Juan San Martin Udal Liburutegiak antolatutako jardueretan izena emateko epea ireki du Udalak

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2022/09/13

Berritasun gisa, Zurrumurruen Kontrako Irakurketa Laborategi bat antolatu da, eta, aurreko urteetan bezala, helduentzako euskarazko eta gaztelaniazko irakurketa-klubak, hizkuntzak lantzeko bilerak eta haur-irakurketako klubak izango dira. Jarduera horietakoren batean parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete hilaren 23ra arte.

Juan San Martin Udal Liburutegiak zabalik du epea irailaren 23ra arte interesa duten pertsonek datozen hilabeteetarako antolatu dituen jardueretan izena emateko.  Guztira, bost dira antolatutako jarduerak.

Batetik, nobedade gisa, helduei zuzendutako laborategi bat egingo da, honako izenarekin: 'Zurrumurruen Aurkako Irakurketen I. Laborategia: arrazistak al gara? Irakur dezagun!'. Belaunaldiz belaunaldi jasotzen ditugun eta pertsonen arteko bizikidetza zailtzen dituzten  estereotipoen, aurreiritzien eta zurrumurruen inguruan hausnarketa egiteko gune bat da. 

Jarduera hau, Monica Leiva kazetariak zuzenduko du eta beren begiradarekin esperimentatu eta kategorien eraikuntza kulturalaren ondorio indibidual, sozial, ekonomiko eta politikoez jabetu nahi dutenei zuzenduta dago. Gune honetan literatur lanen irakurketa eta iruzkin kritikoa erabiliko dira gure begirada berreraiki eta ‘gutaz’ eta ‘besteaz’ hausnartu ahal izateko.

Bigarren proposamena ‘Harixa Emoten’ da, helduentzako euskarazko irakurketa-kluba.  Ainhoa Aldazabal Gallastegik dinamizatuko du. Tailerraren helburua da irakurleekin aurrez aurre hitz eginez ideiak, esperientziak eta bizipenak adierazteko aukera eskaintzea.  Liburutegiak 20 liburu eskuratuko ditu saio bakoitzeko eta parte-hartzaileen eskariaren hurrenkeraren arabera banatuko dira.

Hirugarren jarduera helduentzako gaztelaniazko irakurketa-kluba da Peru Magdalenak dinamizatuko du eta helburua da literaturan interesatutako pertsonen arteko harremana sustatzea eta aukeratutako liburuei buruzko iritzi-trukea eskaintzea. Gainera, irakurleei aukera eman nahi zaie beren lan pertsonala aberasteko klubeko kideen edo dinamizatzailearen iruzkin eta balorazioekin, bai eta obra baten irakurketan sakontzeko ere, klubeko kideen eta dinamizatzailearen laguntzarekin, irakurtzerakoan sarritan ihes egiten digun zer hori bilatuz.

Bestalde, bilera batzuk antolatu dira hizkuntzak lantzeko, zehazki ingelesa (gutxieneko maila B1 izango da); dinamizatzailea Edward Merriman izango da.  Frantses-saioak ere egongo dira, dinamizatzailerik lortuz gero. Jarduera honetan bilerak astero egiten dira.

Azkenik, irakurketa-klubak egingo dira neska-mutiko eta gazteentzat. 1, 2 eta 3 urteko umeen taldean, eta baita 4-7 urte artekoenean dinamizatzailea Saroa Bikandi izango da. Eta 8-12 urte arteko umeen taldean Naiara Rubio.

Informazio gehiago jasotzeko, eta baita programatutako jarduera guztien aurrematrikulak formalizatzeko, tramitazioa irailaren 23ra arte egin daiteke Udalaren webgunean, Kultura Sailean.