Eibarko bonbardaketen 85. urteurrena akordura ekartzeko egitarau zabal bat prestatu du Udalak

Eibarko bonbardaketen 85. urteurrena akordura ekartzeko egitarauaren aurkezpenaren irudia.

Eibarko bonbardaketen 85. urteurrena akordura ekartzeko egitarauaren aurkezpenaren irudia.

2022/04/20

Apirilaren 25etik maiatzaren 7ra bitartean izango dira ekitaldiak: hitzaldiak, klarion-tailerra, antzerki-emanaldi bat, komiki baten aurkezpena eta ibilaldi gidatuak gerratean Eibarrek pairatutako aire-erasoen agertokietan. Giza eskubideak eta bakearen kultura bultzatzea xede, Eibarko Udalak oroimen historikoaren inguruan garatzen dituen ekintzen esparru barruan kokatzen da urteurrenaren programazioa.

Udalak herria zeharo txikituta laga zuten bonbardaketen eta Eibarko Gerra Zibilaren frontearen 85. urteurrena ekarriko ditu gogora apirilaren 25etik maiatzaren 7ra egingo den jarduera-programa zabalarekin. Udalak oroimen historikoari buruz egiten dituen ekintzen esparruan kokatzen da programazioa, giza eskubideak eta bakearen kultura udalerrian sustatzeko eta gerraren tragedia ez ahazteko.

Programa gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kulturako zinegotziak eta Jesús Gutiérrez historialari eibartarrak. Urteurrenaren harira Udalak bost urtetik bost urtera antolatzen dituen jarduerak zehaztu dituzte.

Hala, Jon Iraola alkateak zera gogorarazi du: “Funtsezkoa iruditzen zaigu oroimen historikoa lantzea eta orduko gertaera haiek modu erraz eta ulergarrian gerturatzea herritarrei, batez ere, edadeagatik, garai hura bizi izan ez zutenei”. Eta gaineratu du alkateak: “Oroimen-ariketa hau egin nahi dugu gure herriak jasan zuen suntsipenaren irudiak guretzat pizgarri izan eta berriro gerta ez daitezen,  aurrera egiteko gaitasuna erakuts dezagun, itxaropenari ere tartetxo bat utz diezaiogun”.

Aurreneko ekitaldia, "Sasi artean Elgeta” komikiaren aurkezpena, datorren astelehenean izango da, apirilaren 25ean, Portalean, 19:00etan. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak argitaratua, Jazinto Rivas Sanz ‘Elgeta’ trikitilariaren bizitzaren pasarteak kontatzen ditu; horietako asko Eibarren gertatuak.

Apirilaren 26an hasiko da hitzaldi-zikloa, Jesús Gutiérrez Arosa historialariaren "La reconstrucción de Eibar en imágenes" hitzaldiarekin. Bigarren hitzaldia Xabier Irujo Ametzaga historialariak emango du apirilaren 28an, "Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937). El caso de Eibar" gaia hizpide hartuta. Hitzaldi biak Portalean izango dira, 19:00etan. Gerra Zibilari eta bonbardaketei buruzko hirugarren hitzaldi bat ere izango da urrian.

Apirilaren 27an antzerki-emanaldia izango da Coliseoan, 20:00etan, Puça Espectacles taldearen “Winnipeg” lana. Sarreraren prezioa 10 eurokoa da (7 euro, Coliseoaren Laguna txartelarekin).

Apirilaren 30ean, Untzaga plazan, klarion-tailerra izango da Lekim Animazioaren eskutik "Eibar. Babeslekuak" gaiaren inguruan.

Bestalde, programazioaren jarduerarik aipagarrienetako bat Jesús Gutiérrez historialariaren ibilaldi gidatuak dira, 1936ko abuztua eta 1937ko apirila bitartean herriak jasandako 29 aire-eraso haiek pairatu zituzten leku nagusiak ezagutzeko ibilaldiak.

 “Erasoak. Los ataques” izenburupean garatuko den jarduera honek erraz egiteko herri barruko ibilbideak  izango ditu ardatz, irudi grafikoen laguntzarekin. Ibilaldiok 16 urtetik gorakoentzat daude pentsatuta. Bi talde osatuko dira, talde bakoitzak gutxienez 6 kide izango ditu eta gehienez 20.

Lehenengo taldeak apirilaren 30ean egingo du bisitaldia, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Egun horretako hizkuntza gaztelera izango da. Bigarren ibilbidea maiatzaren 7an izango da, euskaraz, aurrekoaren ordutegi berean. Jarduera doakoa da eta ibilbidea Egogain kalean hasiko da (Untzaga Plaza hotelaren parean).

Izena emateko epea apirilaren 28ra arte egongo da zabalik, eta elektronikoki egin daiteke, esteka honetan dagoen inprimakia betez: https://formularioak.eibar.eus/es/IbilaldiaErasoak2022.

Inprimakia betetzeko ez da behar ez sinadura elektronikorik, ez erabiltzailerik ez pasahitzik. Inskripzioa egiten denean datu hauek eman behar dira: izen-abizenak, telefonoa eta posta elektronikoa. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943708435 telefonora edo idatzi mezu bat  honako posta elektroniko honen bidez: kultura@eibar.eus.

Azkenik, gogoratu beharra dago oroitzapen-ekitaldi hauen barruan, joan zen apirilaren 8an, Juan San Martin Liburutegian poema eta testuen irakurketa bat egin zela ‘Hitzak, liburuak eta liburutegiak gerren aurka’ izenburupean, Izaskun Asua, Idoia Carramiñana eta Maite Lorenzorekin.

Ekitaldi hauekin Udalak berriro akordura ekarri nahi ditu Eibarrek Gerra Zibilean jasandako bonbardaketak —bost urtean behin egiten duen bezala—, gertaera haren inguruko datu historikoak emateaz gain, gerraren ondorioei eta bakerako bideei buruzko gogoeta ere badirenak.

Prentsaurrekoan, Eibarko bonbardaketen 85. urteurreneko programazioa dela-eta Leire Kareaga artista eta Dibujo Eskolako irakasleak egin duen kartela aurkeztu da. Kartelak bonbek birrindutako Eibar hura jartzen digu begien aurrean.