Eibarri buruzko informazioa berreskuratzen

Eibarri buruzko informazioa berreskuratzen

Irudiaren iturria: "Nuevo mercado en Eibar, Guipúzcoa". Joaquín Domínguez y F. Ortigosa. Sep. de: Reconstrucción = ISSN 0213-0378. --Año 8, n. 71 (marzo 1947), p. 101-106

2018/07/05

Lanbideren diru-laguntza bati esker kontratazio bat egin da Liburutegiko Eibarko bilduma erreferentzia berriekin handitzeko.

Gure herriarekin zerikusia duten euskarri ezberdineko dokumentuak biltzen dituen gunea da Eibarko liburutegiko tokiko bilduma. Herriaren inguruko ikerketan ­baliagarri izan daitekeen material guztia —iraganekoa, gaur egungoa eta etorkizunean sortuko dena—  jasotzea du helburu. Tokiko bilduma osatzen duten lanak edo baliabide informatiboak honako hauek dira: herriko egileen obrak, herriaren alderdiren bati buruzko obrak edota Eibarren bertan argitaratutako obrak.

Badira, ordea, gure herriari buruzko artikuluak jasotzen dituzten liburu eta aldizkari generikoak ere; gai ezberdinak lantzen dituzte eta, ondorioz, zaila izan ohi da haiek aurkitzea. Hortaz jabetuta, herriaren inguruko informazioa eskaintzen duten liburuetako kapituluen eta aldizkarietako artikuluen hustuketaren lehen fase batean hasi gara lanean, Eibarri buruzko informazioa aurkitzen laguntzeko helburuarekin.

Zer esan nahi duen horrek? Bada, Eibar hizpide daukaten artikuluak aukeratu eta informaziorik garrantzitsuena erreferentziatzean datza: egilea, izenburua, artikuluaren gaia edo materia, lokalizazioa (argitaratu den iturriaren izena, zenbakia eta orrialdea) eta dokumenturako sarbide elektronikoa –baldin badauka–. Aldizkari baten artikuluaren hustuketa egiten dugunean, ikusgarri egiten dugu, gure katalogoaren bitartez bilatu, lokalizatu eta indibidualizatu egin baitaiteke.

Zorionez, asko dira hiriari buruzko artikuluak idatzi dituzten egileak (eibartarrak batzuk, baina ez denak), baita bestelako gai batzuen bueltan ikerketak argitaratu dituzten eibartarrak ere. Lehen fase honetan, lehentasuna eman diegu Eibar hizpide duten eta liburutegian edo sarbide elektronikoan kontsulta daitezkeen artikuluei (Eibarko nahiz kanpoko autoreek idatziak).

Gaiak anitzak dira: Eibar historian zehar, Eibarko eraikinak (jauregiak, eraikin publikoak eta industrialak), herriko industriari buruzko artikuluak (armagintzari arreta berezia eskainiz) eta, besteak beste, Eibarko euskara, musika, kirola edota artea (tartean Ignacio Zuloagari buruzko ikerketa ugari).

Bitxikeria bat: deigarria da aurkitutako artikuluen artean ikusi izana Gerra Zibilaren ostean “Reconstrucción” aldizkaria sortu zela, Dirección General de Regiones Devastadas y Reparaciones-ek argitaratua. Aldizkari horretan, arkitektura erabiltzen zen frankismoaren aldeko ideiak zabaldu eta operazio propagandistiko handi bat egiteko. 1940. urtetik 1953ra bitartean argitaratu zen. Gerra ondoren Eibar eta lurralde nazional osoa birgaitzeko egindako lanen inguruko hainbat artikulu agertzen dira aldizkarian.

Guztira 244 eregistro egin dira fase honetan, katalogo honetan agertzen direnak, hain zuzen ere.