Eibarko Udala
armagintzaren museoa

Kultura, sormena eta bizikleta izango ditu oinarri Armagintza Museoak urtea ixteko

2025/12/04
Artxibo irudia. Armagintzaren Museoa.
Artxibo irudia. Armagintzaren Museoa.

Erakusketek, tailerrek eta bisita gidatuek balioan jartzen dute industria-historia eta sormen garaikidea. Bizikleta protagonista bihurtu da tradizioa eta artea lotzen dituen programa batean.

Herriko industria-ondare aberatsa balioan jartzen duten jarduera kulturalez betetako urte amaiera prestatu du Armagintzaren Museoak, oinarria bizikleta eta sormen garaikidea izanik.

Abenduan zehar, programazioaren ardatza "Errobera artean" aldi baterako erakusketa izango da. Bertan, bisitariak bizikleta ezagutzera gonbidatzen ditu, izan ere, bizikleta Eibarko historiaren elementu giltzarria izateaz gain, hainbat sortzaileren inspirazio-iturri ere bada.

Abenduaren 13a, ostirala, industria-memoriari eskainitako eguna izango da. Goizean, “Bizikletaren arkitektura” izeneko bisita gidatu bereziak egongo dira: Errebal plazatik aterata,  bizikletak egiten zituzten enpresak kokatuta egon ziren herriko eraikinak aztertzea izango dute helburu.  Ibilbide hauek gazteleraz eta euskaraz eskainiko dira, 10:00etan eta 12:15ean. Horrez gain, egun berean, museoa zabalik egongo da, eta erakusketa iraunkorra ikusteko doako bisita gidatuak egingo dira, herriko industriaren historia-bilakaeraren ikuspegi globala eskaintzeko.

Programazioari amaiera emateko, abenduaren 20an (ostirala), 17:00etan, industria- bitxigintzaren inguruko tailer bat emango da. Jarduera horren bidez, parte-hartzaileek aukera izango dute industria-elementuak eta birziklatutako piezak bitxi garaikide bihurtzeko, Eibarko tradizio metalurgikoa eta egungo sormena uztartuta. Hala, industriaren sendotasuna pieza artistiko paregabe bihur daitekeela ikusi ahal izango da.

Andoni Zabala Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, “jarduera hauen xedea da Eibarko industria-historia herritarrengana gerturatzea, modu parte-hartzaile eta sortzaile baten bidez. Gure asmoa da bai eibartarrek bai kanpotik datozen bisitariek ere jakin dezatela tokiko industriak zer-nolako garrantzia izan zuen eta horrek nola eragin duen kultura-identitatean”.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Armagintzaren Museoa, gure iragana babestu eta gordetzeaz gain, sormen berrietarako inspirazio-iturri ere bada. Urteari amaiera emateko horrelako jarduerak antolatzeak Eibarko industria-tradizioaren eta arte-berrikuntza garaikidearen arteko harremana sendotzea ahalbidetzen digu”.