Eibarko Udala
kultura

Glass Out Quartet taldeak Alex Davies eibartarra protagonista duen aire zabaleko jazz kontzertua eskainiko du ostegun honetan Bizikleta Plazan

2026/07/14
Artxiboko irudia.

Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (ESMUC) jaiotako talde honek uztailaren 16an joko du, 20:00etan. Jazzaren tradizioa eta inprobisazioan oinarritutako ikuspegi garaikidea uztartzen dituen jatorrizko konposizioen errepertorioa aurkeztuko du laukoteak.

Eibarko Bizikleta Plazan beste kontzertu bat egongo da ostegun honetan, uztailak 16, 20:00etan, udako kultur programazioaren barruan. Oraingo honetan, Glass Out Quartet taldearen txanda izango da. Taldea Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (ESMUC) sortu zen, ofizialki 2025ean, Bartzelonako musika eszenan hainbat urtez lankidetzan aritu ondoren.

Hitzordu honek esanahi berezia izango du Eibarko publikoarentzat, izan ere, Alex Davies kontrabaxu-jotzaile eibartarrak etxean joko du berriz ere, udako programazioaren barruan hirugarren aldiz. Daviesekin batera arituko dira Garri Pastor saxofoian, Pol Marti baterian eta Dani Palací pianoan.

Jazz tradizionaletik zein garaikidetik elikatzen den errepertorioa proposatzen du laukoteak. Generoa interpretatzeko tradiziotik abiatuta, taldeak lengoaia propioa garatzen du, soinu- forma eta -testura berriak esploratzen dituzten konposizio originalen bidez. Laukotearen zuzeneko emanaldien ezaugarri dira inprobisazio naturala eta musikarien arteko etengabeko interakzioa, publikoarentzat hurbilekoa den esperientzia musikala sortzen baitute.

Eibarko alkate Jon Iraolak kalitatezko kultur proposamenak herriko espazio publikoetara hurbiltzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: "Udan ere Eibar kultura-erreferente izatea nahi dugu, herritar guztientzako programazio ireki eta eskuragarria eskainiz. Gainera, bereziki pozgarria da berriro ere gure artean Alex Davies musikari eibartarra izatea, bere ibilbidea eta talentua auzokideekin partekatuz", adierazi du.

Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak azpimarratu du udalak musika estilo desberdinak eskaintzeko apustua egiten duela. "Kontzertu hau aukera bikaina da jazzaz gozatzeko, formatu hurbilean eta kalitate artistiko handiarekin. Glass Out Quartet taldeak tradizioarekiko errespetua eta proposamen sortzaile eta berritzailea uztartzen dituen musikari belaunaldi berri baten talentua irudikatzen du. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu Bizikleta Plazara hurbildu eta aire librean musika-gau batez gozatzera", esan du.

Eibarko Udalak udako hilabeteetan espazio publikoak dinamizatzeko antolatutako kultur programazioaren barruan kokatzen da kontzertua.