Dantzaren Nazioarteko Eguna ostiralean egingo da Eibarren

Dantzaren Nazioarteko Eguna aurkezteko egin den prentsaurrekoaren argazkia.

Dantzaren Nazioarteko Eguna aurkezteko egin den prentsaurrekoaren argazkia.

2024/04/24

Jaia ostiral honetan egingo da, apirilak 26, eta hamaika taldek hartuko dute parte herriko hainbat tokitan. Jardunaldiaren helburua da Eibarko akademiek eta eskolek eskaintzen dituzten estiloen aberastasuna ezagutaraztea, eta formazio-, sorkuntza-, interpretazio- eta -promozio-lanak balioan jartzea.

Azken urteetan, herriko dantza-eskolek eta akademiek hainbat jarduera egin dituzte Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Ekitaldi horiek kalean egin izan dira beti, herriko parke, plaza eta beste espazio batzuetan..

Apirilaren 29a da Dantzaren Nazioarteko Eguna. UNESCOk 1982an ezarri zuen data hori, Nazioarteko Antzerki Institutuaren (ITI/UNESCO) Dantzaren Nazioarteko Batzordearen ekimenez. Egun horretan jaio zen-eta Jean-Georges Noverre, arte horren koreografo, berritzaile eta ikerlaria, ballet modernoaren aitatzat hartzen dena.  Ospakizunaren helburua da parte hartzea bultzatzea eta dantzaren heziketa sustatzea, mundu osoan egiten diren ekitaldi eta jaialdien bidez. UNESCOk ITI entitatea eta Dantzaren Nazioarteko Batzordea aitortzen ditu ekitaldi honen sortzaile eta antolatzaile gisa.

Iaz, Dantzaren Eguna ospatzeko espazio publikoak okupatzeko eskabide pila bat jaso zituen Udalak, eta, horregatik, proposatu zuen ospakizun bateratu bat egitea Urkizu-Amaña ardatzean zehar, herriko hainbat puntutatik igarota: Errebal, Anbulatorioko parkea, Toribio Etxebarria, Untzaga, Ego-gain, eta José Zugastiren “Formen Dantza” eskultura. Deialdi ireki bat egin zen talde, eskola eta akademiekin, beren lana erakuts zezaten herriko toki ezberdinetan. Zortzi taldek parte hartu zuten eta eguna Untzaga plazan amaitu zen, Eibarko Mugi Panderoa taldearekin. Talde guztiek adierazi zuten kultura-ekimenari jarraipena emateko nahia.

Aurten ere eskema bera errepikatuko da. Dantza-eskolek eta akademiek emanaldiak emango dituzte Amaña eta Errebal arteko toki ezberdinetan. Talde hauek parte hartuko dute: Kezka, Koa, Biraka, Untzagako Jubilatuen Etxea, Beheko Tokia, Ballet Eibarrés, Kaxa, Neledantza, Flamenco, Pagatxa eta Kubako Saltsa. 20:30ean erromeria bat egingo da LAKET taldearen eskutik, eta dantzan egin nahi duten guztiak daude gonbidatuta.