Aurten ere osasun-krisiaren ondorioz bertan behera geratuko dira Sanjuanak

Jon Iraola alkatea (eskuman) eta José Luis González "Poxpolo" kultur teknikaria.

Jon Iraola alkatea (eskuman) eta José Luis González "Poxpolo" kultur teknikaria.

2021/05/26

Jaiak ez dira ospatuko pandemiaren aurretik egiten ziren bezala, baina San Juanetako ekitaldi esanguratsuenak egingo dira, egungo baldintzetara egokituta. Jaien testuinguruan eta laster uda datorrela-eta, Udalak kultur programazio bat egin du ekainerako eta uztailerako.

Eibarko Udalak San Juanetako jaiak bertan behera lagatzeko erabakia hartu du bigarren urtez jarraian, Covid-19aren pandemia dela eta; hala ere, jaietako ekitaldi klasiko batzuk egingo dira, formatu murriztuarekin eta osasun-neurrietara egokituta. Hala jakinarazi dute gaur goizean eman duten prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak eta José Luis Gonzalez Kultura saileko teknikariak.

“Nahiz eta iazko urtearekin alderatuta osasun egoera hobea izan, erantzukizunez jokatzea erabaki dugu; beraz, aurten ere ez dugu Sanjuanik ospatuko, pandemiaren aurretik egiten genuen bezala”, adierazi du Iraolak. “Hala ere, ekitaldi batzuk egongo dira, esanguratsuenak, baina formatu murriztuan eta pertsonen pilaketak saihestuz”. Alkatearen arabera “gure asmoa da poliki-poliki, eta hurrengo hilabeteetan, jarduera kultural batzuk kalera ateratzea, betiere bidezkoak diren kontrol-neurriak hartuta".

Iraolak gehitu duenez, “hainbat jarduera prestatu ditugu herriko toki desberdinetan, helburua baita herriko kultur kolektiboei laguntzea eta lehen egiten ziren ekitaldiak, ahal den neurrian, berreskuratzea".

Hala, San Juan egunaren bueltan 4 jarduera egingo dira. Ekainaren 23an, 11:00etan, San Juan Zortzikoa joko du Txistularien Bandak Untzaga Plazan; ondoren, 13:00etan, Coliseo Antzokian Lizarrako Dultzaineroek joko dute, eta emanaldia streaming bidez emango da, iaz bezala.

Ekainaren 24an, eguerdian, Untzaga plazan Txistularien eta Lizarrako Dultzaineroen kontzertua izango da, eta 19:00etan, Coliseoan, soka dantza, Kezka Dantza Taldearen eskutik.

Bestalde, ekainetik uztailera bitartean hogeita hamarren bat kultur ekitaldi programatu dira.

Musikari dagokionez, Cielito Musika Bandak Untzagan joko du (ekainak 13) eta Amañan (ekainak 16). Usartza Txistulari Bandak hainbat kalejira egingo ditu Urkin (ekainak 6), Untzagan (ekainak 23), Urkizun eta Amañan. Ustekabek ere egingo du kalejira bat.

Gainera, uztailaren 2an, Mursegoren emanaldi bat egongo da Coliseoan; uztailean —oraindik ere zehaztu gabe dago eguna—, Deus Ez eta Braulio musika-taldeen emanaldiak izango dira Txaltxazelaiko kioskoan. Uztailean (hilak 9)  Eibarko Koro Gazteak kontzertu bat emango du.

Antzerkiari dagokionez, ekainaren 22an Markeliñe konpainiak ‘Psike’ obra antzeztuko du, ekainaren 24an Barsanti taldeak 'Legea gu gara' obra erakutsiko du. Ekainaren 25ean eta 29an bi kale-ikuskizun egongo dira Klarionen tailerra taldearen eskutik, bata Eibarko aspaldiko paisajeari buruzkoa, eta beste bizikletaren omenezkoa, biak ere herriaren 675. urteurrenaren testuinguruan kokatuak.

Ekainaren 30ean, Urkizun Zirkozaurre konpainiaren emanaldia izango da, uztailaren 6an beste kale-ikuskizun bat egongo da, uztailaren 9an Hika konpainiaren txanda izango da ‘Tonbola antzez’ obrarekin, eta Hortzmuga taldeak ‘Al final del camino’ lana erakutsiko du, azken hau uztailean ere.

Halaber, ekainaren 19rako poesia-emanaldi bat programatu da Txaltxazelaiko kioskoan.

Programazioa osatzeko kurtso amaierako jarduerak egingo dira Coliseoan eta Portaleko erakusketa-aretoetan, non Nele Dantza, Ballet Eibarrés, Biraka eta Kezka dantza-taldeek parte hartuko duten. Dibujo Udal eskolak, halaber, erakusketa egingo du Portalean. Herriko musika-taldeek ere joko dute, hala nola Jainaga eta Narbaiza eta Mugi Panderoa taldeek, eta 'rap oilarren borroka' bat ere egongo da, hip hop talde baten lankidetzarekin antolatua. Guztira, orain arte, 33 jarduera zehaztu dira ekainerako eta uztailerako.

Programazio hau aurrera eramateko, osasun-segurtasuneko neurri batzuk hartu dira. Beharrezkoa izango da maskara erabiltzea ikuskizun guztietan, eta publikoak eserita egon beharko du emanaldi osoan zehar, pertsonen arteko 1,5 metroko tartea gordez, baita aretora sartzean ere. 10 urtetik beherako umeek nagusi batek lagunduta egon beharko dute eta, behin ikuskizuna amaituta, ikusleek beren eserlekuetan jarraitu beharko dute eta antolaketako langileen jarraibideei kasu egin.