Aratosteak bueltan datozkigu Eibarrera hainbat ekitaldirekin eta inolako murrizketa barik

2023ko Aratosteetako aurkezpenaren irudia.

2023ko Aratosteetako aurkezpenaren irudia.

2023/02/03

Otsailaren 16tik 21era bitartean izango dira ospakizun gehienak: ikastetxeetako kalejira, dantzaldiak eta erromeriak, koadrilen desfilea, kaldereroak, musika-emanaldiak edo umeentzako jolasak. Aurrez, otsailaren 11n, zapatuan, Koko–dantzan eta Koko–eskean ibiliko da Kezka dantza-taldea. Aurtengo jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu da, “Por fin llegó la fiesta” leloa daramana.

Aratosteak Eibarrera itzuliko dira hilabete honetan. Horretarako, Udalak ohiko jarduera guztiak biltzen dituen programa bat prestatu du, Eguen Zuritik (hilaren 16a) Aratoste Martitzenera (hilaren 21a) bitartean egingo direnak. Aurten, inolako murrizketarik gabe egin ahal izango dira.

Gaurko prentsaurrekoan aurkeztu dute programa Jon Iraola Eibarko alkateak eta Patxi Lejardi Kulturako zinegotziak. Ekitaldi berean, Bartzelonako Abel Floridok egindako Aratosteak 2023 kartela eman da ezagutzera. Kartelaren lema “Por fin llegó la fiesta” da eta epaimahai batek aukeratu zuen urtarrilaren 27an. Bestalde, 11 eta 14 urte bitarteko kategorian, Itziar Eiriz Vila (12 urte) izan da irabazlea, "Eibar Road" kartelarekin, eta 10 urte arteko kategorian, Paula Laspiur Kortazar (9 urte), "Aratosteak elizan" kartelarekin".

Aurkezpenean, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du:  “Jai hauekin hasten da urtean zehar herrian egingo diren jai-ospakizunen programazioa”. Ildo horretatik, gogora ekarri du hau ere: “Aurtengo Aratosteak normaltasun osoz egingo dira, aurreko bi edizioetan, pandemiak eragindako murrizketengatik, programa bertan behera utzi edo murriztu ondoren”.

Aratosteetako egun nagusiak heldu baino lehen, otsailaren 11n,  zapatuan, Kezka dantza-taldearen eskutik etorriko dira Koko-Dantzak eta Koko-Eskea. Parte-hartzaileak Errebalen bilduko dira 8:30ean eta, ondoren, 9:00etatik 15:00etara, Gorosta eta Mandiola auzoetan ibiliko dira, baserriz baserri. Iluntzean, 19:00etatik aurrera, Kezka taldekoak, Errebaletik hasita,  Eibarko kaleetan zehar ibiliko dira, Mauxitxa txarangarekin batera. Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalbetoia eta Plaza Barria kaleetan ibili ondoren, 21:00etan, berriz, Errebalen, amaituko dute.

Otsailaren 16an, Eguen Zuri egunean, Eibarko eskoletako taldeen kalejira izango da, 15:15ean hasita. Ondoren, 17:00etan, kalejira izango da Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin, Urkizutik Untzagara. Gainera, Lisker taldearen eskutik, erromeria izango da 17:00etatik aurrera, Errebalen, eta 17:00etatik 19:00etara, makillaje- eta maskara-tailerrak egongo dira Errebalen, Astixa animazio-zerbitzuarekin.

Hurrengo egunean, Aratuste Barixakuan, egun horretan beti egiten den ekitaldi nagusiena izango da, Kaldereroen kalejira. 20:00etan abiatuko da, Urkizun hasi eta Untzagaraino, eta bertan Eibarko talde hauek hartuko dute parte: Kezka Dantza Taldea, …Eta kitto!, Txolarte, Ustekabe, Juan Bautista Musika Eskolako trikitilariak, Lagun Taldea, Untzagako Jubilatuen etxeko korua, Kaleetan Kantuz eta Jainagaren trikiti-eskolak. Eguna amaitzeko Aratosteetako pregoia irakurriko da, 20:30ean, Errebalen, … eta kitto! Euskara Elkarteak eta Kezka Dantza Taldeak antolatuta.

Egun horretan bertan, otsailaren 17an, arratsaldez, ondoen apaindutako taberna-lehiaketarako izena eman duten establezimenduetatik pasatuko da epaimahaia. Lehiaketan parte hartzeko izen-emateak hilaren 17ra arte egin daitezke, esteka honetan: https://formularioak.eibar.eus/eu/ondoenapaindutakotaberna2023-01.   

Zapatu Erregularreko ospakizunak 12:30ean hasiko dira Eibarko kaleetan izango diren kaleko rock emanaldiekin. Ordu berean, koadrilen desfilea hasiko da Ustekabe taldearen doinupean eta Untzaga, Kalbetoia, Bidebarrieta, Julián Etxeberria eta Toribio Etxebarria kaleetan zehar ibiliko dira. Desfilean parte hartzeko izen-emateak otsailaren 16ra arte egin daitezke. 12:30etik 14:30era photocalla izango da Untzaga plazan.

Arratsaldean, 18:00etan, mozorro-lehiaketa egingo da Galiziako Etxean. Era berean, 19:00etatik 21:00etara, umeentzako berbena izango da Errebalen, Luhartz taldearekin; 19:30ean, Errebal Plazia eraikinean, koadrilen desfilearen, kartel-lehiaketaren eta ondoen apaindutako tabernen sariak emango dira; 19:00etatik 21:00etara, photocall-saio berria izango da Errebalen; 19:00etan, kaleko animazioa, Rock Brass Band taldearekin; eta 23:00etatik 01:00etara, dantzaldia Luhartz taldearekin.

Bestalde, Aratoste Domekan, kalejira egingo da, 11:00etan, Usartza txistulari-bandarekin. Arratsaldean, 17:00etan, LHko bosgarren eta seigarren mailetako ikasleentzako playback-lehiaketa izango da, … eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta, eta 18:30ean Arno disc-jockeya arituko da Errebal Plazan.

Jaiak Aratoste Martitzenean amaituko dira, hilaren 21ean, eta umeentzako jolasak izango dira 17:00etatik 18:30era Errebalen; sardina ‘txikiaren’ hileta-ekitaldia, Jainagaren trikitilari-taldearekin lagunduta (18:30ean hasiko da); eta umeentzako diskoteka, Errebalen, Arima Cool Tourrekin, 19:00etan.