Arrakasta handia Eibarko Antzerki Jardunaldietan

8.000 lagunek baino gehiagok gozatu dute herrian eskainitako antzezlanez. Emanaldi askotan sarrera guztiak saldu izana publikoaren fideltasunaren isla da.
Eibarko Antzerki Jardunaldiak, herriko kultura-ekitaldi errotuenetako bat, amaitu dira, jardunaldien arrakasta egiaztatzen duten datuekin: guztira 8.124 lagun hurbildu dira eskaini diren 24 emanaldietara. Horien artean konpainia profesionalen zein zaletuen antzezlanak egon dira, baita antzerkigintzan oinarritutako solasaldiak eta proiekzioak ere.
Edizio honetan, Coliseoan eta Hezkuntza Esparruko Antzokian eskaini dira programazio zabal honetako lanak. Coliseoan egin diren19 emanaldietan 6.801 ikus-entzule egon dira (% 83), eta Unira 1.323 lagun bertaratu dira. Uniko egoitzak balio sinbolikoa du Jardunaldietan, izan ere, han hasi ziren Antzerki Jardunaldiak, duela zenbait hamarkada.
Jon Iraola Eibarko alkateak edizio honen oso balorazio positiboa egin du. “Kopuru hauek Eibarren antzerkiak duen osasun ona adierazteaz gain, gure herritarrek kulturarekin duten konpromisoa ere islatzen dute. Antzerki Jardunaldiak dagoeneko identitate-ikur bat dira, eta elkartzeko, hausnartzeko eta emozionatzeko espazio gisa bultzatzen jarraituko dugu”.
Guztira, 22 konpainiak hartu dute parte, eta haien artean 47 aktore emakumezko eta 51 aktore gizonezko, eta 50 langile inguru aritu dira argiztapen-, soinu eta errejidore-lanetan. Programak euskarazko sei emanaldi —1.652 ikus-entzule— eta gaztelaniazko hemezortzi —6.472 ikus-entzule— eskaini ditu. Horrek bi hizkuntzen arteko oreka erakusten du, eta baita publikoak euskarazko proposamenei emandako erantzun esanguratsua ere.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak publiko berriengana iristeko egiten den lana azpimarratu du: “Ahalegina egin dugu antzerkia jendarteko sektore guztietara hurbiltzeko: batxilergoko ikasleetatik hasi eta euskaltegietan edo kultura-elkarteetan parte-hartzen duten pertsona helduetara. Parte-hartzearen eta kultura-inklusioaren aldeko apustu honek ematen dio zentzua, hain zuzen ere, gure proiektuari”, baieztatu du.
Bestalde, sarreren % 32 Coliseoren lagunak programaren erabiltzaileek eskuratu dituzte, eta horrek Eibarren antzerkiak duen ohiko publikoaren fideltasuna erakusten du.
Jardunaldiak ixteko datu bikainak ditugu aurtengoan. Hala ere, ez da hemen amaitzen Eibarko antzerki-eskaintza. Izan ere, apirilean ere Kultura Sailak programazio zabala eskainiko du, hala nola Dantzaren Eguna —Eibarko kolektiboen parte-hartzearekin— eta Debabarreneko Eskola Antzerkiaren Erakustaldiaren XL. edizioa.