Eibarko Udala
aire libreko zinema

Aire libreko abuztuko zinema Untzagara itzuliko da lau proiekziorekin

2026/07/22
Kartela.

Untzagako plazan doako saioak izango dira abuztuko ostegun guztietan, 22:00etan, publiko guztientzako pentsatutako programazioareki. Minecraft (euskaraz), Regreso al futuro, Flow eta Dentro del laberinto filmak eskainiko dira, Eibarko Udalaren udako eskaintza kulturala indartzeko.

Eibarko Udalak zinez beteko du berriro ere Untzagako plaza, abuztuan, aire zabaleko zine zikloaren edizio berri batekin. Kultura Sailak antolatutako ekimenak lau proiekzio eskainiko ditu doan, hileko ostegun guztietan, 22:00etatik aurrera, adin guztietako publikoari zuzendutako programazioarekin.

Zikloa abuztuaren 6an abiatuko da, Minecraft animaziozko filmaren euskarazko proiekzioarekin. Astebete geroago, abuztuaren 13an, Robert Zemeckisek zuzendutako Regreso al futuro klasikoaren txanda izango da. Programazioak abuztuaren 20an jarraituko du, Flow animaziozko zinta txalotuarekin, eta abuztuaren 27an amaituko da Dentro del laberinto filmarekin, zikloari amaiera emanez.

Jon Iraola Eibarko alkateak hauxe adierazi du: "Aire zabaleko zinema udako kultur proposamen arrakastatsuenetako bat da; izan ere, zazpigarren arteaz gozatzeko aukera ematen du ingurune pribilegiatuan, eta Untzaga plaza adin guztietako bizilagunentzako topagune eta elkarbizitzarako gune bihurtzen du. Kultura kalera ateratzea eta herritar guztientzat eskuragarri izatea nahi dugu, baita udako hilabeteetan ere".

Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak adierazi duenez, "egitarau zabala prestatu dugu, familiarentzako zinema, klasiko handiak eta kalitate handiko ekoizpen berriak uztartzen dituena. Gure helburua da publiko guztientzako proposamen erakargarriak eskaintzea, eta abuztuan ere Eibar kultur jarduera handiko hiria izaten jarraitzea. Herritarrak gonbidatzen ditugu aire zabaleko proiekzio hauetaz gozatzera eta esperientzia ezberdin bat partekatzera".