Gipuzkoako Aldundiak Elena Barrena Osorori eman dio 2025eko Ondare Saria
Asteartean egin zen 2025eko Ondare Sariaren ekitaldi ofiziala Eibarko udaletxeko Udalbatza Aretoan
Eibarko Udalak proposatuta, 2025eko Ondare Saria Elena Barrena Osorori eman dio Gipuzkoako Aldundiak. Sari honen helburua da lurraldeko kultura-ondarea babesteko, ikertzeko eta zabaltzeko egindako lanagatik nabarmendu diren erakunde elkarte edo pertsona fisiko edo juridikoak omentzea. Aurten, Gipuzkoako historia bizi-ardatz izan duen pertsona bati egin nahi izan zaio gorazarre.
Elena Barrena Osoro 1977. urtean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, Filosofia eta Letretan, Historia atalean. Urte batzuk geroago unibertsitate berean aurkeztu zuen tesia: Las transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época medieval: la reforma histórica de Guipúzcoa. Harrezkeroztik, historialaria etengabe aritu zen ikerkuntzan, eta hainbat eta hainbat lan argitaratu zuen ondoren. Gipuzkoako hiribilduen sorreren inguruko aditu nagusiena zen Elena.
1.000 urte bete dira Gipuzkoaren lehen aipamen idatzia egin zela, eta Elena ezin dugu ospakizun horretatik at utzi, historialariaren ikerketaren oinarria Gipuzkoa izan baitzen, lurraldearen izaera, izana eta osagaiak xedatzeko.
Ezin da lurralde baten historia eraiki pertsona batzuen jakin-minik eta ekarpenik gabe. Horregatik, ezer gutxi jakingo genuke gure historiaren inguruan Elena eta beste ikerlari batzuen lanik izan ezean. Barrenaren ekarpenen garrantziaren adibide da haren ikasle talde batek egin zion omenaldia: Gipuzkoa, mila urteko historia: Elena Barrenari gorazarre. Ez dago omenaldi hoberik irakasle eta historialari batentzat, ikasle izandakoz osatutako historialari talde batek, zure lana, ekarpena eta bizi esperientzia oinarri hartuta, artikulu bilduma bat argitaratzea baino. Asteartean, Elenaren ikasle izandako Eider Landaberea eta David Zapirain historialariek Barrenaren hitz batzuk gogoratu zituzten, eta argi geratu zen Elenarentzako opari ezin hobea izan zelan liburu hori. Emozioz beteriko ekitaldian, Elenaren alabak eta senarrak jaso zuten haren izenean saria.
Elena Barrena Osorok Ondare Sariaren irizpide guztien adibide izan zen. Gipuzkoako ondarearekiko konpromiso maila handia izan zuen, baita ibilbide luze eta emankorra ere, eta hark egindako lanak gure gizartearen balio guztiak eraikitzen lagundu digu.