Eibarrek Guinness errekorra lortu du

Eibarrek Guinness errekorra lortu du

Eibarrek du Largest transforming human image kategorian Guinness errekorra

2017/09/11

Ekainaren 22an Eibarren AKEBAI plataformak antolatutako ekimenean, 2.500 lagunek irudi erraldoia osatu zuten Untzaga plazan Largest transforming human image errekorra gainditzeko asmoz. Orduan, Dubaik zuen errekor hori 2.223 lagunekin.

Egun horretako prestaketan 100 bat lagun aritu ziren lanean fin, dena ondo irten zedin (lurrean irudia marrazten, materiala prestatzen eta banatzen, parte hartzaileei instrukzioak ematen, plazaren inguruko lau sarbideak zaintzen, sarrerak antolatzen, txipak kontrolatzen, jendea leku egokian kokatzen, mikrofonotik jarraibideak ematen, kronometratzen, ekitaldia dinamizatzen…), baina dena gogoz eta irrifartsu. 2.500 parte-hartzaileek, berriz, ondo baino hobeto bete zuten esandakoa. Ikusleak, aurkezleak, kazetariak, argazkilariak, … denak primeran!

Guinness World Recordsek guk bidalitako frogak edo ebidentziak (argazkiak, filmazioak, lekukoen deklarazioak, kronometratzaileen deklarazioak…) aztertu ondoren, gure Largest transforming human image errekor saiakera /eskaera ontzat  eman du; beraz, ofizialki Eibar da gaur egun Guinness errekor horren jabe.

Zorionak eibartar guztioi eta eskerrik asko!

Egun horretan bizi izandako uneak gogoratzeko eta emozio hori berriz sentitzeko, bideo eta argazki emanaldia izango da Untzaga plazan ostiralean, hilak 15, iluntzeko 20:30ean. Parte hartu zenuten guztiok, eta baita eibartar guztiok ere, aukera izango duzue pantailan ikusteko egun hartan egin ziren mugimendu sinkronizatuak, gurutzatu ziren begiradak, azaleratu ziren irribarreak eta poz algarak…

Aupa Eibar!!!