Gabonetarako haurrentzako hainbat jarduera antolatu ditu Udalak

 Haurrentzako Gabonetako jardueren aurkezpenaren irudia.

Haurrentzako Gabonetako jardueren aurkezpenaren irudia.

2020/12/16

Olentzerorekin, "Negulekuak" edo gabonetako haurren parkeekin –Udalak antolatzen ditu, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren laguntzarekin– eta Errege Magoekin zerikusia duten hiru ekimen nagusik osatzen dute egitaraua. Horiek guztiak ezarritako segurtasun-arauak betez garatuko dira, 2021eko abenduaren 18tik urtarrilaren 6ra bitartean, Covid-19ren pandemia dela eta.

Eibarko Udaleko Gazteria Sailak hainbat jarduera antolatu ditu Gabonetarako, haurrei zuzenduta.

Jarduera-sorta hiru ekimen nagusik osatzen dute, 2021eko abenduaren 18tik urtarrilaren 6ra bitartean egingo direnak: Olentzeroren harrera, "Negulekuak" edo Gabonetako haur-parkeak –Eibarko Udalak antolatuta, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren laguntzarekin–, eta Errege Magoen etorrera.

Miguel de los Toyos alkateak, Patricia Arrizabalaga Gazteria zinegotziak eta Asier Lopez de Viñaspre Saileko teknikariak prentsaurrekoa eman dute gaur goizean.

Olentzero

Lehenengo jarduera Eibarko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei Olentzeroren bisita eginez egingo da, abenduaren 18tik 23ra. Harrera guztiak eskoletako patioan izango dira.

Aldi berean, abenduaren 21etik 23ra, arratsaldez, 17:00etatik 19:30era, postontziak jarriko dira udaletxean bertan eta Portalean, haurrek beren gutunak bidal ditzaten, Olentzerori berari mezu bat bidalita.

Olentzeroren bisita abenduaren 24an izango da udaletxean, 11:00etatik 14:00etara, baina aldez aurretik, abenduaren 21ean, astelehenean, 17:00etatik 19:00etara, eta txandak agortzen ez diren bitartean, aldez aurreko hitzorduak banatuko dira udaletxeko arkupeeetan, hilaren 24ko harrerara joateko. Txandak familia-unitateen arabera banatuko dira, eta gehienez 6 pertsonak osatu ahal izango dituzte. Familia bakoitzaren bisita 2 minutukoa izango da, gutxi gorabehera.

Berrikuntza gisa, aurten Olentzerorekin lotuta dauden hainbat bideo zabalduko dira, Kulturako sare sozialen bidez, Telegram berehalako mezularitza aplikazioan, eta Kultura Sailak laster YouTuben estreinatuko duen kanal berrian. Lehen bideoa abenduaren 23an zabalduko da, eta, ondoren, hilaren 25eko 00:00etatik aurrera, haurrak animatzeko beste bideo laburragoak argitaratuko dira.

Aurten, eta egungo egoera dela eta, ez da gozokirik banatuko umeen artean.

"Negulekuak"

Bestalde, eta 2020-2021 Gabonetako kanpainaren barruan, Udaleko Gazteria Sailak, Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin elkarlanean, "Negulekuak" ekimena antolatu du, datorren larunbatean, abenduaren 19an, estreinatuko dena. Gabonetako haur parkea da, eta aurten, aurrekoetan ez bezala, lau ekipamendutan banatuko da: Jazinto Olabe ludoteka, San Andres eskola, Astelena pilotalekua eta Portalea. Ekipamendu bakoitza haurren adin jakin bati zuzenduta egongo da. Haur eta txanda bakoitzeko sarrera kostua 3 eurokoa izango da. Hala ere, Eibarko dendetan banatuko diren bonoekin sarrera doakoa izango da.

Jazinto Olabe ludoteka 2015ean jaiotako haurrentzat prestatuko da, eta txanda bakoitzean 15 plaza egongo dira. Ekipamendu horrek hiru gune izango ditu: eskulanak egiteko gune bat, mahai-jokoetarako beste bat eta barne-jokoetarako beste bat.

Bestalde, San Andres eskolako gimnasioak, Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetako haurrentzat izango denak, 40 plaza izango ditu txanda bakoitzean. Bertan, ginkanak, erronkak eta mugimendu-joko desberdinak egin ahal izango dira. Sarrera zabuen edo kolunpioen aurrean dagoen sarreratik egingo da (arrapala eta eskailera); irteera, berriz, goialdetik, Arane kaletik (Txomo parkeko eskailerak igota).

Astelena pilotalekua Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako haurrentzat izango da, eta 50 plaza izango ditu. Kontsolen, erronken, ginkanaren eta mugimenduarekin lotutako jolasen gune bat egongo da eskuragarri, baina ez da puzgarririk egongo. Haurrak, begirale bakoitzeko 10-12ko taldeetan banatuta, arlo guztietatik igaroko dira.

Aipatutako hiru kokaguneetan (Jazinto Olabe, San Andres eta Astelena pilotalekua) honako ordutegia izango dute: 11:00 - 12:20; 12:30 - 13:50; 16:30 - 17:50; 18:00 - 19:20; eta 19:30 - 20:30.

Portaleko 3. solairua Lehen Hezkuntza ikasten ari diren haur guztientzat jarriko da. Adin txikikoek eskulan tailerretan parte hartu ahal izango dute, ikastaroka banatuta. Eta, ikastaro bakoitzean, 8 plaza izango dira guztira. Hiru egunetik behin, gutxi gorabehera, eskulanen modeloak aldatuko dira eta egunero bi aukera egongo dira aukeran. Kasu horretan, sarrera eta irteera Eulogio Garate kaletik egingo dira, hain zuzen ere Portaleko 3. solairua dagoen tokitik.

Portalea irekitzeko ordutegia honako hau izango da: 10:30 - 11:50; 12:00 - 13:20; eta 16:30 - 17:50.

Lau parkeak abenduaren 19, 26, 28, 29, 30 eta 31n eta 2021eko urtarrilaren 2,4 eta 5ean irekiko dira haurrentzat. Portalea, ordea, itxita egongo da abenduaren 31n.

Bertara joateko, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da horretarako prestatutako webgunean, bihartik aurrera, osteguna, abenduaren 17tik aurrera.

Horrela, bihartik aurrera, hilak 17, abenduaren 19 eta 26ko txandetara joateko hitzordua eskatu ahal izango da; abenduaren 26an, abenduaren 28an, 29an, 30ean eta 31n joateko hitzordua, eta, azkenik, abenduaren 31n, urtarrilaren 2ko, 4ko eta 5eko txandak erreserbatu ahal izango dira.

Familiek ezingo dute ekipamenduetara joan.

Errege Magoak

Azkenik, Errege Magoek ere protagonismo berezia izango dute aurtengo egitarauan. Horretarako, Olentzeroren ekimenean bezala, postontziak jarriko dira Portalean eta udaletxean, urtarrilaren 4an, 17:00etatik 19:30era, haurrek opariak eta/edo desioak eskatzeko gutunak utz ditzaten.

Errege Magoen bisita urtarrilaren 5ean izango da, 17:00etatik 20: 00etara, udaletxeko patioan. Aldez aurretik, hilaren 4an, 17:00etatik 19:00etara, udaletxeko arkupeetan bertan, hitzordua eskatu beharko da ekitaldira joateko. Kasu horretan, txandak familia-unitatearen arabera ere banatuko dira, eta gehienez ere sei pertsonak osatu beharko dute. Familia bakoitzaren bisita bi minutukoa izango da, gutxi gorabehera. Aurten ez da gozokirik banatuko.

Amaitzeko, jarduera honen barruan, bideo batzuk ere zabalduko dira, adin txikikoei Ekialdeko Errege Magoen irudia gehiago gerturatzeko. Urtarrilaren 4an, lehenengoa argitaratuko da Kulturako sare sozialetan, Telegramen eta laster estreinatuko den Kulturako YouTube kanal ofizialean. Azkenik, urtarrilaren 6ko 00:00etatik aurrera, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin lotutako beste zazpi bideo labur argitaratuko dira.