Eibarrek datorren martitzenetik aurrera hartuko du Debabarreneko Eskola-Antzerki erakustaldia

2023/04/28

Maiatzaren 2tik 24ra bitartean, umeek sei antzezlan ikusi ahal izango dituzte Coliseo antzokian. Erakustaldia datorren martitzenean inauguratuko da 'Arrainak bihotzean' antzezlanarekin.

Datorren asteartean, maiatzaren 2an, Debabarreneko Eskola-Antzerkiaren 38. Erakustaldia hasiko da, maiatzaren 24ra arte luzatuko dena. Eibarko Udalak antolatuta, aurtengo programazioak sei emanaldi izango ditu, denak Coliseo antzokian eta euskaraz; haurrentzako antzerki-eskaintza benetan zabala.

Programa honen bidez, Eibarko Udalak bermatu nahi du Eibarko eta Debabarrena eskualdeko neska-mutil guztiek aukera izatea antzezlan bat baino gehiago ikusteko.

Eibarrera datozen bost konpainia profesionaletan 15 aktore arituko dira, eta antzezpenetan jorratuko diren gaietako batzuk hauek izango dira: itsasoarekiko beldurra, erronkei aurre egitea, immigrazioa hegaztien bidez, bidaiak, adiskidetasuna eta bakardadea.

Bestalde, antzerki-taldeak Durangotik, Bilbotik, Lleidatik, Sabadelletik eta Eibartik etorriko dira, eta aurten, Eibarko BHIko antzerki-taldeaz gain, Irene Hernando eta Nerea Ariznabarreta aktore eibartarrak ere bertan izango dira.

 ‘Arrainak Bihotzean’ antzezlanarekin hasiko da Erakustaldia maiatzaren 2an;  15:00etatik aurrera antzeztuko da, eta Haur Hezkuntzako (4 eta 5 urteko gelak) eta Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako ikasleentzat da. Eibarko Antzerki Jardunaldien azken edizioan antzeztu zen lan hori, eta harrera ona izan zuenez, Eskola-Antzerki Erakustaldi honetara ekartzea erabaki da.

Marmar Teatroaren eskutik datorren 'Arrainak bihotzean' antzezlanak itsas-herri lasai batean bizi den Martíren historia kontatzen du. Egun gris batean, aitaren zain dagoela —marinela du aita—, ekaitz batek uretara botatzen du eta itsas hondoan zehar bidaiatuko du ezinbestean, horretarako arrainen hizkuntza ikasi eta beldurrak gainditu behar baditu ere.

Ostegunean, maiatzaren 4an, ‘Kelonia eta itsasoa’ antzeztuko du Gorakada taldeak. Coliseoan izango da, 15:00etan, eta Lehen Hezkuntzako 1., 2., eta 3. Mailako ikasleentzat da. Quelonia dortoka txikiaren bizitzari buruzko obra bat da. Abesti-itxurako istorio honek adiskidetasuna eta biziraupena ditu hizpide: Keloniak bere lekua bilatu nahi du batzuei mesede eta beste batzuei kalte egiten dien mundu batean.

Hirugarren antzezlana maiatzaren 9an izango da, eta egun horetan Benentanbe taldearen 'Batetik bestera' obra izango da ikusgai. Coliseoan izango da, 15:00etan, eta Lehen Hezkuntzako 1., 2., eta 3. mailako ikasleentzat da. Umorezko ikuskizuna da, eta giza migrazioei buruz hitz egiten da hegaztien migrazioen bidez.

Programak aurrera jarraituko du ‘Tren Geltokia’ lanarekin. Lau saio izango dira, horietako bi maiatzaren 10ean (10:00etan eta 19:00etan) eta beste bi maiatzaren 12an (10:00etan eta 12:00etan). Eibar BHIko ikasleek ikasturte honetan zehar sortzen joan diren muntaia da, antzerkia, zirkoa eta umorea hartzen dituena. Andrea Covadongak idatzi eta zuzendutako obra bat da; 32 ikaslek hartzen dute parte.

Maiatzaren 11n 'Katagorriaren elezaharra' antzeztuko du Labaldufa antzerki-taldeak; obra hau Lehen Hezkuntzako 1., 2., eta 3. mailako ikasleentzakoa da. Coliseoan izango da, 15:00etan. Kirikino handia bakean bizi da, patxadaz, haritz handi baten itzalpean, eta bere ingurukoak zaintzen ditu, bere mundu-zatitxoaz gozatzen duen bitartean. Baina, halako batean, bake hori asaldatu egingo da katagorri bat iristean.

Maiatzaren 24an, ‘Harri salda’ antzeztuko da, Engruna Teatroa taldearen eskutik. Emanaldia 15:00etan izango da Coliseon, eta Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetako ikasleak ditu zain. ‘Harri salda’ bere herrialdetik ihes egin behar duen neskato baten istorioa da, egun batean zerua, kometen ordez, hegazkinez betetzen delako. Bidaia luze baten ondoren, leku ezezagun batera iritsi da. Itxura batean, leku horretan, mundu guztiak du denetik, baina inork ez du berarekin ezer partekatu nahi.

Eibarko alkate Jon Iraolaren hitzetan, “Eskola-Antzerkiaren Erakustaldiaren edizio berri honekin, Antzerki Jardunaldiak bezala, finkatuta dagoen ekimen sendo honekin arte eszenikoak haurrei hurbildu nahi dizkiegu beren adinera egokitutako eta zuzendutako antzezlanen bidez”.

 “Antzezpen hauek antzerkiaz gozatzen jarraitu nahi dutenei eskaintzeaz gain, euskal antzerki-konpainiek beren ikuskizunak eskola-umeei erakutsi ahal izatea ere lortu nahi da”, gaineratu du alkateak.

Informazio gehiago: