Juan Bautista Gisasola Musika Eskolak musika hizkuntzarako metodo interaktibo berria aurkeztu du
Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako ikasketa-proiektuaren baitan abian ipini dute zerbitzu berri bat.
Berritasun horrek aulavirtualmusica.com du izena, eta musika hizkuntzarako metodo interaktiboa da. Musika hizkuntzako lau unitatez osatuta dago, 20 unitate didaktiko ikastaro bakoitzeko eta bost atal unitateko.
Euskadin aitzindari izan da Musika Eskola metodo hau euskaraz erabiltzen.
Orain arte, Eskolan bertan prestatu eta editatutako liburu pedagogikoak erabili dira musika hizkuntza irakasteko, metodologia tradizionalak oinarri hartuta. Alabaina, gizartean gertatzen diren aldaketa sakonak kontuan hartuta –smarthphonen erabilera, hainbat musika aplikazio, interneteko programak eta abar-, bi pantaila interaktibo erosi dira diru kopuru handia erabilita, aipaturiko metodologia tradizionala gaur egungo premietara egokitzeko.
Sistema hau lehen hezkuntzako haurrei nahiz helduei dago zuzenduta, eta onarpen handia izan du azken horiengan.
Ikasleen ikuspegitik, klaserako testu liburua izango dute euskaraz, pentagramadun liburuxka eta guzti, eta, horrez gain, edozein gailuren bitartez interneten sartzeko lizentzia, musika hezkuntzako ikasketetan sakondu ahal izateko.
Programa honi esker klasean landutako edukiak berrikusteko aukera ere badago lizentzia pertsonalizatuaren bidez. Horrez gain, badauka atal bat, non ikasleak egindako aurrerakada ikusteko aukera duen irakasleak, berak nahi duenean, bai ariketetan bai probetan bai jokoetan …
Hobekuntza nabarmena eta era askotakoa eskaintzen du programa honek. Lehen urte honetan modu esperimentalean ari gara erabiltzen, baina lanean dihardugu programa oso-osorik euskaraz erabiltzeko. Hasi da fruituak ematen.
Hona hemen sistema berri honek ekartzen dizkigun abantailak:
- Ikaslea adi egoten da irakaslearen azalpenei; izan ere, pantailan azalpen horien adibideak azaltzen dira.
- Irakasleak askoz hobeto kontrolatzen du ikaslearen lana, programak berak laguntzen dio-eta ikasleari musika pasarteak jotzen edo jotzen laguntzen.
- Ariketa didaktikoek aukera anitza eskaintzen dute aldien, giltzen eta abarren erabilerari dagokionez.
- Ikasleak era interaktiboan jardun dezake, eta programak eskaintzen dituen joko ugarietan lehiatu. Horrela, askoz ere erakargarriagoa egingo zaio musika hizkuntza ikastea.
- Irakasleak ikasleak klasetik kanpo egiten duen lana kontrolatu ahal du bere pantailatik.
- Jokoen atalean motibazioa lantzen da, eta musika kontzeptuak eta musikarako gaitasuna hartzen ditu era ludikoan ikasleak.
- Iradokizunak ere onartzen ditu programa honek. Irakasleek eta abarrek osatutako foro baten bidez bestelako ariketak, beste musika pasarte batzuk, moldatu eta sartu ahal dira, eta, horrela, sortzen diren premien etengabeko egokitzapenean jardun.
- Sistema honek ikasketa pertsonalizatua ahalbidetzen du. Ikasleak bere premiei begirako lana egin dezake, taldeko programazioari bakarrik begiratu gabe.
- Unitate bakoitzean musika hizkuntza ahalik eta ondoen barneratzeko alderdi guztiak lantzen dira:
- Erritmoa. Gorputz perkusioz nahiz instrumentuz interpretatzeko partiturak. Doinututako ikasgai bakoitzak abiaduraz alda daitekeen erritmo laguntza du.
- Intonazioa. Afinazioa modu jostagarrian lantzen da, ereduak behin eta berriz jarraituz eta imitatuz.
- Diktatu melodikoak eta erritmikoak. Ikasleak era dinamikoan lantzen ditu erritmoaren entzumena eta partiturako transkripzioa.
- Musika teoria bideoz azaldua, azkenean galdera joko batez edo quizz bidez zer jaso den egiaztatzeko.
- Jokoak. Batere erakargarriak ez diren kontzeptu teorikoak -bitarteak, akorde osaketa …- errazak eta dibertigarriak bihurtzen dira unitateetan dauden jokoei esker.