Dena prest 2025eko Arrateko jaietarako

Tradizioa, musika, kirola eta gastronomia Arrateko Ama Birjinaren omenez. Irailaren 7tik 14ra bitartean, adin guztietarako ekitaldiak egingo dira zelaian.
Beste behin herrian dena dago prest Arrateko jaiak ospatzeko, irailaren 7tik 14ra bitartean. Udalak egitarau zabala diseinatu du, musika, dantza, gastronomia eta herri-kirolak erlijio-tradizioekin uztartuz.
Ospakizunak irailaren 7an hasiko dira, Arrate bezperan. Eguerdian meza eta Salbea izango dira Santutegian, eta herri-kirolak zelaian. Erlijio-ekitaldiaren ondoren, txupinazoarekin batera, elizako kanpaiek joko dute, jaien hasiera ofiziala iragarriz. Arratsaldean, Olabeko zelaian, “Zelaian” izeneko saio elektronikoa egingo da. 21:00etan Bertso Afaria egingo da Tiro Pitxoian, Maider Arregi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia bertsolariekin. Egunari amaiera emateko, rock-kontzertua izango da 22:30ean.
Irailaren 8an, Arrate egunean, urtero bezala, oinez igoko da jendea Azitainetik Santutegiraino, Ama Birjinaren pausoen bidetik. Han, jai-batzordeak salda, txorizoa eta ardoa banatuko ditu Zesteroko iturritik. Ordu berean, Kittonbola egingo da, eta 10:30ean, Usartza Txistulari Bandak giroa animatuko du. Egunaren ekitaldi garrantzitsuena Meza Nagusia izango da, zeinean Kezka Dantza Taldeak eta Usartza Txistulari bandak Arrateko Ama Birjinaren ezpata-dantza interpretatuko duten. Mezaren ostean, irudia prozesioan irtengo da, musikaz, dantzaz, bertsolariz eta agintariz lagunduta.
Eguerdian, Arrateko Ama Birjinaren dantzak egingo dira zelaian, eta ondoren, Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eta German Meabebasterretxearen eta Loidisaletxe bertsolarien emanaldia izango da. Arratsaldean, beste bertso-saio bat izango da, dantza-solte txapelketa hamar bikoterekin, eta alkohol-kontsumoa prebenitzeko kanpaina, Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta. Gainera, Hiru Txirlo Txapelketa (Arrateko Ama Saria) egingo da, Asola Berri Elkarteak antolatua, eta jaiegunari amaiera emateko berbena izango da, Zutik taldearen eskutik.
Ospakizunek irailaren 14an jarraituko dute, Kofradiaren eta Jubilatuen Egunarekin. Goizean, Simon Aldazabal XXX. lasterketa egingo da, Eibarko Klub Deportibotik hasi eta Arrateraino, Orbeko bidetik. 11:00etan Meza Nagusia ospatuko da, Nerea Elustondo eta Millan Telleria bertsolariekin, eta, jarraian, prozesioa egingo da, Usartza Txistularien Bandak lagundurik.
Eguerdian, paella-lehiaketa egingo da zelaian; izena emateko epea zabalik dago irailaren10era arte, udal-webgunean. Aldi berean, frontoian Kaelo memorialaren pilota-partidak jokatuko dira, kadete eta jubenil mailan. Eguerdiko ordu bietan paella-lehiaketako sariak banatuko dira, eta arratsaldean, 17:30eam, idi gazteen erakusketa bat egingo da.
Jon Iraola alkateak jai hauen garrantzia azpimarratu du: "Arrateko jaiak oso festa kuttunak dira eibartarrontzat. Gure tradizioak ospatzeko, partekatzeko eta belaunaldi berriei egun berezi honen balio kultural eta soziala transmititzeko egunak dira”.
Andoni Zabalak, bestalde, egitarauaren dibertsitatea azpimarratu du: "Programa honekin gure nortasunaren onena batzen duena eskaini nahi izan dugu: musika eta dantza tradizionaletik hasi eta gazteentzako pentsatutako ekitaldietaraino (SOBA jaialdi elektronikoa). Adin eta sentsibilitate guztientzako jai bat da”.
Doako autobusen zerbitzu berezia
Jaiak direla eta, Eibarko Udalak doako autobus-zerbitzua indartuko du irailaren 7an eta 8an, Arratera igotzea errazteko eta mugikortasun seguru eta jasangarria bermatzeko.
Igandean, hilak 7, hiru ibilgailuk Eibar eta Arrate lotuko dituzte, etenik gabe, 17:00etatik 22:00etara, eta astelehen goizaldean gaueko zerbitzua egongo da 01:00etatik 08:00etara, 20 minutuko maiztasunarekin. Astelehenean, hilak 8, 10 autobus ibiliko dira etenik gabe, 8:30etik 23:30era; Toribio Etxebarria kaletik irtengo dira.