Koreako kultura, sukaldaritza eta musika Eibarrera iritsiko dira Mika Fest jaialdiaren eskutik

Ezkerretik eskumara: Alex Robleño, ekitaldiaren sustatzailea, Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Andoni Zabala, Kultura zinegotzia.

Ezkerretik eskumara: Alex Robleño, ekitaldiaren sustatzailea, Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Andoni Zabala, Kultura zinegotzia.

2023/09/06

Coliseoan, irailaren 9an, Eibarko Udalak Alex Robleñorekin elkarlanean antolatutako Mika Fest jaialdia ospatuko da. Ondoren, afterparty ireki bat egongo da Errebal Plazan. Ekimena aitzindaria da Euskadin, eta hiria «Olatu Korearrean» murgilduko du, Asiako herrialdeko kultura, sukaldaritza, dantza eta musikarako espazio bat eskainiz, K-Pop-aren azken arrakastak barne. Sarrera doakoa izango da, baina cover dance lehiaketan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena; lehiaketa pantaila erraldoi baten bidez ere jarraitu ahal izango da Errebal Plazan.

Irailaren 9an (larunbata) Eibarrek Mika Fest hartuko du. Ekimen aitzindaria da  Euskadin eta herria "Koreako Olatua" edo "Hallyu" izeneko mugimenduan murgilduko du, zeinaren bidez Hego Koreako kulturaren adierazpen ezberdinek ospe handia lortu duten mundu osoan. Ekimena, Eibarko Udaleko Kultura Sailak antolatu du, Álex Robleño "Alxshow" influencerrarekin eta Euri dantza taldearekin elkarlanean. Asiako dantza eta cover dance –koreografia bat imitatu edo egokitzean datzan teknika– gustuko duten pertsona guztiei eta fenomeno kultural hori ezagutzeko interesa edo jakin-mina dutenei zuzenduta dago bereziki. Coliseo antzokian egingo da 16:00etatik 21:30era, eta Errebal Plazan jarriko den pantaila erraldoi baten bidez ere jarraitu ahal izango da; ondoren afterparty bat egingo da.

Jon Iraola Eibarko alkateak, Andoni Zabala zinegotziak eta Alex Robleñok Udalean aurkeztu dute Mikafestaren kartela eta egitaraua.  Jon Iraola alkatearen hitzetan, "Koreako Olatuaren ospakizuna Eibarren egingo den ekitaldi berezia da, fenomeno hori esploratzeko eta bertaratutako pertsona guztiek Koreako kultura eta sukaldaritza tradizionala esperimentatu ahal izateko, eta, era berean, Koreako entretenimenduaren azken joerei buruz ikasteko”.

Coliseoan egingo den jaialdiak bost ordutik gora iraungo du eta Errebal Plazan jarraituko du gero. “El Corazón de los Esports” dokumentalak, Koreako kultura erakusten du musikaren, artearen eta entretenimenduaren industriaren ikuspegitik eta hasiera emango dio Mika Festari, 16:00etan. Ordubete geroago, Jon Iraola alkateak eta ekimenaren sustatzaileek, modu ofizialean inauguratuko dute ekitaldia; ondoren Austin Park, One Million Seoul-eko (ospe handiko Dantza Eskola) irakasleak, Hego Korean dantzaren maisu handia eta munduko K-Pop bandarik ezagunenaren egungo dantzariak parte hartuko du.

Ondoren, Euri dantza taldearen eskutik, K-Pop estiloaren cover-lehiaketa egingo da; K-Pop izenarekin ezagutzen da Hego Korean ekoitzitako pop musika, nahiz eta horren barruan teknotik rockeraino doazen beste erritmo batzuk ere sartzen diren.

“Hallyu" fenomenoari buruzko mahai-inguru batekin amaituko da Coliseo antzokiko egitaraua, aditu eta protagonistekin.

Egunari amaiera emateko, Errebal Plazan afterparty edo agur-festa egingo da. Bertan, dantza egiteaz gain eta K-Pop musikaren azken arrakastekin gozatzeaz gainera, Koreako gastronomiako espezialitateak dastatu ahal izango dira.

Ekitaldia doakoa izango da bai Coliseoan bai Errebal Plazan, baina cover dance lehiaketan parte hartu nahi duten pertsonek aldez aurretik eman beharko dute izena eta berme ekonomiko bat ordaindu, geroago itzuliko dena.  Izena emateko epeak eta moduan enpresa sustatzailearen kanal ofizialean (www.mikafest.com) eta haren sare sozialean zehazten dira.

“Hallyu” mugimendua

 “Hallyu" edo "Korear Olatua" mugimendua joan den mendeko laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean sortu zen, Hego Koreak Txinarekin harreman diplomatikoak ezarri ondoren. Telesailek eta pop musikak ospe handia lortu zuten txinatar komunitatearen artean, eta fenomenoak mundu osoan izan du gero erantzuna, batez ere musikaren esparruan.