Alfa enpresaren mendeurrena ospatzeko erakusketa hartuko du Portaleak urriaren 25era arte

Alfa enpresaren irudia.

Alfa enpresaren irudia.

2020/09/22

Erakusketan bidai bat egiten da kooperatibismoaren aitzindari izan den enpresaren historian eta urte horietan guztietan izan diren alternatiba, egokitzapen eta produktu berrietan zehar. Enpresak Eibar eta Euskal Herriaren mugak gainditzen ditu. Armagintzaren Museoak antolatu du erakusketa, Alfaren lankidetzarekin batera, eta urriaren 25era arte bisitatu ahal izango da.

Eibarko Alfa enpresa historikoaren (1920-2020) mendeurrena dela-eta, datorren ostiraletik aurrera, irailak 25, Portalea aretoan erakusketa bat zabalduko da, kooperatibismoan aitzindaria izan den enpresa baten ehun urteotako ondarea, historia eta eboluzioa azalduko dituena.

‘Errebolberretik josteko makinara eta josteko makinatik nekazaritza-makineriara, ziklomotorrera, artera, aeronautikara…’ izenburupean, ALFA 1920-2020 erakusketak alternatiba berriez, egokitzapenez eta produktu berrien bilaketez betetako ehun urte erakutsiko ditu. Armagintza Museoak antolatua, Alfa enpresaren beraren lankidetzarekin, urriaren 25era arte bisitatu ahalko da Portalean, asteartetik igandera, 18:30etik 20:30era.

Segurtasun-neurriak direla-eta, aforoa kontrolatua izango da, eta ezingo dira 100 lagun baino gehiago egon aldi berean.  

Bisitariak Alfaren eboluzioa ezagutu ahalko du, eta gaur egungo enpresa-talde handia bilakatu arte zein izan den haren ibilbidea jakin. Sasoi batean, 1.600 langile baino gehiago izan zituen eta Eibarko bizitzaren motor sozial eta ekonomikoa izan den enpresa honen hainbat ñabardura ezagutu ahal izango dira bertan, eta, jakina, haren produktu enblematikoena, josteko makina, mundu osoan ezaguna eta aitortua.

Erakusketa ikusteaz gain, bisitariek tailer batean parte hartzeko aukera izango dute joskintza eta artea bateratuko dituena. Tailerra Alfako muralean dago oinarritua: “Alfak josiko du garai batean basoa, artaldea, minerala, harra edo landarea izan zena”.  Larunbatetan izango da, irailaren 26an, urriaren 3an eta 17an, 18:30etik 20:30era. Nahiz eta ez izan beharrezkoa aurretik izena ematea, pertsona batek kontrolatuko du aforoa.