Euskararen transmisioa errazteko infografiak prestatu dituzte Debabarreneko udalek

Euskararen transmisioa errazteko infografiak prestatu dituzte Debabarreneko udalek

Debabarreneko udaletako ordezkari teknikoak eta politikoak.

2019/09/17

"Euskaratik eleaniztasunera" (euskaraz) eta "Desde el euskera al plurilinguismo" (erderaz) izeneko infografiak prestatu dituzte. Modu horretan, gurasoek dituzten hizkuntzen ikaskuntza prozesuaren eta erabileraren inguruko zalantzak eta kezkak argitzeko balio dute.

"Euskaratik eleaniztasunera" eta "Desde el euskera al plurilinguismo" izeneko infografiak aurkezteko prentsaurrekoa hartu zuen atzo astelehana, irailak 16, Udalbatza Aretoak. Bertan elkartu ziren Debabarreneko udaletxeetako hainbat ordezkari tekniko eta politiko.

Debabarreneko udalek (Elgoibar, Mendaro, Eibar, Mutriku, Soraluze eta Deba), publizitate eta diseinua lantzen duen Eibarko Estilográfico enpresaren laguntza izan dute infografiak egiterako orduan.

Aurkezpenean adierazi zenez, "txikitatik hizkuntza bat baino gehiago ikastea onuragarria da, eta gainera, umeek erraz-erraz ikas dezakete hizkuntza bat baino gehiago aldi berean".

Gure herrietako ume guztiek dakite euskara. Izan ere, guraso ugarik hizkuntza gorde edo ikasi dute eta orain seme-alabei transmititzeko ahalegina egiten dute. Beste askok, berriz, jatorriz erdaldunak izan arren, euskara ikasi eta garatzeko aukera eman nahi diete seme-alabei, horientzat aberasgarria delako.

Hala ere, gurasoek sarri izaten dituzte hizkuntzen ikaskuntza prozesuaren eta erabileraren inguruko zalantzak eta kezkak. Horregatik, Debabarreneko udalek gurasoentzat lagungarri izan daitekeen materiala prestatu dute, oraingo honetan Infografia formatuan.

Bi infografia prestatu dira, bata euskaraz, eta bestea, gaztelaniaz. Euskarazkoa eta gaztelaniazkoa ez dira erabat berdinak, euskarazkoa euskaraz dakiten gurasoen kezka eta beharrizanei begira prestatu baita, eta gaztelaniazkoa, berriz, euskaraz ez dakitenen beharrei begira.

Material hau eskoletan ere erabiltzea nahi genuke, irakasleek gurasoekin egiten dituzten bileretan bereziki, oso lagungarri izan daiteke eta euskarak eleaniztasunerako bidea errazten duela erakusteko.

Halaber, Whatsaperako bertsioak ere prestatu dituzte mezua ahalik eta gehien zabaltzeko.

"EUSKARATIK ELEANIZTASUNERA" infografia ikusteko SAKATU HEMEN.