Federico Rodriguez Cabezón ikerlariaren hitzaldi arrakastatsua Artxiboan

2018/04/13
Bertaratu zirenek ikerlariaren konklusioak ezagutzeko aukera izan zuten: bonba ez zen lehertu, ez lurra ukitzean, ez airean, eta ezta tunel barruan ere.

Hitzaldi interesgarria izan genuen atzo, apirilaren 12an, Eibarko Udal Artxiboan: "O'Donell kaleko bonba, lehertu zen ala ez?"· Bertaratu zirenek ikerlariaren emaitzak jaso zituzten; bonba ez zela lehertu, alegia, ez lurra ukitzean, ez airean, eta ezta tunel barruan ere.

Dokumentu askotan oinarrituta, Matematikako kalkulu ezin zehatzagoak eginda eta gaia Fisikako problema bat balitz bezala planteatuta, Federico Rodriguez ikerlaria ondorio horietara heldu da bi hipotesi hauetatik abiatuta: bonba tunelaren kanpoko aldean edo tunel barruan lehertu zela (gerrako 14. babeslekua), edo, ez zela lehertu.

Lanaren helburu nagusia ez zen, inondik ere, babesleku hartan hildako pertsonak zenbat izan ziren jakitea, gertakariaren inguruko hausnarketa bat egitea baizik, nola zitekeen hainbeste pertsona hiltzea kalte materialak hain txikiak izanda.

Planteamendu benetan berezi batetik abiatuta, Federico Rodríguezek konklusio horiek zuhurtasunez hartzea gomendatzen du, gertakari hura argitzen laguntzeko ikuspegi tekniko soiltzat jotzea, alegia.

Jendeak gogoz hartu zuen parte hitzaldia amaitzean.

etiketak: