2026ko Delta Cultura Saria jaso du Armagintzaren Museoak, izandako ibilbideagatik
Armagintzaren Museoak 2026ko Delta Cultura Saria, alegia, diseinuan, industria-ekoizpenean eta kultura-zabalkundean Espainiako sari handienetako bat, jaso du bere ibilbideagatik. Sariak Eibarko industria ondarearen kontserbazioan eta hedapenean egindako hamarkadetako lana goraipatzen du eta hiriaren historia proiektatuko du Bartzelonako Museu del Disseny-n.
Eibarko Armagintzaren Museoak beste aitortza bat gehitu behar dio bere ibilbideari, 2026ko Delta Cultura Saria jaso baitu, diseinuaren, industria-ekoizpenaren eta kultura-dibulgazioaren arloetan Estatuko saririk ospetsuenetako bat.
Saria ematen duen ADI-FAD elkartea erakunde aitzindaria da, 1960an sortua, eta kultura materialaren bikaintasunaren eta hedapenaren alde lan egiten du, kultura hori eragile ekonomiko eta sozial garrantzitsua dela ulertzen baitu. Bi urtez behin egiten den lehiaketa honetan, Delta Sariek —1961etik ematen dira, etenik gabe— sektoreko bikaintasuna eta diseinuak gizartean duen eragina nabarmentzen laguntzen duten proiektu eta erakundeen balio estrategikoa aitortzen dute.
Edizio honetan, ADI Cultura kategoriak Armagintzaren Museoak Eibarko industria-ondarea zaintzeko, ikertzeko eta zabaltzeko egiten duen etengabeko lana saritu nahi izan du. Epaimahaiak bereziki baloratu du erakutsitako piezetatik askoz harago doan ondarea zaintzeko egindako lana: kontserbatutako tresna, makina eta objektu bakoitzak oso ondo islatzen ditu Eibarko industria-izaera hamarkadatan definitu duten berrikuntza-gaitasuna, sorkuntza aplikatua eta zehaztasun teknikoa, bertako enpresak manufaktura-erreferente bihurtu zituztenak.
Era berean, sariak balioan jarri du museoak ondare historiko hori diseinu garaikidearen kulturarekin lotzeko duen gaitasuna; eta, baita, hiriaren garapen ekonomiko eta sozialari lagundu zioten langile eta enpresa belaunaldien ezagutza teknikoaren eta ahaleginaren garrantzia azpimarratu izana.
Jon Iraola Eibarko alkatea pozik eta harro dago aitorpen garrantzitsu honekin: “Sari hau oso pozgarria da Eibarrentzat. Armagintzaren Museoak urteak daramatza lan bikaina egiten gure nortasunaren funtsezko parte bat kontserbatzeko eta zabaltzeko. Gure industriaren historia hiri berritzaile eta ekintzaile baten historia da, ezagutza eta ondo egindako lana aurrerapen bihurtzeko gai den hiri batena. ADI-FAD bezalako erreferentziazko erakunde batek ibilbide hori balioan jartzeak berretsi egiten du Eibarko industria-ondarea gure tokiko esparrutik harago doala eta garrantzi handiko ondarea dela”.
Bestalde, Kulturako zinegotzi Andoni Zabalak nabarmendu duenez, “aitorpen hau Eibarko garapen industriala ahalbidetu zuten pertsona guztiei eta gaur egun memoria hori zaintzeko lanean jarraitzen dutenei egindako omenaldia ere bada. Museoak objektuak kontserbatzeaz gain, diseinua, teknologia eta baita industria ere hiria ulertzeko gure moduaren parte izan direla azaltzen du. Sari honek ekipamendu kultural hau sustatzen jarraitzera bultzatzen gaitu, izan ere, museoa gure ondarea belaunaldi berriei hurbiltzeko erreferente eta funtsezko tresna baita.”
Delta sarien banaketa-ekitaldi ofiziala uztailaren 22an izango da, Bartzelonan, eta diseinu industrialaren alorreko pertsona eta erakunde ezagunak bilduko ditu.
Sariaz gain, Armagintzaren Museoaren ibilbidea Delta Liburuaren argitalpen ofizialean jasoko da, sarien edizio honetan argitaratu dena. Era berean, museoa Delta Sariak 2026 erakusketaren parte izango da. Erakusketa Bartzelonako Museu del Disseny-n ikusi ahal izango da, eta Eibarko historia industriala eta kultura-ondarea publiko nazional eta nazioartekoaren aurrean proiektatzen lagunduko du.
Aitorpen honekin, Armagintzaren Museoak industria-ondarea babesteko eta zabaltzeko erreferentziazko erakunde gisa duen posizioa sendotzen du, eta Eibarrek memoria historikoa kontserbatzeko eta industria-kultura balioan jartzeko duen konpromisoa indartu egiten du, kultura hori baita oraindik ere hiriaren nortasun-ezaugarri nagusietako bat.