Arratek tradizioa, kultura eta festa bilduko ditu berriz ere 2026ko jaietan
Ospakizunak irailaren 7an eta 8an izango dira, eta 13ra arte luzatuko dira, Kofradiaren eta Jubilatuen Egunarekin. Programazioak ekitaldi tradizionalak (ezpata-dantza, prozesioa eta Arrateko dantzak) uztartuko ditu bertsolariekin, musikarekin, herri kirolekin, pilotarekin, dantzarekin eta belaunaldi guztientzako jarduerekin.
Eibar Arrate aldera begira jarriko da berriz ere irailaren 7an eta 8an, Arrateko Amaren jaiak direla-eta. 2026ko programazioak ekitaldi erlijiosoak eta jaiaren adierazpen tradizionalenak uztartuko ditu musikarekin, bertsolariekin, herri-kirolekin, dantzarekin, trikitixarekin eta publiko guztientzako jarduerekin.
Bezperan, irailaren 7an, (astelehena) 18:00etan hasiko dira ekitaldiak, Arrateko santutegian emango den mezarekin. Ondoren, Salbea, txupinazoa eta kanpai-errepika egingo dira, jaiei hasiera ofiziala emateko. Ordu horretatik aurrera, zelaian jai elektronikoa egingo da Gurutzearen inguruan. 19:00etan, herri-kirolen txanda izango da, eta, gauean, 21:00etan, Tiro Pitxoian bertso-saioa egingo dute Andoni Egañak, Maddi Ane Txoperenak, Saioa Alkaizak eta Aitor Mendiluzek. Eguna amaitzeko, Maruxak eta Bad Soundek kontzertuak eskainiko dira.
Irailaren 8an, asteartean, ekitaldi garrantzitsuenak egingo dira. Goizeko 10:00etan Azitainetik Arraterainoko ohiko igoera egingo da, Ama Birjinaren pausoen bide zaharretik. Zesteroko iturrian salda eta txorizoa eskainiko zaizkie parte-hartzaileei, Jai Batzordeak antolatuta. Ordu berean hasiko da Kittonbola ere.
Goiz osoan zehar musika tradizionalak leku nabarmena izango du. 10:30ean, Usartza Txistulari Banda izango da protagonista, eta 11:00etan Meza Nagusia egongo da Santutegian. Eguneko une nagusietako bat Arrateko Amaren ezpata-dantza izango da, Kezka Dantza Taldearen eta Usartza Udal Txistulari Taldearen eskutik.
Meza ostean prozesioa izango da, Usartza Bandak, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek, Kezka Dantza Taldeak, bertsolariek eta erakundeetako ordezkariek lagunduta. 12:30ean, Arrateko Ama Birjinaren Dantzen eszenatoki bihurtuko da berriz ere zelaia, Kezka eta Usartzaren eskutik.
Programazioak arratsaldean jarraituko du, Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eta Millan Telleria eta Loidisaletxe bertsolarien emanaldiekin. 17:30ean, dantza solte txapelketa egingo da. Hamar bikotek hartuko dute parte: bost, 15 urtetik gorakoak eta beste bostak, hortik beherakoak.
Kirolak izango du protagonismoa berriz ere, 18:00etan, Hiru Txirloko Arrateko Ama Sariarekin, Asola Berri elkarteak antolatuta. Jai egunari amaiera emateko, 18:30etik 20:30era erromeria izango da Mugi Panderoa taldearekin.
17:00etatik 20:00etara, aisialdian alkoholaren kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko eta gutxitzeko kanpaina bat ere egingo da. Ekimena GARAIA taldearen eskutik egingo da, Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren laguntzarekin.
Jon Iraola Eibarko alkateak festa hauek duten esanahi berezia eta izaera propioa mantentzearen garrantzia azpimarratu ditu. “Arrate Eibarko memoria kolektiboaren parte da. Bere tradizioei eusten jakin duen festa bat da, baina, aldi berean, proposamen eta jarduera berriak asmatuz joan dena. Gure helburua da belaunaldi bakoitzak bere espazioa aurkitzea Arraten”.
Ospakizuna posible egiten duen elkarlanean ere jarri nahi izan du fokua Iraolak. “Ekitaldi bakoitzaren atzean pertsona, elkarte eta kolektibo asko daude, hilabetetan lan egiten dutenak dena prest egon dadin. Udalak bereziki eskertu nahi du ahalegin hori, eta eibartarrak animatu nahi ditu Arratera igo eta jaiez errespetuz eta arduraz gozatzera”.
Ospakizunek bigarren parte bat izango dute irailaren 13an (igandea), Kofradiaren eta jubilatuen Eguna dela eta. Goizeko 10:30ean hasiko da Simón Aldazabal XXXI. Antxitxiketaldia, Eibar Klub Deportibotik hasita.
11:00etan Meza Nagusia izango da, German Meabebasterretxea eta Nerea Elustondo bertsolariek lagunduta, eta ondoren prozesioa Usartza Txistulari Bandarekin.
12:00etan, paella-lehiaketa egingo da zelaian. Parte hartu nahi dutenek irailaren 9ra arte izango dute izena emateko aukera. Sari-banaketa 14:00etan izango da.
Egunean zehar pilota-partiduak ere egongo dira. Kaelo Memorialeko kadete eta gazte mailetako partidak jokatuko dira, eta 17:30ean idi gazteen doako erakustaldia izango da.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak, hain zuzen ere, aurtengo programazioaren aniztasuna azpimarratu du. “Arrateko jaiak ez dira egun bakarreko ospakizunak, eta horregatik nahi izan dugu programazioak errealitate hori islatzea. Tradizio erlijiosoek badute beren espazioa, baina baita euskal kulturak, musikak, dantzak, bertsolaritzak eta kirolak ere”.
Zabalak nabarmendu duenez, “Arraten kultura eta festa istorio beraren parte dira”. Horren harira, zera adierazi du: “Ezpata-dantza, Arrateko dantzak, bertsolariak, txistulariak, trikitixa edo ohiko kirolak ez dira soilik programa baten barruko jarduerak: gure ondarearen eta Eibarko identitatearen parte dira”.
Zinegotziak, gainera, herritarrak animatu ditu proposamenetan parte hartzera. “Jendea Arratera igotzea nahi dugu, gozatzea, lagunekin eta senideekin topo egitea eta hain gurea den elkarrekin ospatzeko sentsazio hori berriz bizitzea. Adin eta gustu desberdinetarako proposamenak daude, baina guztiek dute zerbait amankomunean: Arrate elkarrekin egoteko gune izatea”.
Eibarko Udalak antolatzen ditu jaiak, Andirao , “...eta kitto!”, Asola Berri, Betikuak eta Eibarko Klub Deportiboa elkarteen laguntzarekin.
Beste behin, Arrateko jaiek elkarrekin egoteko aukera emango digute. Tradizioak, musikak, kirolak eta kulturak bat egingo dute egun batzuetan Arrateko Ama Birjinaren eta eibartarrek gehien maite duten lekuetako baten inguruan.