Ia 2.900 ikusle izan dira Eibarko Antzerki Jardunaldietan

Coliseo antzokia. Artxiboko irudia.

Coliseo antzokia. Artxiboko irudia.

2021/03/29

Udalak balantze positiboa egin du, kontuan hartuta pandemia-egoeran egin dela eta aforo-murrizketak izan direla. Jon Iraola alkateak nabarmendu du kultur jarduera 'seguru' baten aldeko apustua egin dutela, osasun-egoerak ezarritako baldintzei eutsiz

2.900 pertsona inguru (2.869, zehazki) izan dira martxoaren 23an amaitu ziren Eibarko Antzerki Jardunaldien 44. edizioan. Guztira 22 ekitaldi  (21 emanaldi eta inaugurazio eguneko mahai-ingurua),  batez beste 137 pertsona ikuskizuneko, eta takillan jasotako diru-kopurua 26.590,50 eurokoa izan da. Osasun-krisiak markatutako jardunaldiak izan dira, eta, hala ere, emaitza positiboa izan da bai ikuskizunen kalitatearen bai publikoaren aldetik.

Jon Iraola Eibarko alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta Jose Luis Gonzalez Saileko teknikariak Udalak antolatutako Jardunaldien balantzea egin dute.

Iraolak azpimarratu du garrantzitsua izan dela jardunaldi hauek egin ahal izatea pandemiak eragindako murrizketen egoera batean, eta horrek agerian uzten duela "Eibarko Udalak kultur jarduerarekin duen konpromisoa, 'kultura segurua' leloarekin, segurtasun-neurriak bermatu baititu antolaketaren teknikari eta arduradunen inplikazioarekin”.

Eta, ildo horretan, pozik azaldu da jardunaldien arrakastagatik eta “betiko datetan eta aurreko edizioetako egitura berarekin egiteko Udalak izan duen borondateagatik”.  Gainera, aipatu behar den puntu nagusiena da jende asko joan dela ikuskizunetara".

Eta gaineratu duenez, "Ziurgabetasun handiko egoerak, hala nola itxitura perimetrala, Eibar inguruko pertsonak lehen saioetara joatea eragotzi zuena, emanaldien  ordutegia, aforoen murrizketa, nola erantzungo zuen jendeak pandemiaren aurrean, edo konpainietako kideak kutsatzeagatik funtzioak eteteko aukera ez dira oztopo izan antolatzaileentzat, eta eskerrak eman nahi dizkiet”.

Kulturaren alderdiari dagokionez, udal ordezkariek adierazi dute bete egin direla planteatu ziren helburuak. Batetik, Jardunaldien egutegia eta programazio-lerroari eustea, segurtasun-neurriak betez. Bestetik, egitarau duin bat eskaintzea era guztietako ikusleentzat, egungo antzerki-ekoizpenaren joerak, estiloak eta ezaugarriak islatuz.

Guztira 79 aktore pasatu dira Coliseotik (33 emakume eta 46 gizon), konpainietako 30 teknikari argiztapen eta soinu-lanetan aritu dira, bai eta 9 pertsona bestelako eginkizun teknikoetan, sarreren salmentan, materialaren zamalanetan eta Coliseo egokitu eta garbitzeko lanetan. Zortzi ikuskizun emakumeek zuzendututakoak izan dira eta zortzi izan dira baita ere emakume batek idatzitakoak.

Jardunaldien edizio honetan, apustu garbi bat egin da egile berrien alde, eta, duela gutxi sortutako libretoak antzeztu dira, besteak beste egile hauenak: Garbi Losada, Laila Ripoll, Mafalda Vellido, Richard Sahagún, Lucy Kirkwood, Galder Pérez edo Patxo Telleria.  

Gainera, oso aktore ezagunak ere etorri dira: Imanol Arias, Pepe Viyuela, Patxo Telleria, Elena Irureta, Ander Lipus edo Joaquín Climent. Eta bidea egiten ari diren aktoreak ere ekarri dira: Richard Sahagún, María Redondo, Xanti Korkostegi, Pelayo Serrano, Miren Arrieta, Nerea Mazo edo Pabelloi 5 Gazte konpania.

Konpainien jatorriari dagokionez, hamar Euskal Herrikoak izan dira, hiru madrildar, bi aragoiarrak, bat kanariarra, bat andaluziarra eta beste bat hainbat erkidegotako jendez osatutakoa. Horrez gain, aipatu behar da inaugurazioko mahai-inguru arrakastatsua, non Juan Ortegari, jaialdiaren fundatzaileetako bati, egin zitzaion omenaldia 

Jardunaldiak garatzeko funtsezkoak izan dira, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza, eta Coliseo antzokian jarduera bermatzeko ezarritako neurriak, hala nola sarrerak aldez aurretik hitzordua eskatuta saltzea, edukiera murriztea, antzerkiaren barruko norabide bakarreko zirkuituak, edo gela hidroalkoholikoak jartzea sarreran eta esparruko eremu komunetan.

Azkenik, azpimarratu behar da sarreren % 36,10 (1.036) Coliseoaren Laguna txartela duten pertsonek erosi dituztela. 237 pertsonak berriztu dute txartela aurten. Gainontzekoak, ohiko sarrerak izan dira (1.833). Eskuratzeko moduari dagokionez, sarreren % 51,34 (1.473) takillan saldu dira eta % 48,66 (1.396) bide telematikoak erabiliz.