Eibarko Udala
kultura

Aurten ere, Liburu- eta Disko-Azoka egingo da Eibarren azaroaren 13tik 22ra bitartean

2026/11/13
Liburu eta Disko Azokaren aurkezpena.
Liburu eta Disko Azokaren aurkezpena.

15 liburu-denda eta argitaletxe egongo dira Untzaga plazan, «Gerrako literatura: 1936-2026» erakusketarekin batera. Programazioaren barruan, topaketak eta sinadura-saioak ere egongo dira hainbat idazleren eskutik (Javier Sagastiberri, Haizea Lopez Liss, Aritza Bergara eta Elena Fernandez).

Liburuak eta irakurketa kultur jardueraren erdigunean jarriko dira berriro ere Eibarren, azaroaren 13tik 22ra, Liburu eta Disko Azokaren aurtengo edizioarekin. Hamar egunez, Untzagan elkartuko dira liburu-dendak, argitaletxeak, idazleak eta irakurleak elkartuko dira, literatura herritarrei hurbiltzea eta argitalpen berriak aurkitzeko eta egileak gertutik ezagutzeko aukera ematea helburu duen hitzorduan.

Euskadiko Liburu Ganberak antolatu du aurten 15 postu izango dituen azoka. Parte hartuko duten liburu-denda eta argitaletxeen artean daude Erein, Elkar, Iñaki, Jakinbide, Kale Book, Artia, Txalaparta, Haritza eta Bipilki, hainbat izenburu eta argitalpen-nobedade jarriko dituztenak publikoaren eskura. Saltokiak egunero egongo dira zabalik, goizez 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez 17:00etatik 20:30era.

Aurtengo edizioan, jendea erakartzeko asmoz, hainbat idazlek hartuko dute parte zuzenean topaketa eta sinatze-saioetan. Iragarritako egileen artean daude Javier Sagastiberri, Haizea Lopez Liss, Aritza Bergara eta Elena Fernandez. Saio horiei esker, irakurleek aukera izango dute haien lanetara hurbiltzeko, egileekin hitz egiteko eta sinatutako aleak eskuratzeko, eta, hala,  idazten dutenen eta irakurketaz gozatzen dutenen arteko zuzeneko truke-gune bihurtuko da azoka.

Memoria historikoarekin lotutako proposamen berezi bat ere izango da egitarauan: Azokaren esparruan bertan jarriko duten «Gerrako literatura: 1936-2026» erakusketa. Gerra Zibilarekin lotutako literaturari buruzkoa izango da, eta garai historiko hori ikuspegi desberdinetatik jorratu duten lanen ibilbidea eskainiko du. Literaturak memoria gordetzeko, iragana ulertzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko tresna gisa duen zeregina nabarmentzen duen proposamena da.

Jon Iraola alkateak azpimarratu du garrantzitsua dela herritar guztientzat irekiak eta irisgarriak diren kultur-guneak izaten jarraitzea: «Liburu eta Disko Azoka liburuak erosteko espazio bat baino askoz gehiago da. Literaturarekin topo egiteko, autore berriak deskubritzeko, esperientziak partekatzeko eta kultura gure kaleetara hurbiltzeko aukera ere bada. Eguneroko bizitzan Eibarrek kulturak presentzia izaten jarraitzea nahi dugu, eta irakurle berriak egitea belaunaldi gazteenen artean, betidanik irakurri dutenekiko lotura galdu gabe».

Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak aurtengo edizioak biltzen dituen proposamenen aniztasuna nabarmendu du: «Hainbat liburu-denda eta argitaletxek parte hartzeak, idazleekin egindako topaketek eta Gerra Zibileko literaturari eskainitako erakusketak liburuetara hurbiltzeko hainbat modu eskaintzen dizkigute. Gainera, garrantzitsua da proposamen hauek Untzaga bezalako erdialdeko toki irisgarri batean egitea. Udalean lanean jarraituko dugu kultura publiko guztiengana iritsi dadin eta horrelako ekimenek gure herrian jarraipena izan dezaten».

Liburu eta Disko Azokak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez, eta Eibarko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren (Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren bitartez) eta Euskadiko Editoreen Elkartearen laguntza ere badu.

Eibarko Udalak herritar eta irakurzale guztiak animatu nahi ditu azaroaren 13tik 22ra Untzaga plazako saltokiak bisitatzera eta programatutako jardueretan parte hartzera. Beste aukera bat da liburuez gozatzeko, egileak ezagutzeko eta kultura Eibarko bizitzan funtsezkoa izaten jarraitzeko.

Udal Liburutegia, urte osoan irakurketarekin bat egiteko espazioa

Udal Liburutegitik Liburu Azoka bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu nahi izan da; izan ere, horrelakoek  irakurketa herritarrengana hurbiltzen dute, literatur sorkuntzari ikusgarritasuna ematen diote eta irakurle, idazle, liburu-denda eta argitaletxeen arteko topaguneak sortzen dituzte.

Eibarko Liburutegia oso errotuta dago herriko bizitzan. Gaur egun, 13.771 pertsona daude izena emanda, biztanleriaren ia % 50. Datu hori zerbitzu honen garrantziaren isla da. Gainera, gure lana liburuen maileguaz askoz harago doa, bestelako ekintza ugari antolatzen ditugu-eta urte osoan zehar: helduentzako irakurketa-klubak —euskaraz zein gaztelaniaz—, topaketak idazleekin, haur eta familientzako jarduerak, irakurketa-gidak eta kolaborazioak ikastetxeekin.

Hala ere, irakurketa ez da Liburu Azokarekin batera amaitzen. Espazioak, laguntza eta aukerak behar ditu partekatzeko. Horregatik, azoka hau aukera paregabea da argitalpen berriak deskubritzeko, egileengana hurbiltzeko eta irakurketarekiko interesa pizteko. Gure inguruan idazten dutenei ikusgarritasuna ematea eta Eibarko bizitza kulturala indartzea ere ahalbidetzen du. Izan ere, irakurtzen duen hiri bat ikasten duen hiria da, pentsamendu kritikoa garatzen duena eta mundua ulertzeko tresna gehiago dituena.

Urtarriletik urrira bitarteko Udal Liburutegiaren jarduera ere inplikazio horren erakusgarri da: 85.272 bisita, 28.808 mailegu, 437 bazkide berri eta 2.352 parte-hartzaile erregistratu ditugu antolatutako jardueretan.

Helduen Liburutegian arrakasta gehien izan duten liburuak hauek izan dira: Bernardo Atxagaren Enarak, Han Kangen Ijalea eta Karmele Jaioren Maitasun asegurua, euskaraz;, gaztelaniaz, berriz, Freida McFaddenen La asistenta eta saga horretako hurrengoak. Haur Liburutegian, beste hauek: Eric Carleren Gose bizidun beldarra; Mario Ramosen Neu naiz indartsuena eta Sally Rippinen Bihurrikeria hegaldariak, euskaraz; eta Confuso primer amor, Inazuma Eleven eta Dragon Ball Legend, gaztelaniaz.