Eibarko Udalak nabarmen murriztu du Sanjuanetan izango den kultur jardueren egitaraua
Joan den ostiralean, hilak 5, Kultura batzordeko kideek bilera bat egin zuten ekainaren 23 eta 24an, San Juanetako jaien harira, izango diren ekitaldiak adosteko, bai eta nola egingo diren erabakitzeko ere.
Hala, zenbait bilera eta eztabaidaren ondoren, Batzordeak aho batez erabaki du jaietako egitaraua ekitaldi esanguratsuenak edota tradizionalenak bakarrik egitera mugatzea, ateak itxita, eta udaletxeko patioan. Hala ere, herritarrek streaming bidez ikusi ahal izango dituzte, Eibarko Udalaren komunikazio-kanalen bidez. Hori da, adibidez, ekainaren 23ko kasua: San Juan Zortzikoa, Usartzako Txistulari Bandarekin, 11:00etan izango da, eta Lizarrako dultzaineroen emanaldi labur bat 13:00etan. Udaletxean, baita ere, Kultura batzordeburuaren proposamenez, omenaldi bat egingo zaie Debabarreneko osasun-langileei (Ospitaleko langileak, zahar-etxeetakoak, Gurutze Gorriko boluntarioak, eta beren ekimenez, aurpegirako maskarillak eta pantailak egin dituztenak).
Bestalde, 20:00etan, Coliseo antzokian, Liskerren emanaldia izango da.
Ekainaren 24an, Kezka Dantza Taldearen txanda izango da 20:30ean Coliseoan.
Hala, Udalak jaietako hitzordu esanguratsuenak mantendu nahi ditu, ezarritako osasun-arauei egokituz eta osasun publikoa arriskuan jar dezaketen jende-pilaketak saihestuz.
Hiru bilera izan ondoren hartu da erabaki hau. Maiatzaren 20an, Kultura batzordeko zinegotziek bi proposamen egin zituzten. Batetik, San Juanetako jai-egitaraua bertan behera lagatzea. Bestetik, Alkatetzatik proposatutakoaren ildotik, Kultura sailari eskatu zitzaion egitarau alternatibo bat egin zezan, alegia, ekitaldi tradizionalak egin zitzala, baina jende asko bilduko ez zuen formatu batekin.
Hasieran diseinatu zen proposamenean kalejirak, animazio-ekitaldiak, musika-jarduerak, eta kaleko ekitaldi tradizionalagoak jasotzen ziren; baina aste honetan erabaki zen jende-pilaketak eta, beraz, COVID-19aren transimisoa sor zezaketen jarduera guztiak bertan behera lagatzea. Horren emaitza da hemen zehazten den jai-egitaraua, zeina batzordekide guztiek babestu baitzuten ostiralean izandako bileran.
Kartel lehiaketa
Halaber, jaiak bertan behera lagatzeko erabakia baino lehen, Eibarko Udalak San Juanetako kartelen lehiaketa egin zuen, eta aukeratu ditu dagoeneko proposamen irabazleak. 61 kartel aurkeztu ziren: 50 helduen kategorian eta 11 haurren kategorian.
Irabazlea Eneritz Larrea Arocena elgetarrak irabazi du, “Festak jarrai dezala” kartelarekin. Haurren kategorian, irabazlea Andoni Olcoz Gerardi izan da, “Sanjuanak 2020” kartelarekin- Eta 11-14 urteko kategorian, irabazlea Lorea Sarasketa Salomon izan da “Coronavirus sutara” kartelarekin.
Kartel irabazleak
"Festak jarrai dezala" (Eneritz Larrea Arocena)
"Sanjuanak 2020" (Andoni Olcoz Gerardi - 10 urte arteko kategorian)
"Coronavirus sutara" (Lorea Sarasketa Salomon - 11-14 urte arteko kategorian)