, % 10eko deskontuarekin eskuratu ahal izango dira liburuak. Euskal Autonomia Erkidegoan egindako liburuen produkzioa 3.200 ale ingurukoa izan da azken urtean ere (ele bietan), 2.200 inguru euskaraz soilik egindako liburuak (Euskal Herrian eta estatu mailan) eta estatuan, berriz, 82.000, gutxi gorabehera.

Elkar, Erein, Txalaparta, Biok eta Arriaga dira, besteak beste, aurtengo azokan argitaletxeak, baita liburu-dendak eta udalaren stand-a ere.

Bestalde, aurreko urteetan bezala, liburu sinaketak egongo dira hainbat idazlerekin, urriaren 20an, larunbata, 19:00etan. Aurten, Miren Palacios, Javier Sagastiberri, Anton Arriola eta José Javier Abasolo idazleak egongo dira.

Aurtengo azokan ikusi eta erosi ahal izango ditugun liburu batzuk ondorengoak dira: "Mendi-joak" (Aingeru Epaltza), "Arrutiren banda" (Jon Arretxe), "Horma" (Anjel Lertxundi), "Arakistainen bidea" (Fito Rodríguez) edo "Arbasoen ituna" (Toti Martínez de Lezea), besteak beste.

Liburutegiko datuak

Bestalde, Juan San Martin Udal Liburutegitik adierazi dutenez, 2018 urte honetan gehien mailegatu diren euskarazko liburuak honako hauek dira:  "Jenisjoplin" (Uxue Alberdi); "Bihotz handiegia" (Eider Rodríguez); eta "Honetara ezkero" (Arantxa Iturbe). Gehien mailegatu diren gaztelerazko liburuak, berriz, hauexek dira: "Patria" (Fernando Aramburu); "El silencio de la ciudad blanca" (Eva García Sáenz de Urturi); eta "Tantos lobos" (Lorenzo Silva).

Halaber, Udal Liburutegitik gogorarazi dutenez, hainbat irakurketa klub daude martxan aurten ere umeen eta helduen artean; helburua da irakurketa sustatzen jarraitzea. Helduen artean bi talde daude: Harixa emoten (irakurketa kluba euskaraz) eta irakurketa kluba gazteleraz. Umeek, berriz, honako talde hauetan parte hartzen dute: Azalerako ipuinak (bi talde), Liburuen poltsa (lau talde: bi, haur Hezkuntzako ikasleekin eta beste bi Lehen Hezkuntzako ikasleekin), Paperezko hegoak (bi talde: Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleekin bata eta 4., 5., eta 6. mailako ikasleekin bigarrena).