Eibartar batzuen aspaldiko audio-grabazioak sareratu ditugu Ego Ibarraren “Eibartarren Ahotan” atalean

Justo Larrañaga "Simonanekua"

Justo Larrañaga "Simonanekua"

2023/07/20

Faustina Baskaran “Badetesia”, Herminia de la Torre; Pedro Arrizabalaga “Zozua” , Pakita Abendibar, Justo Larrañaga, Agustin Arana, Faustino Mugika; Jose Etxeberria “Querido” eta Olga Arizmendiarrieta.

Joan zen mendeko 90ko hamarkadaren hasieran egindako elkarrizketa horietako asko Kontxa Laspiurrek egindakoak dira; balio handiko grabazioak elkarrizketatuen nortasunagatik, darabilten herriko euskara jatorraren kolore berezi eta ukaezinagagatik eta gauzak kontatzeko eragatik.

Faustina Baskaran “Badetesia” (1899-1992), Herminia de la Torre (1900-1994); Pedro Arrizabalaga “Zozua” (1906-2007), Pakita Abendibar (1911-1996), Justo Larrañaga (1913-2004),  Agustin Arana (1913-2013), Faustino Mugika (1915-2001); Jose Etxeberria “Querido” (1918-2001) eta Olga Arizmendiarrieta (1932) ditugu.

Elgeta kaleko Badet taberna famatuko Faustina Baskaranen berba apur batzuk edo beste gorde ahal izan dira, izan ere, grabazioa egin zen urtean “Badetesiak” 90 inguru baitzeuzkan. Herminia de la Torre grabatzaile eta damaskinatzaile handiak lanbide horri buruzko xehetasun asko ematen ditu,  herrian zeuden tailerrak, emakumeen presentzia lan horretan, txarolatze-lana…  Pedro Arrizabalaga “Zozua”k armagintzaren ofizioaz gain, Eibarko taberna zaharren berri ere ematen du, bertsogintza ahazteke. Pakita Abendibar maistrak kontatzen du gerra ostean debekatu egin ziotela irakasle izatea eta klase partikularrak eman behar izan zituela

Justo Larrañaga Eibarko okindegi zaharranetakoaren oinordekoa izan zen, Simona amandria okina eta errotaria izan baitzen. Horrez gain, Arraindikaleko bainuetxea eta beste hainbat kontu aipatzen ditu. Agustin Aranak Eibarko hainbat konturen inguruan dihardu (jaiak, euskara…). Faustino Mugikak gerran bizi izandakoak, Eibarko Klub Deportiboa eta Sebe Peñak Bilbo-Donostia-Iruñea-Gasteiz ibilbide burutu zuenekoa ditu hizpide. Jose Etxeberria “Querido”k gerra aurreko ipoinak, Urriko Iraultza, goitarrak eta behetarrak, auzo-eskolak, eta herriko beste hainbat pasadizo ematen ditu, xehetasun osoz. Olga Arizmendiarrietak bere aita Santi Arizmendiarrietaren inguruko oroitzapenak ematen ditu.

Jakingai ederrak ematen dizkigute kasete zahar batzuetan gordetako testigantza plazaratu berri hauek. 

 

etiketak: egoibarra