Eibarko Udala
Liburuaren Nazioarteko Eguna

Eibarrek programazio zabala prestatu du Liburuaren Nazioarteko Egunerako

2025/03/31
Juan San Martin Udal Liburutegia
Juan San Martin Udal Liburutegia

Adin guztietarako jarduerak apirilean eta maiatzean. Ipuinak, jolasak eta kultura-topaketak Juan San Martin Liburutegian.

Apirilean literatura izango da arretagunea Eibarren, Juan San Martin Liburutegiak antolatutako kultura-programazio zabalarekin. Apirilaren 2an, Haur- eta Gazte-Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, eta apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, herria literatura-kulturaren erdigune bihurtuko da. Testuinguru honetan, hainbat ekitaldi antolatu dira irakurketa sustatzeko publiko guztien artean, ume zein heldu. Kultura-trukea helburu duten ekimenak ere egongo dira.

“Apirila irakurketaren hilabetea denez, eibartar guztiek liburuen magiarekin bat egin dezaten nahi dugu. Gure jendartearen formazioan literaturak duen gaitasunaz hausnartzeko unea da”, azpimarratu du Jon Iraola Eibarko alkateak. Bestalde, Andoni Zabala Kultura-zinegotziak gehitu duenez, “programa honen helburua da literatura modu ludiko eta aberasgarri baten bidez gerturatzea, adin guztietakoek aukera izan dezaten irakurketaz gozatzeko”.

Lehen jarduera Virginia Imazen ahozko narrazio saio berezi bat izango da, apirilaren 2an, 19:00etan, Juan San Martin Liburutegian. Solo cuando me río ikuskizunean, narratzaileak munduko hainbat lekutako ahozko tradizioko istorioak eskaintzen ditu umorearen bidez gogoeta piztu nahian.

Apirilaren 9an,  “Idazlearekin Harixa Emoten” euskarazko irakurketa-klubean Karmele Jaio idazlea izango da Maitasun kapitala bere azken eleberriaren aurkezpena egiten. Saioa 19:00etatik 20:00etara izango da liburutegian, eta bertaratzen direnek aukera izango dute eleberriaren ardatz diren maitasunari eta independentzia emozionalei buruzko nondik norakoez jarduteko.

Programa honen markoan, Juan San Martin Liburutegiak “Jirabira” jolasa ere eskaintzen du; Lehen Hezkuntzako 2. mailatik gorako umeentzako jarduera bat da, eta apirilaren 2tik ekainaren 9ra bitartean egin ahal izango da. Modu ludiko eta atsegin baten bidez, irakurketa sustatzea du helburu jolas interaktibo honek, zeinean parte-hartzaileek liburuak irakurri eta haien inguruko galderei erantzun beharko dieten laukitxoak irabazte aldera. Jolasa amaitzean, parte-hartzaile guztiek jasoko dute oparitxo bat.

Programa apirilaren amaieran bukatuko da, Lur Korta narratzailearen haurrentzako  ipuin-saio batekin. Kortak “Ipuinekin Jolasean” 3 urtetik gorako umeentzako jarduera interaktiboa aurkeztuko du,  umeek  narrazioan parte hartzea ahalbidetzen duena.

Azkenik, Hezkuntzaren Aldeko Mundu Ekintzaren harira (SAME gaztelaniaz), apirilaren 28tik maiatzaren 5era bitartean, gure liburutegiak, Egoaizia elkartearekin  batera, parte hartuko du SAME 2025 kanpainan, zeinaren leloa baita “Hezkuntza defendatu, Larrialdia itzali”. Ekimen honen arretagunea Larrialdietako Hezkuntza da, eta nabarmendu egiten du zein garrantzitsua den hezkuntza krisi-testuinguruetan, hala nola arma-gatazketan, klima-larrialdietan edo behartutako/halabeharrezko migrazioetan. Garapen Iraunkorreko Helburuen ildotik (GIH), liburutegia  sentsibilizaziorako eta hausnarketarako espazioa izango da herritarrentzat. Horretarako, gaiarekin loturiko liburu- eta film sorta bat aukeratuko dugu, gure interes-zentroan eta irakurketa-gida batean eskuragarri egongo direnak.

Ohiko programazioa

Apirilaren 1ean, Paperezko Hegoak Irakurketa Klubeko jarduerak egingo dira, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 2. mailara arteko neska-mutilentzat. Peru Magdalenak dinamizatuko dituen bi saioetan, Mariasun Landaren Iholdi eta Txan fantasma liburuak irakurri ondoren, haien gaineko gogoeta egingo da. Horrez gain, gaztelaniazko Irakurketa Klubean, hori ere Peru Magdalenak gidatua, Marguerite Yourcenarren Memorias de Adriano liburua izango da hizpide.

Apirilaren 7an eta 28an, Saroa Bikandik dinamizatuta, Azalerako ipuinak eta Liburuen poltsa irakurketa klubak egingo dira, zeinen helburua baita literatura 1-7 urte bitarteko umeen familiei hurbiltzea, kalitatezko euskaran.