Eibarko Udala
egoibarra

Euskal kantutegian leku berezia du Arratekoak

2025/09/04
Arrate, 1916. Ojanguren Fondoa. Eibarko Udal Artxiboa.

Asko dira gure zaindari onenari eta inguruari eskainitako abestiak.

Arrateko kantutegia zabala eta aberatsa da. Horrek erakusten du Arrateko Amaren gurtzak izan zuen hedapena eta baita erromeriek garai batean izandako garrantzia. Pertsona askok ikertu dute gai honen inguruan, horien artean Aita Donostia edota Omaechevarria. Baina zalantzarik gabe, Don Polikarpo Larrañaga izan zen Arrateko kantutegia gehien landu eta jorratu zuen pertsonetako bat, bai kantu zaharrak biltzen baita berriak sortzen ere.

Arrateko folklorea betidanik izan da aberatsa eta, esan bezala, hori nabaria da kantutegian, Arrateren eta Arrateko Amaren inguruko kanta ugari baitago. Kondairak dioenez , eibartarrok ez gatoz Paristik, Arratetik baizik, eta halaxe izendatzen zituen, hain zuzen, Toribio Etxeberriak eibartarrak: Arratetikoak (Arratetik datozenak). Ibiltarixanak poema liburuan asko dira azaldutako horri erreferentzia egiten dioten aipamenak.

Ez-dakidan alakoren baten,
izango dot amaittu biarra,
asi neban ibilixa Arraten.

Arrateko santutegia XX. mende hasieran (Ojanguren)Bizitza Arraten sortzen omen da, eta hori kantutegian oso presente dago. Beste ohitura batek dio Arraten sortu direnak Arratera joaten direla ezkongai bila. Kopla zaharretan jasotzen da hau, neskei ezkongaia non topatu abesten dioten txorien kantuetan adibidez. Arrateko Amaren agerraldiaren kondairari erreferentzia egiten dioten kantuak ere badaude, noski. Juan San Martinen Antzinako Eibar liburuan azaltzen denez, Arrateko kantutegiko kopla mamitsu eta zaharrenak ahoz gorde direnak dira, “Arrateko zelaiko/bai floridadea…” hasten diren horiek. Omaechevarriak zioenez, XVI. mendekoak omen dira, eta letra aldaera ugari topatu dira, baita bost musika-doinu ere. 1923ko hitzaldi batean azaldu zuen kanta zahar horien bilduma Polikarpo Larrañagak, ondoren, 1926an, Itzaldiak izeneko liburuxkan argitaratu zena.

Esan bezala, Arratek leku pribilegiatua du gure tradizio eta folklorean, horren erakusgarri ahoz zein idatziz gaur egunera arte iritsi diren kopla eta kantuak izanik.

Honen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, webgune honetan Juan San Martinen Antzinako Eibar liburua kontsulta daiteke. Bertan, kantu eta kopla ugariren adibideak daude.