Udalak aurrematrikula-epea ireki du Juan San Martin Liburutegiko haur eta helduentzako irakurketa klubetan izena emateko
Proposamenen helburua da irakurzaletasuna eta euskararen erabilera sustatzea eta literaturaz txikitatik gozatzea. Eskaintzak haurrentzako bi proposamen jasotzen ditu.
Eibarko Udalak 2026-2027 ikasturtean zehar Juan San Martin Liburutegian egingo diren irakurketa-klubetarako aurrematrikula-epea zabaldu du. Programazioak haurrei zuzendutako bi proposamen eta helduentzako euskarazko irakurketa klub bat biltzen ditu, irakurzaletasuna sustatzeko eta literaturaz partekatu eta gozatzeko espazioak sortzeko helburuarekin.
Haur kluben aurrematrikula abuztuaren 31tik irailaren 25era egongo da zabalik, eta helduentzako irakurketa klubean parte hartzeko epea, berriz, irailaren 13an amaituko da.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela irakurketa txikitatik sustatzea. “Nahi duguna da liburuak umetatik eibartarren bizitzaren parte izan daitezela eta liburutegiak elkartzeko eta parte hartzeko espazio biziak izan daitezela. Irakurketak ikasten eta gure irudimena garatzen laguntzeaz gain, esperientziak partekatzen eta komunitatea eraikitzen ere laguntzen digu”, adierazi du.
Haur Liburutegian adin tarte ezberdinei zuzendutako bi proposamen izango dira ikasturtean zehar: “Azalerako ipuinak” eta “Liburuen poltsa”.
“Azalerako ipuinak” 1, 2 eta 3 urteko haurrei zuzenduta dago, beren ama, aita edo tutoreak lagunduta. Bost zentzumenen bidez literatura txikienengana hurbiltzea du helburu jarduerak, abestiak, ipuin laburrak, hitz jokoak eta olerkiak erabiliz. Familiei espazio bat eskaini nahi zaie, lehen urteetatik liburuek eskaintzen dituzten baliabide eta aukerak elkarrekin deskubritzeko.
“Liburuen poltsa”, berriz, Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrei zuzenduta dago. Jolasen eta dinamiken bidez, irakurzaletasuna eta liburuekiko lotura landuko dira, haurren nahiak, interesak eta fantasia abiapuntu hartuta.
Bi jarduerak Saroa Bikandik dinamizatuko ditu, euskaraz egingo dira eta Haur Liburutegian izango dira hilean behin, astelehenetan. Parte-hartzea doakoa izango da.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, “programazioa haurrek, familiek eta helduek irakurketarekin duten harremanaren etapa desberdinetan laguntzeko pentsatuta dago. Irakurtzea, halaber, esperientzia partekatua, dibertigarria eta gertukoa izatea nahi dugu, eta horregatik, formatu desberdinen aldeko apustua egiten dugu, adin bakoitzari egokitutakoak eta klubetako kideen parte-hartze aktiboarekin”.
Bi kasuetan, taldea osatzeko 12 eskaera baino gehiago jasotzen badira, zozketa egingo da. Taldea osatu ahal izateko, gutxienez sei parte-hartzaile izan beharko dira.
Eskaintza osatzeko, “Idazlearekin harixa emoten”, 16 urtetik gorako pertsonei zuzendutako euskarazko irakurle kluba dago. Ekimenaren xedea da literaturzaleen arteko harremana sustatzea, liburuei buruz hitz egiteko espazioak sortzea eta irakurketaren esperientzia pertsonala aberastea, iritziak eta balorazioak trukatuz.
Klubaren elementu bereizgarrietako bat idazleen parte-hartzea da, irakurleekin aurrez aurre egon eta irakurritako liburuei buruzko ideiak, esperientziak eta bizipenak partekatzeko aukera izango baitute.
“Egileek beren lanak irakurri dituztenekin topo egiteak balio erantsi oso garrantzitsua ematen dio klubari”, azaldu du Zabalak. “Irakurketetan sakontzeko, begirada berriak deskubritzeko eta, batez ere, euskarazko literaturaz konpainian gozatzeko aukera ezin hobea da”.
Liburutegiak konpromisoa hartzen du saio bakoitzerako 20 ale edukitzeko. Liburuak parte-hartzaileen artean banatuko dira, eskaera-ordenaren arabera.
Kluba Ainhoa Aldazabalek dinamizatuko du, …eta kitto! Euskara Elkartearen lankidetzarekin, eta Portalean egingo da hilean behin, urritik maiatzera, astearteetan, 19:00etatik 20:00etara. Jarduera doakoa izango da.
“Azaleko ipuinak” eta “Liburuen poltsa” saioetan parte hartu nahi dutenek irailaren 25era arte egin ahal izango dute aurrematrikula, Udalak prestatutako formularioen bidez.
“Idazlearekin harixa emoten” saioetarako, irailaren 13ra arte egongo da zabalik epea.
Programazio honen bidez, Eibarko Udalak irakurketaren sustapenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du lehen urteetatik eta bizitza osoan zehar, udal liburutegiak literaturaz gozatzeko eta partekatzeko espazio gisa eskainiz.
“Irakurzaletasuna sustatzea herritar prestatuago eta kritikoago baten aldeko apustua egitea da, inguratzen duen mundua irudikatu eta ulertzeko gaitasun handiagoa gara dezan”, adierazi du alkateak. “Lanean jarraituko dugu Eibarrek kultur eskaintza irisgarria eta kalitatezkoa izan dezan eta gure liburutegiak herritar guztientzako leku irekiak izaten jarrai dezaten”.