Arrateko jaietarako doako autobus gehiago jarriko ditu Udalak

Zerbitzua irailaren 7an eta 8an egongo da martxan. Udalak bere gain hartuko du kostu osoa, eta herritarrak bultzatu nahi ditu garraiobide seguru eta jasangarri hau erabiltzera.
Eibarko Udalak berriz ere jarriko du martxan doako bus-zerbitzu bat Arrateko jaiak direla-eta. Ekimen honek Arratera joatea erraztea du helburu, baita herritarren parte-hartzea bultzatu eta mugikortasun seguru eta jasangarria sustatzea ere.
Eibarko alkate Jon Iraolaren hitzetan, “urtero saiatzen gara zerbitzua hobetzen jai hauek herritar guztientzat irisgarriak eta seguruak izan daitezen.”
Zerbitzua irailaren 7an eta 8an emango da, eta guztira 10 autobus izango ditu, gutxienez 50na plazakoak. Irailaren 7an, igandea, hiru ibilgailuk lotuko dituzte Eibar eta Arrate, 17:00etatik 22:00etara, 20 minututik behin. Astelehen goizaldean ere, irailak 8, gaueko zerbitzua egongo da 01:00etatik 08:00etara, 20 minututik behin zirkulatuko duten 3 autobusekin.
Irailaren 8an, astelehena, indartu egingo da zerbitzua: 10 autobus arituko dira etengabean 08:30etik 23:30era. Kasu honetan, maiztasuna aldatu egingo da eskaeraren arabera: autobusak bete ahala jarriko dira martxan, edo, geltokira iritsi eta 15 minutura.
Erabiltzaileek ez dute bidaia ordaindu beharko, Udalak hartuko du-eta bere gain zerbitzuaren kostu osoa. Ohi bezala, autobusak Egogain bus-geltokitik aterako dira, irailaren 8an izan ezik; egun horretan Toribio Etxeberria kaletik abiatuko dira.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak esan duenez, “garraio publikoa funtsezkoa da gure jaietan parte-hartze arduratsu eta jasangarria bultzatzeko. Hortaz, herritar guztiak gonbidatzen ditugu doako zerbitzu eroso hau erabiltzera”.