Haurren aurrean, helduok heldu

2021/11/26

"Haurren aurrean, helduok heldu" umeen zuzeneko heldu erreferenteek (guraso, hezitzaile, senide, monitore, lagun…) euren arteko, hau da, helduon arteko, hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da. Azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean, eremu informaletan (parkeak, plazak, terrazak, etxea…) gauzatuko da ekimena.

 "Haurren aurrean, helduok heldu",  Topaguneak abiatutako aktibazio-ekintza, Euskal Herriko hainbat herritan gauzatuko da, azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean. Gure herrian Eibarren AKEBAI arduratu da antolaketaz. Ikastetxe, guraso elkarte, kirol klub eta aisialdi taldeetan egin da gonbidapena, ingurukoei informazioa zabaldu eta parte hartzera anima daitezen. 

Helburua da 0-12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten helduak (guraso, senide, hezitzaile, monitore, zaintzaile…) aktibatzea, hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko. Helduak umeentzako eredu!

Nola parte hartu ariketan? 

Pentsatu norekin alda ditzakezun hizkuntza ohiturak (parkean, eskola inguruan  edo umeekin harremana duzun bestelako ekintzetan / eremuetan).

  • Kide horiei elkarrekin ariketa egitea proposatu.
  • Informatu zure ingurua ariketa egitera zoazela.  Ariketa soziala egin, hainbat modutan:
  1. Euskaraz ondo moldatzen bazara:
  • Lehen hitzak euskaraz egin, euskara ulertzen duten ezagunei zein ezezagunei.
  • Ulertzen duten kideekin eutsi beti euskarari, baita horiek erdaraz hitz eginda ere.
  1. Hitz egiteko zailtasunak badituzu, baina ulertzen baduzu:
  • Gonbidatu zure ingurukoak euskaraz jarrai dezaten / aritu daitezen zurekin.

Ekimenari ikusgarritasuna emateko eta ariketa soziala gogoan izateko, herrian zehar umeak eta helduak biltzen diren hainbat gunetan (parke, plaza, ikastetxe kanpoalde, kirol instalazio...), "Haurren aurrean, helduok heldu" egitasmoaren irudia jarri da.

Bestalde, parte-hartzaileek identifikatu nahi badute, horretarako egokitutako pegatinak eska ditzakete ikastetxeetan.